Page 1


Copyright © 2019 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2019 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2019 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo, Eva Aranzadi Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Lurpeko bizilagunak Zenbakia: 6 Lehen argitalpena: 2019ko azaroa Xarpa Books ISBN: 978-84-121093-1-3 Lege gordailua: SS-1074-2019 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Lurpeko bizilagunak Ilustrazioak Testua Patricia PĂŠrez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Lurretik hainbat argiurtetara, esmeralda-koloreko mundu eder bateko izakiek kezkaz ikusten zuten beren planeta-sistemako izarra nola ari zen etengabe handitzen, sistema osoa desagerrarazteko arriskuan jartzen. Oraindik milaka urte batzuk falta ziren horretarako, baina izaki haiek garbi zeukaten beste planeta baten bila abiatzea zutela bizirik irauteko posibilitate bakarra. Horrenbestez, esploratzaileak bidaltzen hasi ziren inguruko sistemetara, non edo han bizitzeko aukera berri bat aurkituko zuten esperantzarekin.


Esploratzaileek harri berde bitxi batzuetan bidaiatzen zuten, eta harri haietako batek Lurra jo zuenean, Twin Cityko bi haur harekin gurutzatu ziren. Harriak bizitza aldatu zien haur haiei, baina baita espazioan hara-hona luzaro ibili ondoren Lurrean bizileku berri bat aurkitu zuten izaki urrutiko haiei ere.


Ustekabeko bisita

Gure aurreko abenturak apur bat jota utziak gintuen denok, batez ere gure arreba txikia, Sara-Li: izan ere, arrebak demonio gaizto bat etxera bidaltzeaz arduratu behar izan zuen, eta hori oso zeregin nekeza da, ez bazenekien ere! Baina ez dago nekerik pizza pare batekin eta loaldi on batekin sendatzen ez denik, eta hor geunden denak, 51 Eremuan, geure saltsetan buru-belarri sartuta berriro. —Uau! Hau mundiala da! 3D efektua oso ondo lortua dago —esan zuen Raulek, errealitate birtualeko betaurrekoak kendu eta Soniari luzatzeaz batera. Sonia eta nire anaia, Oscar, 3Dko grabazio-sistema bat prestatzen arituak ziren. Horretarako, kamera pare bat gehitu zizkioten haiek berek muntatua zuten drone bati (gogoan izango duzunez, ABIA deitzen genion guk: Aireko Behaketarako Ibilgailu Automatikoa).

9


Lehen prototipoa muntatu zutenetik, ABIA etengabe izan zen osatua eta hobetua, eta oraingo hau tramankuluaren hirugarren bertsioa zen. Raul oso pozik zegoen egindako lanarekin. Kamerek grabatutako irudiek 3Dko sentsazio sinestezina sortzen zuten Soniari urtebetetze-egunean oparitu genizkion errealitate birtualeko betaurrekoekin begiratuta. Eta egun batzuk generamatzan jada etxe inguruan probako bideoak grabatzen, Soniak eta Oscarrek, gero, betaurreko haien bidez begiratzeko presta zitzaten. —Ufa! Iruditzen zitzaidan hegan nindoala benetan etxe gainetik. Buruz ezagutzen dut dagoeneko zuen teilatu hori. Beste toki ikusgarriagoren batean

10


egin behar genuke proba —gehitu zuen Raulek, sofan eseriz. —3Dko bideo batzuk jaitsi ditut Internetetik, betaurreko horiekin ikusteko prestatuak, izugarri onak —iragarri zigun Oscarrek, ordenagailuko pantailaren aurrean esertzeaz batera—. Bada bat ur-jauzi batean gertatzen dena: urarekin batera erortzen zarela ematen du benetan. Egon! Segundo batean bilatu eta betaurrekoetan kargatuko dut, zuek ere ikus dezazuen! Oscarrek segundo batzuk eman zituen ordenagailuko pantailan kontzentratuta, eta zerbait egiaztatu zuen gero betaurrekoetan. —Prest! Nor izango da lehena ur-jauzian behera salto egiten? —esan zuen, betaurrekoei goian eusten zien bitartean. —Ni neu! —esan zuen Soniak, Oscarri betaurrekoak eskuetatik kenduta—. Betaurrekoak nireak direnez, neu izango naiz lehena. —Konforme, baina eser zaitez, badaezpada: sentsazioa oso erreala da —ohartarazi zion Oscarrek—. Tori, jarri entzungailuak; haizearen txistu-hotsa ere txundigarria da. Eta itxaron apur bat: ikuskera sinkronizatua aktibatu behar dut, zuk betaurrekoetan ikusiko duzuna guk pantailan ikusi ahal izan dezagun.

11


Oscar ordenagailuan lardaskan zebilen bitartean Soniak entzungailuak eta betaurrekoak jantzi zituen. —Kito! —esan zuen azkenean Oscarrek—. Hemendik aktibatuko dizut bideoa. Bat-batean, ibai-arroila sakon baten airetiko ikuspegiak bete zuen pantaila osoa. Bista ederra izanagatik, niri ez zitzaidan hainbesterako iruditu. Hori bai, Sonia, irudiak 3Dn ikusteko aukera izanda, harri eta zur eginda zegoen. —Uau! Hegan egitearen sentsazioa oso ondo lortua dago! —esan zuen oihuka, entzungailuetan entzuten ari zen haize-hotsaren gainetik hitz egin beharko balu bezala. —Itxaron, hoberena orain dator eta —esan zigun Oscarrek. Apartekorik ezer gertatu ez zen minutu erdi baten ondoren, kamerak eskaintzen zuen ikuspegia beheratzen hasi zen, eta ibaiko ura apartsu inarrosten. Eta bat-batean, ibaia goitik behera amildu zen, hura dena pantailan ikusten ari ginenoi ere ikaragarrizko zirrara eragin zigun jauzi ikusgarri bat eginez. Soniak era biziagoan sentitu bide zuen sentsazio hori, jauzi bat egin baitzuen, erortzeko beldurrez, aulkiari gogor heltzen zion bitartean.

12


—Ufa! 3Dn ikusita, eta soinuarekin, sekulakoa da! —aitortu zuen, betaurrekoak niri uzten zizkidan bitartean.

Baina betaurrekoak janztera nindoala, lorategiko presentzia-detektagailuaren alarma martxan jarri zen 51 Eremuan. Gehienetan, Sara-Lik, Maxik edo amak eragiten zioten nahigabe alarmari, lorategira zerbaiten bila ateratzean, baina oraingo honetan ez zen hori kasua, gure zoritxarrerako. —Kuadrilla, bisita dugu! —oihu egin zigun amak lorategitik. Haren ahotsean bazen zerbait bisita hura gure gustukoa izango ez zela ohartarazten ziguna. Burua leihotik atera orduko, gure susmoak egia bihurtu ziren. Izeba Valeria eta haren alaba Eugenia guri begira genituen, amaren albo banatan jarrita.

13


Valeria osaba Albertoren (hau da, amaren anaia zaharrenaren) emaztea da. Eta arazoa ez zen gaizki edo zakar portatzen zela gurekin, baizik eta haurtxo batzuen moduan tratatzen gintuela beti. Baina Eugenia beste kontu bat zen. Bi hitzetan esateko: gu amorrarazteko aukerarik galtzen ez zuen izorratzaile profesional bat zen, euliak baino gogaikarriagoa. Une horretan, ziur, izugarrizko amorrua sentitzen ariko zen guri behetik gora begira egon beharragatik. Izan ere, izugarri gozatzen zuen guri nagusitasunez begiratuz, berak 16 urte zituela eta gu ume mukizu batzuk baino ez ginela gogoraraziz. Uf! Ez genuen Eugenia 51 Eremura igotzerik nahi, baina amaren begiradak garbi utzi zigun, hitzen beharrik gabe, ez genuela beste aukerarik. Bietako bat: edo gu jaisten ginen, edo bera igotzen zen. Onena lehengusina gure terrenora ekartzea izango zela pentsatu genuen. Gu baino zaharragoa izanagatik, nahiko baldar mugitzen zen, eta eskaileretan gora igotzen eskaini zigun ikuskizunak erabat alaitu zigun eguna. —Kaixo, umetxook! —esan zigun, egindako ahaleginaren ondoren arropa lisatzen zuen bitartean—. Ikusten dudanez, etxetxotan jolasten jarraitzen duzue zuhaitz gainean ere, ezta? —esan zuen, lehen unetik bertatik gu izorratzeko ohiturari eutsiz.

14


—Bada, «etxetxo» bat izateko, honaino igotzeak lan pixka bat eman dizu, ezta? Agian zaharregi zaude zuhaitzetan gora ibiltzeko. Lasai, beste egun batean, garaiz abisatzen badiguzu, kulunkaulki bat jarriko dizugu sarreran —kontraeraso zion Oscarrek, gupidarik gabe, ordenagailuko pantailan kontzentratuta egotearen itxurak eginez, lehengusinari begiratu ere egin gabe. Biak ezagututa banekien iluntzera arte egon zitezkeela horrela, baina lehengusina ordu gutxi batzuetarako etorria zela kontuan hartuta ez zuen merezi denbora guztia borrokan pasatzeak. Beraz, gaia aldatzeko zerbaitetan pentsatzen saiatu nintzen, baina Eugeniak aurrea hartu zidan, izorratzeko asmoz berriz ere. —Hara! Errealitate birtualeko betaurrekoak dira, ezta? —galdetu zuen, mahai gainean utziak nituen betaurrekoak seinalatuz—. Bo! Merkatuko modelorik txarrenak aukeratu dituzue! —Kamera-sistema bat probatzen ari gara, 3Dn grabatutako bideoak betaurrekoetan ikusteko —azaldu zion Soniak, iruzkinagatik apur bat minduta. Gure lehengusina honek talentu berezia zuen lagunak egiteko. —Bai zera! 3Dko bideoak grabatzeko sistema bat prestatzen ari zaretela? Hori zeuek ere ez duzue sinesten!

15


—Tira! Sinesten ez baduzu, zuk zeuk ikus dezakezu —erantzun zuen Oscarrek—. Hori bai, kontuan hartu errealismo handiz grabatuta dagoela eta ikusteak zorabioa eragin dezakeela. Gainera, zure adinean, arriskutsua izan daiteke bihotzarentzat —gehitu zuen ironiaz. —Ez da hainbesterako izango! —erantzun zuen Eugeniak bere buruaz ziur, Oscarrek begirada maltzurrez luzatzen zizkion betaurrekoak eta entzungailuak hartzen zituen bitartean. Nik ondo ezagutzen nuen begirada hura, eta banekien ez zigula gauza onik ekarriko.

16


Ur-jauzirantz hegan

Oscar betaurrekoen funtzionamendua azaltzen hasi zitzaion Eugeniari, baina nire lehengusinak berean segitzen zuen. —Betaurreko hauek irudi bana proiektatzen dute begi bakoitzean, 3Dko ikuspegi erreal bat simulatzeko. Bideoa ondo egina badago, errealismo-sentsazioa erabatekoa da —esan zuen Oscarrek serio plantak eginez, Eugeniak susmo txarrik har ez zezan. —Ez hasi niri matraka ematen! Oso ondo dakit zer den errealitate birtuala! —Barka biezat berorren gorentasunak —esan zuen Oscarrek burlati, entzungailuak uzten zizkion bitartean—. Dena dela, eser bedi aulki honetan, badaezpada ere —gehitu zuen gero, guri begi-keinu bat eginez.

17


—Tira, ni prest nago! Noiz hasiko da errealitate birtualeko bideo hori? —marmar egin zuen Eugeniak—. Oraingoz, hemengo errealitate bakarra da seko aspertuta nagoela. —Lasai, kargatzen ari da, berehala hasiko da —esan zuen Oscarrek ahots xaloz, udako sargori egunetan erabiltzen genuen haizagailua lehengusinaren aurrean jartzen zuen bitartean.

Sumatzen hasia nintzen zein izan zitekeen anaiaren asmoa, baina hasiera batean ez zitzaidan sobera arriskutsua iruditu. —Aurrera! Irudiak ikusten eta soinua entzuten hasiko zara orain —esan zuen Oscarrek ordenagailuan «play» sakatuz.

18


Garbi zegoen Eugenia lasai itxura ematen saiatzen ari zela, baina bideoa martxan hasi zenean, Oscarrek martxan jarri zuen haizagailua ere, eta lehengusinak bere burua ibaiaren gainetik hogeita hamar metrora hegan ikusi zuenean, eta haizearen txistua belarrietan entzuten eta aurpegian sumatzen hasi zenean, halako indarrez heldu zion aulkiari, non hatz-muturrak txuri-txuri geratu zitzaizkion, presioaren presioaz. Bistan zegoen halakorik ikusten zuen lehen aldia zela. Bideoan ibaiaren tarte lasaia ageri zen orain, eta lehenengo zirrara pasatuta, bazirudien Eugenia lasaitzen hasia zela, zerbait arindua zuela aulki-besoen gaineko presioa. Bien bitartean, Oscarrek keinu egin zigun aulkiaren alboetan jar gintezen —bi lagun alde bakoitzean—, eta berak esan arte hantxe egoteko eskatu zigun. Bideoa ur-jauziaren zatira iristeko gutxi falta zela, Oscarrek isiltzeko eskatu zigun, eta lauon artean aulkia hartu eta poliki-poliki altxatzen hasteko, Eugeniak ezer ez nabaritzeko moduan. Garbi ikusi nuen orduan zein zen anaiaren gogo bihurriak Eugeniarentzat prestatua zuen plana, eta zin degizut, lehengusina pixka bat hobeto portatu izan balitz, zerbait egingo nuela plan hori zapuzteko,

19


baina orduko hartan bazuen, nik uste, zentzagarri baten beharra. Bi aldiz pentsatu gabe, aulkia poliki altxatu eta airean mantendu genuen lauon artean, lurretik arra betera edo. Bien bitartean, bideoa ur-jauzira hurbilduz zihoan ezinbestean, eta guk nekez ezkuta genezakeen gure konplizitate-irribarrea. Hegaldia beheratzen eta ibaiaren ur zurrunbilotsuetara gerturatzen hasi zenean, Eugeniaren eskuek indarrez tinkatu zituzten berriro aulkiaren besoak. Une horretan, Oscarrek banan-banan begiratu zigun lauroi, seinaleari adi egon gintezen. Aitortu beharra daukat une batez errudun sentitu nintzela, baina jada ez zegoen atzera bueltarik: bideoa bere amaierara iristen ari zen, urak jauzi egiten zuen lekura. Sinkronizazio harrigarriz, gure pantailako irudiak ibaia atzean utzia zuenean, eta betaurrekoak uraren bat-bateko jauzia erakusten ari bide ziren unean, Oscarrek seinalea eman eta guk kolpetik erortzen utzi genuen aulkia. Oscarren burutazioak ezin hobeto funtzionatu zuen. Gure lehengusinak etxetik ere entzun zen oihu bat bota zuen, eta zurbil-zurbil geratu zen. Oscarrek irribarre egin zuen, pozik eta harro, baina besteok elkarri begiratu genion, zer egin oso ondo jakin gabe.

20


Denok ados geunden Eugenia oso zakarra zela, baina uste dut harekin gogorregi jokatu izanaren sentipena nagusitu zitzaigula hiruroi une hartan. Lehengusinak arnasa berreskuratu bezain laster, aulkitik altxatu gabe ere kendu zituen betaurrekoak, ikuskizun lotsagarria eman berri zuela ohartuta. Baina bista berriro enfokatzean ikusi zuen lehen gauza haizagailua izan zen, bere aurrean ufaka artean. Oscarri ahaztu egin zitzaion haizagailua handik eramatea Eugeniak betaurrekoak kendu aurretik. Gure lehengusinak segundo batzuk behar izan zituen bizitako eszena berreraikitzeko, baina gertatutakoaz jabetu zenean, lotsa sumin bihurtu zitzaion,

21


eta, amorruz gorri-gorri eginda, begiradaz birrindu gintuen, aulkitik kolpez altxatuta. —Umemoko hutsak besterik ez zarete! —esan zuen Eugeniak, bere onetik aterata—. Baina hau ez da honela amaituko! Ziur nago hau dena zure ideia izan dela! —orro egin zuen, hatzaz Oscar seinalatuz. Begiradek hilko balute, nire anaia hantxe bertan eroriko zatekeen hilda. Oscar ez zen begirada hari eusteko gauza izan, eta begiak apaldu zituen Eugeniak artean eskuetan zituen betaurrekoetarantz. Huts larria, inondik ere! Lehengusinak horretaz oharturik, zuzenean jo zuen leihora, irribarre maltzur bat ezpainetan. Nik ezin izan nuen ezer egin hura geldiarazteko. —Ez, itxaron! —oihu egin zuen Soniak, bere mugikorra betaurrekoen barruan zegoela jakinda. Baina Eugeniak betaurrekoak hartu eta bere indar guztiekin jaurti zituen lorategira, Soniaren erreguei entzungor eginda. Zoritxarreko betaurrekoek, inolako errurik izan gabe, belar gainean amaitu zuten hegaldia, baina kalterik jasan gabe, itxuraz. Hori ikusita, nire lehengusina areago sutu zen, eta handik lehenbailehen alde egiteko gogoa etorri zitzaion. Amorruz itsu, zuhaitzetik jaisteko tranpola ireki eta jaisten hasi zen, baina presarekin ez zen ohartu

22


Maxiren saskirako erabiltzen genuen soka oin baten inguruan korapilatu zitzaiola. Gertatzear zegoenaz ohartzean, hari abisatzen saiatu ginen, baina ez genuen ahoa irekitzeko ere astirik izan. —Niregana hurbiltzen bazarete, leihotik behera botako zaituztet zuek ere! —ohartarazi gintuen, suminduta, berarengana hurbiltzeko imintzioa egiten ikusi gintuenean. Ez genuen beste ezertarako denborarik izan. Lehenengo bi eskailera mailak jaitsi orduko, soka tenkatu, eta hanka goian geratu zitzaion. Horrek, gehi bere berezko baldarkeriak eta gurekiko haserreak, oreka galarazi zion, eta goitik behera erorarazi zuen. Nire lehengusina buruz behera zintzilik geratu zen, lurretik metro erdira, saltxitxoi baten gisa. —Aaaa! Aska nazazue, astakirtenok! Lagunduuu! —oihu egin zuen etsita. —Eutsi pixka batean, berehala jaitsiko gara zuri laguntzera —esan zuen Soniak, hura lasaitzen saiatzearren—. Soka orain askatzen badugu, sekulako muturrekoa hartuko duzu lurraren kontra. —Askatzeko esan dizuet! —oihu egin zuen Eugeniak, bere onetik aterata, tranpan eroritako animalia bat bezala mugitzen zen bitartean. Baina ez genuen ezer askatzeko beharrik izan.

23


Gorputzaren pisuaren eta astinduen ondorioz, soka zuhaitzeko bere kakotik askatu eta lehengusina buruz behera erori zen lurrera, ama eta izeba lorategira ateratzen ari ziren unean. Gure arreba Sara-Li ere —gelan jolasten ari zen bere lagun Andrearekin— leihora atera zen zer gertatzen zen ikustera. Ai, gureak egin zuen!

24

Profile for Julio Santos

Txano eta Oscar 6 - Lurpeko bizilagunak (Kap.1-2)  

Kaixo! Txano dut izena eta anaia biki bat dut: Oscar. Oroitzen zara gure lehenengo abenturako meteoritoaz? Bada, Antonov irakasleak laborate...

Txano eta Oscar 6 - Lurpeko bizilagunak (Kap.1-2)  

Kaixo! Txano dut izena eta anaia biki bat dut: Oscar. Oroitzen zara gure lehenengo abenturako meteoritoaz? Bada, Antonov irakasleak laborate...

Profile for jsgmendi
Advertisement