Txano eta Oscar 4 - Dogon herriaren sekretua (Kap.1-2)

Page 1


Copyright © 2018 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2018 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2018 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo, Eva Aranzadi Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Dogon herriaren sekretua Zenbakia: 4 Lehen argitalpena: 2018ko azaroa Xarpa Books julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Dogon herriaren sekretua Ilustrazioak Testua Patricia PĂŠrez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Duela ia mila urteko goiz hotz batean, gizon-emakume bikote bat bazihoan, lasai-lasai, Afrikako haran sakon batean barrena. Haraneko hormetan ugari ziren haitzuloak, eta haietako bateraino kostata igo ondoren, gizon-emakume haiek barrura sartu ziren, eta harkaitz handi batekin itxi zuten sarrera.


Lasai abiatu ziren barrurantz, arrokan zulatutako areto batera iritsi arte, eta han, elkarri begiratu, eskutik heldu, eta betiko itxi zituzten begiak. Horraino normaltzat edo nahiko normaltzat jo genezake eszena, bikote horretako gizonezkoa Lurretik hainbat argi-urtetara jaioa zelako ez balitz. Mendeek aurrera egin zuten, eta, denboraren poderioz, orduko gertakari hura kondaira bihurtu zen. Eta gauzak nola diren: patuaren ezusteko baten ondorioz, kondaira hura Twin Cityko haur batzuen belarrietara iritsi zen. Badakizu nor diren haur horiek?



Hegaldi-probak egiten

Uda aurrera zihoan, mantso baina gelditu gabe, eta ondo merezitako atsedenaldi batez gozatzen ari ginen, Jadezko dragoiaren misterioa ondo argituta utzi ondoren. Baina lasaitasun egun batzuen ondotik saltsa eta martxa pixka baten beharra ere sentitzen hasiak ginen. Abentura berri bat bizitzeko aukera noiz sortuko zain, lorategiko zuhaitzean eraikitako etxolan ematen genuen denbora gehiena, han baikenuen kuadrillakook gure kuartel nagusia, guk ÂŤ51 eremuaÂť deitzen genuena. Han, bakoitzak bere gogoko zereginetan jarduten zuen. Arratsalde hartan, Raul eta biok aspertuxeak geunden, zer egin ez genekiela, eta Flash, gure katagorria, lo zetzan, leihoko markoaren kontra kuzkurtuta. Sonia eta Oscar, berriz, sormen-prozesu betebetean sartuta zeuden, burua borborka.

9


Sonia eta Oscar gure taldeko friki teknologikoak dira, eta elkarrekin gozatzeko zaletasun berri bat aurkitu zuten: droneak. Badakizu zer diren droneak, ezta? Urrunetik kontrolatutako hegazkin moduko batzuk, helize askokoak. Soniak eta anaiak ziotenez, gauza askotarako erabil zitezkeen. Han eta hemen kontsultatu ondoren, oinarrizko modelo bat erosi zuten, eta egun batzuk zeramatzaten jada tramankulu gaixoari barrenak ateratzen eta funtzionalitate berriak gehitzen. —Erne mundu guztia! —esan zuen ozen Oscarrek, 51 Eremua jendez gainezka balego bezala—. Prest daukagu gure lehen ABIA! ABIA 1 deituko

10


diogu —gehitu zuen gero, dronea erakusten zigun bitartean, bere esku zabalduaren gainean hartuta. —ABIA? —galdetu zuen Raulek, lagunaren ezusteko berri baterako prest—. Horrek irabiagailu hiperbitaminatu bat ematen du beste ezer baino gehiago. —ABIA, bai: Aireko Behaketarako Ibilgailu Automatikoa —erantzun zuen Oscarrek, ziurtasunez. —Izen ponposo samarra aukeran, ezta? —esan nuen nik, drone gaixoak zer-nolako itxura zuen ikusita, handik eta hemendik dena kablez eta zirkuituz betea—. Nik badut izen aproposago bat aparatu horrentzat: «Tramankulu Hegalari Ezezaguna» —esan nuen, txantxetan. —Egia da nahiko itxura xelebrea daukala —onartu zuen Soniak—, baina hau gure lehen bertsioa besterik ez da. Ondo funtzionatzen duela egiaztatu ondoren, hobekuntza batzuk egingo dizkiogu —gehitu zuen gero, oraindik Oscarren eskuetan zegoen gailutik begiak kendu gabe. —Tira, utz ditzagun berriketak, eta proba dezagun behingoz! —esan zuen Oscarrek serio-serio—. Gailu hau zer egiteko gauza den ikusten duzuenean, bananbanan irentsi beharko dituzue zuen txantxa guztiak. Eta hori esanik, mahai txiki bat leiho azpiraino arrastaka eraman, eta haren gainean jarri zuen

11


ABIA 1a, gailuak azpian zeukan etengailu txikia aktibatu ondoren. Argitxo berde bat piztu zen ibilgailuaren sabelaldean, Oscarrek bere tableta abiarazi zuenean. Orduan, pantailaren inguruan bildu ginen denok. Oscarrek, guztion arreta bereganatu zuelako pozik, botoi bat sakatu zuen pantailan, eta dronearen helizeak biraka hasi ziren, mantso hasieran, eta azkarrago gero, Oscarrek potentzia handitu ahala. Handik segundo gutxira, helizeak abiada batean ari ziren biraka, eta ABIA 1a metro erdi inguru altxatu zen mahaitxotik. Gero, poliki-poliki, leihotik atera eta airean dilindan geratu zen, lorategiko lurretik metro batzuk gora. Oscarrek, orduan, beste botoitxo bat sakatu zuen, eta, istantean, gure etxearen irudi garbi bat azaldu zen tabletaren pantailan. Kamera bat instalatu zuten tramankuluan! Sonia bera ere, horren jakinaren gainean egon arren, harrituta geratu zen irudiaren kalitate ona ikusita. ABIA 1ak aurrera jarraitu zuen, mantso, Oscarren gidaritzapean. Berehala, bigarren solairuaren pareraino igo, gure gelako leihotik sartu, gelan zehar aurrera egin, eta korridorera atera zen.

12


Gure arreba Sara-Li eta haren txakurtxo Maxi jolasean ari ziren beren gelan, eta korridorera atera ziren burrunbatxo hura entzutean. Dronea haien aurretik pasatu zenean, bertatik bertara bezala ikusi genituen haien aurpegiak tabletaren pantailan. Oscarrek ibilgailua birarazi eta eskaileretan behera gidatu zuen gero, maisutasun handiz, maniobran erabat kontzentratuta. Gezurra bazirudien ere, hura zen dronea gidatzen zuen lehen aldia! ABIA 1a eskaileretan behera abiatu zen, Maxik ondo-ondotik jarraitzen ziola, eta sukaldeko atearen aurrean gelditu zen. Atea erdi irekita zegoen. Gure ama han zegoen, janaria prestatzen, eta burua altxatu zuen, harrituta, helizeen burrunba entzutean.

13


Nik, senak aginduta edo, bateriaren karga-adierazleari erreparatu nion orduan: minimoa markatzen zuen. Proba-saioak eragindako emozioaren ondorioz edo, Oscar ez zen konturatu horretaz; eta besteak ere ez, nonbait. Anaiari abisatzen saiatu nintzen. —Aizu, Oscar…! —Ixo, hau oso une delikatua da eta! —eten zidan, esan nahi niona esateko astirik eman gabe. Orduan, bere erakustaldi teknologiko harekin erabat harrotuta, tabletatik hitz egiten hasi zen anaia. —Kaixo, ama! Egin irribarre kamerari! —esan zuen, horretan originaltasun eskasa erakutsiz. —Aizu, Oscar…! —ohartarazi nion bigarrenez. —Egon isilik, mesedez; ezin dut entzun amak zer dioen! —Zer arraio da traste hori? —galdetu zuen amak, susmo txarra hartuta—. Atera ezazu oraintxe bertan sukaldetik, okerren bat gertatu baino lehen —esan zuen gero, bere burua mamorro burrunbari hartatik babesten saiatuz. —Ez kezkatu, amatxo! Dena kontrolpean daukat! —erantzun zuen Oscarrek bozgorailutik, tramankulu hegalaria ama lanean ari zen sukalde-txokoaren gainean kokatu bitartean.

14


—Oscar, bateria —abisatu nion nik. —Lasai, mutil, hogei minutuko autonomia dauka —erantzun zidan anaiak, burua pantailatik altxatu gabe. —Dronearen bateria ez! Tabletarena! —esan nion nik, argitxo gorria seinalatuz. Bai, gertaera hori izan zen hondamendiaren abiapuntua. Tabletaren pantailan, bateria-mailaren argi-adierazlea keinuka hasi zen, eta handik segundo gutxira, itzali egin zen. Segurtasun arrazoiak medio, kontrol-seinalea jasotzeari utziz gero, zegoen tokian lurreratzeko programatuta zegoen dronea. Batere arazorik ez zen izango, baldin eta dronea, une hartan, ama tiramisu baterako pastel-krema prestatzen ari zen ontzi handi baten gain-gainean egon ez balitz. Goitik behera kolpetik amildu, eta, inork ezer egiteko astirik izan baino lehen, plastaaa!, ontzi barrura erori zen dronea, eta pastel-kreman hondoratzen hasi. Hondoratu bitarte horretan, helizeek, indarrez biraka artean, sukaldeko bazter guztietara zabaldu zituzten krema-zipriztinak. Ama gaixoak ahal izan zuen moduan eutsi zion zaparrada likatsuari.

15


Motorrek burrunbaka segitu zuten segundo gutxi batzuk gehiagotan, harik eta, kremak blokeatuta, ez aurrera ez atzera egin ezinik geratu ziren arte. Drone gaixoa, orduan, erabat hondoratu zen pastel-kreman, gainera zetorkigunarekin ezer jakin nahiko ez balu bezala. —Oscaaaaaar! Amaren garrasia argi eta garbi entzun ahal izan genuen zuhaitzeko etxolatik, ez mikrofonoaren ez tabletaren laguntzaren beharrik gabe. Ea nor ausartzen zen orain 51 Eremutik jaisten!

16


Pare bat sorpresa

Zur eta lur geratu ginen, harrituta denak, Oscarren aurpegira begira: zuri-zuri zegoen, sukaldeko pastelkrema bera baino zuriago. Halako batean, ahots ezagun bat entzun genuen lorategian. —Ba al da inor hor goian? Burua leihotik atera eta izeba Laura ikusi genuen. Poltsa bat zeraman eskuan. Ufff! Beharbada, horrek bizia salbatuko zion Oscarri. Ama ez zen ausartuko semea txiki-txiki egiten lekuko baten aurrean, lekuko hori pertsona heldu bat bazen behintzat. —Aupa, kuadrilla! —esan zuen izebak—. Sorpresatxo bat daukat zuentzat. Jaitsi eta erakutsiko dizuet. Ziur nago gustatuko zaizuela. Elkarri begiratu genion, jaitsi ez jaitsi zalantzan, baina jaistekotan, hobe genuen orduan bertan jaitsi, izeba han zegoela aprobetxatuz.

17


Flash bi saltotan lurreratu zen. Gainerakook bananbanan jaitsi ginen eskaileratik, eta izebaren babesera bildu ginen berehala, amaren erreakzioaren beldur. —Hona iristean entzun dudan garrasi beldurgarri hori ez zen, bada, nire ahizparena izango, ezta? —galdetu zuen izebak, Oscarri eta bioi begira. —Bada, baietz uste dut —erantzun nuen nik, Oscarri begira: zurbi-zurbil zegoen oraindik. Une horretan, etxeko atetik, gure ama azaldu zen, atzetik Sara-Li zuela. —Oscar Mediano! —orro egin zuen, begiradaz anaia izoztuta utzita—. Emango didazu arrazoiren bat zu hurrengo 100 urtean zigortuta ez uzteko?

18


Senak aginduta edo, Oscar izebaren atzean ezkutatu zen, eta orduan ohartu zen ama bere ahizparen presentziaz. —Kaixo, Laura! —esan zuen amak, ahizpa han ikusteaz harrituta, eta bi musu ematera hurbildu zitzaion—. Barkatu emandako ikuskizunagatik, baina nire seme hauek nire alderik okerrena ateratzea lortzen dute beti. Zatoz, etorri nirekin sukaldera, eta ikusiko duzu zer egin duten. Sara-Li ere musu ematera hurbildu zen izebarengana, eta etxe barrura abiatu ziren gero hirurak elkarrekin. —Eta zuek, ez pentsa libratu zaretenik —esan zuen gure amak, guregana begira, etxean sartu aurretik—. Hasteko, gaur tiramisurik gabe eta aste bat tabletarik gabe geratuko zarete! Eta hobe duzue sukaldea garbitzen lehenbailehen hasi, izebak eta nik kafea hartzen dugun bitartean. Garbi-garbia ikusi nahi dut dena guk bukatzen dugunerako! Ekin genion, bada, lanari, eta, ordu erdi eskas batean, amaren garbitasun-azterketa horietako bat gainditu ahal izateko bezain garbi zegoen sukaldea. Uda hartan sukaldea garbitu beharra egokitzen zitzaigun bigarren aldia zen hura, beste harako «Burger Combat» ospetsu haren ondoren. Oroitzen zara?

19


—Tira, ez dago gaizki —esan zuen amak, burua atetik sartu eta ingurura begira—. Bizirik utziko zaituztet beste pixka batean —esan zuen, irribarre murritzez eta izebari begi bat kliskatuz—. Bidenabar esanda, izeba Laurak sorpresa bat ekarri du zuentzat, baina zuek pixka bat sufriaraztea pentsatu dugu, eta afaldu arte itxaron beharko duzue sorpresa hori zer den jakiteko. —Arraioaaa! Sukaldea garbitzea ez zaizu aski? —protestatu zuen Oscarrek. —Niregatik balitz bihar arte itxaron beharko zenukete —esan zuen amak, serio jarrita—. Sorpresa izebak berak eman nahi dizuelako libratuko zarete. Baina kontuz ibili gero! —Bale, bale! Itxoingo dugu —esan zuen Oscarrek, amore emanez. Izebak zer ekarri ote zigun jakiteko gogoari eutsi ezinik, Raulek eta Soniak gurekin afaltzen geratzea erabaki zuten, gurasoei baimena eskatu ondoren. Arratsaldearen gainerakoa dronea eroritako ontzitik erreskatatzen eta itsatsita geratutako krema kentzen eman genuen, hegazkina berriro martxan jarri ahal izango genuen esperantzan. Handik gutxira, aita iritsi zen, eta afaltzera eseri ginen denak elkarrekin. Izeba Lauraren sorpresarekin gora eta behera hainbeste komeria ibili

20


ondoren, zer eta, azkenean, aitak eman ezustekoa guri! Izebari jadezko dragoiarekin bizitako abenturaren laburpen bat egin ondoren, serio-serio jarri, garrantzizko zerbait esan behar zigun bakoitzean egin ohi zuen moduan, eta hitza hartu zuen berriro aitak: —Pei-Chenek diamanteak oparitu zizkigunetik, haien inguruan ikertzen aritu naiz pixka bat, eta oso gauza interesgarriak aurkitu ditut —hasi zen esaten—. Badakizue nola kalkulatzen den diamante baten balioa? Bada, lau ezaugarri hauek kontuan hartuta: kolorea, pisua, taillaketa eta purutasuna. Dragoiaren barruan zeuden diamanteak oso puruak ziren, eta taillaketa bikaina. Horregatik ziren hain baliotsuak. Orduan, isilik gelditu zen une batez, aurpegia goibel, berriz hizketan hasi baino lehen: —Baina diamanteen munduak ere badu alde ilun bat —esan zuen—: «odolezko diamanteak» direlakoak, hau da, Afrikan, esklabo gisa lan egitera behartutako pertsonek ibaietatik ateratakoak. —Esklaboak? Benetako esklaboak esan nahi duzu? Erromatarren filmetan azaltzen diren horiek bezalakoak? —Ez bakarrik erromatarren filmetan —erantzun zuen gure aitak—. Esklabotasuna historiaren garai

21


guztietan agertzen den fenomeno bat da, eta, zoritxarrez, bizirik dago oraindik ere munduko hainbat tokitan. Horregatik, zera bururatu zait, gure diamante horietako bat afrikarren alde lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunderen bati ematea.

Eten bat egin zuen orduan, nola erreakzionatzen genuen ikustearren, eta hizketan jarraitu zuen berriro: —Interneten bila ibili naiz eta hauxe topatu dut: Afrikaren Aldeko Lagunak izeneko erakunde bat. Laguntza zentroak ditu Kongon eta Malin, eta baita abegi etxe bat ere hemen bertan, gure hirian. Ondo iruditzen bazaizue, bihar bertan joan gintezke, denok elkarrekin, etxea ezagutzera. Bikain iritzi genion aitaren ideiari, eta bat etorri ginen esatean zorte handiko familia ginela; izan ere,

22


aurreko abentura hartan familiako denok hartu baikenuen parte, Pei-Chenek diamante bana erregalatu zigun gutako bakoitzari. Hori dela eta, gure aldetik egin genezakeen gutxiena aberastasun horren zati bat laguntzaren beharrean zegoen jendearekin partekatzea zen. Sonia eta Raul ere gurekin etortzeko gogoz agertu ziren. Eta gauza bat eta beste, izebaz ahaztu ginen. —Ikusten dudanez, nire sorpresa jada ez zaizue gehiegi interesatzen —esan zuen izeba Laurak, mindu itxurak eginez, mahai gainean zeukan poltsa hartu eta eramateko keinua egiteaz batera. —Ez! Itxoin! —esan zuen Oscarrek—. Jakina interesatzen zaigula! Barkatu izeba, baina aitak diamanteen inguruan kontatu digunarekin erabat ahaztu zaigu zure sorpresa. —Nik uste ilusio handia egingo dizuela —esan zuen, poltsatik DVD bat atera eta bere aurrean jarriz. Aho zabalik begiratu genion guztiok, zer esan ez genekiela. Azkenean, Sonia izan zen lehena hitz egiten. —Uau! Benetan dirudien hori da? —galdetu zuen, begiak DVDtik kendu gabe. —Baietz esango nuke —berretsi zuen gure izebak—. Total Eclipse IVaren azken kopia bat da. Hiruzpalau hilabete barru arte ez dugu argitaratuko,

23


baina game-tester-ak bukatzen ari dira dagoeneko beren probak. Izeba Laura lantalde bateko burua zen Clone Vision izeneko bideojoko-enpresa garrantzitsuan, eta bere gain zeukan Total Eclipse jokoaren garapenaren ardura. —Hau probako bertsio bat da. Beraz, ez egin kopiarik eta ez utzi inori ikusten, arriskuan jar baitezaket nire lanpostua —ohartarazi zigun izebak. —Eskerrik askooo! Proba dezakegu oraintxe bertan? —galdetu genuen aho batez, izebari DVDa eskuetatik kentzeaz batera.

24


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.