Txano eta Oscar 3 - Jadezko dragoia (Kap.1-2)

Page 1


Copyright © 2017 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2017 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2017 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo, Eva Aranzadi Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Jadezko dragoia Zenbakia: 3 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Jadezko dragoia Ilustrazioak Testua Patricia PĂŠrez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko.

Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Wudango mendietako monasterio batean, jadezko dragoi eder batek mendeak zeramatzan soto bateko zoko ilun batean ahaztuta. Dragoia kondaira beldurgarri bati lotuta zegoen, baina hura ezagutu zutenak hilak ziren aspaldi, eta jada inork ez zuen gogoan.


Inork inoiz sotoko zoko ilun hari erreparatu izan balio, garbi entzungo zukeen segur aski dragoia lantuka, bere zorte txarragatik negar eta intzirika. Baina egun batean lurrak dar-dar egin zuen Wudangen, eta erreskate taldeak iritsi zirenean, osorik aurkitu zuten dragoia, miraria badirudi ere, monasterioko hondakinen artean. Patuak beste aukera bat eman zion dragoiari, eta Txano eta Oscar han izango ziren, laguntzeko prest.


8


Misterio bila

Bi aste baino gehiago ziren 51 eremua inauguratu genuela. 51 eremua, bai: hala deitu genion lorategiko zuhaitz gainean eraiki genuen etxolari, gure kuartel nagusiari. 51 eremua egurrezko txabola sinple bat zen berez, baina guretzat kuartel nagusi bat zen egiaz, ordenagailu zentral bat eta guzti zeukana —gure aurreko abenturan opari eman ziguten portatil bat—, etxeko wifiaren bidez internetera konektatu ahal genuena. Auzoko bizilagun batzuek botatzeko zeuzkaten altzari batzuk ere eman zizkiguten, eta hala, batzuen eta besteen oparitxoekin, hasieran zena baino askoz ere toki erosoagoa bihurtu genuen gure txabola. Badakizu Sonia eta nire anaia Oscar teknologiaren friki batzuk direla, ezta? Bada, txakurrak erreskatatzeagatik eman ziguten sariaren parte bat

9


alarma-sistema bat ezartzeko erabiltzea erabaki zuten: zuhaitzaren azpian mugimendu bat detektatzean aktibatzen zen alarma. Bi zaintza-kamera txiki ere jarri zituzten, eta haiei esker lorategian gertatzen zen guztia ikusten ahal genuen ordenagailuko pantailaren aurretik mugitu gabe.

Egia esan, ez genuen halakoen behar handirik, lorategia ikusteko aski baikenuen leihotik begiratzea, baina Soniari eta Oscarri ilusio handia egiten zien, eta horregatik jarri genituen.

10


Igogailu moduko bat ere bagenuen, txirrika eta saski batez osatua, gure txakurtxoa, Maxi, zuhaitzera igotzeko. Igo nahi zuenean, zuhaitzaren azpian jarri eta zaunka pare bat egiten zituen txakurrak. Orduan, guk saskia behera bidali eta soka batetik tiraka igotzen genuen gora berriro. Badakit txakurra telepatiaz komunikatzen ahal zela Oscarrekin edo nirekin, baina onartu beharra dago zaunkaren sistema hobea zela, Sonia eta Raul ere jakinaren gainean jartzen zituelako. Flash gure katagorriak ere 51 eremuan ematen zuen egun osoa, Oscarrekin gehienbat, baina zerbaitetan buru-belarri sartuta geundela ikusten zuenean, zuhaitzean gora eta behera ibiltzen entretenitzen zen, edo, bestela, Maxirekin jolasten hasten zen. Soniak eta Oscarrek alarmaren sentsibilitatea doitu behar izan zuten, Flashi lorategira joan-etorri bat egitea bururatzen zitzaion bakoitzean alarma joka has ez zedin. Han goian geundela, batzuetan elkarrekin aritzen ginen lanean, baina beste batzuetan bakoitzak bere gustuko gauzak egiten zituen. Eta nor berean ari zen egun horietako bat zen goiz hura. Sonia ordenagailuaren aurrean eserita zegoen, City Newseko berriak irakurtzen eta gertaera bereziak,

11


guk bertan muturra sartzeko moduko misterioren bat, bilatzen. Raulek ordu luze bat zeraman karta-sorta batekin praktikatzen, magia trikimailu berri baterako bere burua prestatzen. Eta Oscar eta biok beso robotiko artikulatu bat muntatzen ari ginen Lego Technic-eko gure piezekin. —Hiri honetan ez da ezer interesgarririk gertatzen! —purrusta egin zuen Soniak, tarte luze batean egunkariaren web-orria irakurtzen egon ondoren—. Azken asteko albiste guzti-guztiak irakurri ditut, eta aurkitu dugun gauzarik misteriotsuena baserri bateko argi arraro batzuei buruzko berri bat izan da. Geroago jakin denez, auzoko traktorearenak ziren argiak! Horrela ezin misteriorik argitu! —Lasai! —esan zuen Raulek, kartak esku artean erabiltzeari utzi gabe—. Super heroi talde guztiek izaten dituzte lanik gabeko boladak. —Bai! Eta horretaz kexatzen diren bakoitzean, berriro kexatzeko gogoa kentzen dien super gaizkile bat agertzen da beti —esan zuen Oscarrek, burua mahaitik jaso gabe. Horretan, bat-batean, joka hasi zen lorategiko mugimendu-alarma. Ez zen, bada, gure super gaizkile hori izango, guri lana ematera etorria? Esku artean genuena alde batera utzita, leihora atera ginen denok.

12


Ez, bizilagunaren txakurtxoa zen! Egia da noizean behin gure lorategira sartzen zela kaka egitera, baina hori ez zen nahikoa arrazoi super gaizkiletzat hartzeko. Beraz, bakoitza bere zereginetara itzuli zen.

Zain jarraitu beharko genuen. —Tira, agian pasatu egin gara «super heroi» batzuk garela esatean, baina kuartel nagusia, behintzat, badaukagu —esan nuen nik.

13


—Baina kuartel nagusia izatea ez da nahikoa! —esan zuen Soniak, burua ordenagailutik altxatuz. —Tira, gutxi hobe ezer ez baino. Spidermanek berak logela arrunt bat baino ez zeukan —esan zuen Oscarrek. —Super heroi talde bat izan nahi badugu, lagundu beharreko norbait behar dugu, edo argitu beharreko misterio bat, txikitxo bat besterik ez bada ere —esan zuen ziurtasunez Soniak—. Martxa honetan, eskolara bueltatu beharko dugu laster, eta etxerako lan gehien pilatu duten super heroiak izango gara munduan. —Ez da hainbesterako! —bota zion Oscarrek, gure asmakizunaren motorretako bat bere lekuan jartzen zuen bitartean—. Bi hilabete baino gehiago geratzen zaizkigu oraindik! Baietz misterio pila bat aurkitu oporrak amaitu aurretik! Ikusiko duzu! —Ixo, arrazoi izango duzu-eta oraindik! —esan zuen Soniak, begiak pantailatik kendu gabe—. Gure interesekoa izan daitekeen zerbait aurkitu dut oraintxe! Azken esaldi horrek gure arreta erakartzea lortu zuen, eta ordenagailuaren aurrean elkartu ginen denok, Soniak seinalatzen zuen tituluari begira: «Gertaera harrigarriak Twin Cityko museoan» —Albistearen arabera, azken egunotan soinu arraroak entzuten ari dira museoan.

14


—Soinu arraroak? Goseak nagoenean nire tripek egiten dituztenak bezalakoak? —esan zuen Oscarrek, sabela ukituz. —Zure tripak ez dira misterio bat —esan zuen Soniak. —Ez pentsa. Interesgarria litzateke jakitea nola sartzen dituen espageti horiek guztiak hor barruan —gehitu zuen Raulek, eskuekin tripatzar handi bat itxuratuz.

—Tira, ez gaitezen gaitik aldendu! —esan zuen Soniak—. Kontua da soinu horiek ikertzen hasten direnean ez dutela ezer arrarorik aurkitzen. Itxura guztien arabera, arte txinatarrari buruzko erakusketa baterako objektuak ekarri zituztenik ari da gertatzen hori.

15


—Arte txinatarra? —galdetu zuen Oscarrek, limoi bat irentsi izan balu bezalako imintzioa eginez—. Hain interesgarria ere ez da izango. —Ez izan astoa! —esan zion Soniak—. Egunkariaren arabera, inoiz inon erakutsi ez diren zenbait pieza daude tartean, horietako batzuk oso-oso baliotsuak. —Tira! Egia esan, arte txinatarri buruzko erakusketa bat ikustera joateak ez dirudi oso plan dibertigarria —esan zuen Raulek, Soniari begira. Une horretan, alarmak jo zuen berriro. Zerbait mugitzen ari zen zuhaitzaren oinetan. Bizilagunaren txakurra bazen berriro, gurera etortzeko gogoa kenduko nion betiko! —Bazkaltzeko orduaaa! —entzun zen aitaren ahotsa. Eguerdia dagoeneko? Bufff! Gauza baten eta bestearen artean, joana zitzaigun goiz osoa. —Plan zoragarri bat daukat zuentzat! —oihu egin ziguk aitak behetik, gure zain zegoen bitartean—. Arte txinatarrari buruzko erakusketa batera joateko sarrera-txartelak lortu dizkizuet biharko. Gutako inor ez zen hasi pozez saltoka, baina Soniari, hori bai, irribarre txiki bat marraztu zitzaion aurpegian.

16


Dragoiaren kondaira (I) Beste askotan bezala, lagunak gure etxean gelditu ziren bazkaltzen. Behin mahaian eserita, uste dut aita laster konturatu zela arte txinatarrari buruzko erakusketa bat ikustera joatea ez zela guretzat munduko planik onena. Ez dakit lehenago aipatu dudan, baina jakin beharra daukazu gure aitak antigoaleko gauzen denda bat duela eta Ekialdeko artea duela bere zaletasun nagusietako bat. Dena dela, etxean beste inork ez du zaletasun hori, ezta Sara-Lik berak ere, sortzez txinatarra izanagatik. —Ikusten dudanez, erakusketara joateko ideiak ez zaituzte gehiegi erakartzen —esan zuen aitak, bigarren platera jaten hasi berritan—. Kontuan izan behar duzue pieza gehienak oso baliotsuak direla eta horietako batzuk lehenengo aldiz erakutsiko direla jendaurrean.

17


Gu burumakur eta isilik ikusi arren, aitak ez zuen amore ematen. Egoskorra dela dudarik ez dago. —Behin erakusketa amaituta, urte asko joango dira pieza horiek museo batean berriro erakusgai jartzerako. Ez galdu aukera hau! —esan zigun, bere ilusioa guri kutsatu nahian, baina gure artean Sonia zen kasu pixka bat egiten zion bakarra.

—Aita, alferrik ari zara —esan zuen Oscarrek, kontu hartaz nekatzen hasita—. Txartel horiek lehenago amaituko dute zakarrontzian gure eskuetan baino. —Aizu, ez hitz egin besteon izenean! —esan zuen Soniak—. Nik gogo handia dut erakusketa hori ikustera joateko.

18


—Ondo da! —esan zuen aitak, amore emateko itxurak eginez—. Orduan, Soniari bere txartela emango diot eta zuenak beste norbaiti oparituko dizkiot… Ematen zuen aitak amaitua zuela gu konbentzitzeko ahalegina, baina nik ondo ezagutzen nuen ahots-doinu hura eta banekien azken ustekabe bat zuela gordeta guretzat. —Hori bai, pena handia izango da zuek erakusketa ikusi gabe geratzea, jadezko dragoi bitxi bati buruzko kondaira ezagutzeko aukera galduko baituzue, baina tira! Erakusketako piezarik baliotsuena omen da dragoi hori… —Zaude pixka batean —esan zuen Oscarrek—. Kondaira bat diozu? Dragoi bat? Lehenago esatea zenuen! Hori beste gauza bat da! Zer gehiago dakizu dragoi horretaz? —galdetu zuen, losintxari, erakusketako dragoia orain munduko gairik interesgarriena irudituko balitzaio bezala. —Hara, hara! Orain txartelok beharbada ez dute zakarrontzian amaituko, ezta? —esan zuen ironiaz aitak—. Ene, bai berandu egin zaidala! —esan zuen, erlojuari keinu gehiegizkoz begiratuz—. Uste dut dragoiak eta hari buruzko kondairak gauera arte itxaron beharko dutela. Baina, tira, ez dakit; baliteke ordurako txartelek beste norbaiten eskuetan egotea

19


—gehitu zuen gero, modu mingarri samar batean gehitu ere, zutitzen zen bitartean. —Ez, ez, itxaron! —geldiarazi zuen Oscarrek. Gure aita berriro eseri zen, besoak gurutzatuta, bere buruari garrantzia eman nahiz bezala. —Ondo daaa! —esan zuen nire anaiak—. Agian nire jokabidea ez da izan oso… —Oso ona? Oso zuzena? —zehaztu zuen aitak, anaiari esaldia amaitzen utzi gabe. —«Egokia» esan behar nuen… eta sentitzen dut —bukatu zuen esaldia nire anaiak—. Baina utzi hemen txartelak, mesedez. Agian kuku bat egitera joango gara azkenean —gehitu zuen gero, txintxo aurpegia jarrita. —Banekien animatuko zinetela —esan zuen aitak, zutitzeaz batera—. Tira, orain bai, joan beharra daukat. Gauera arte, gazteok! Txartelak hozkailuko atean daude! —Kaka zaharra! Gauera arte ezingo dugu jakin zer dioen kondairak —esan zuen Oscarrek, natillei ekiteaz batera. —Interneten bila dezakegu —esan zuen Soniak—. Hain kondaira interesgarria bada, zerbait agertuko da hari buruz sarean. Mahaia arrapataka jaso ondoren, 51 eremura jo genuen laurok, dragoiari buruzko informazio bila.

20


—Aurkitu dut! —esan zuen pozik Soniak, handik gutxira. Pantailan, titulu hau zeraman web-orri bat ikusi genuen: Jadezko dragoiaren kondaira. Eta irakurtzen hasi ginen:

«Txinako inperioko barne-borrokak zirela eta, Xuanzong enperadorearen buruzagitza arriskuan zegoen garai batean, haren guardiako kapitain gazte batek —Long-Hao kapitainak— haren bizitza salbatu zuen bere sorbaldan jaso zuelarik enperadorearen bihotzera zuzen jaurtitako azkon pozoitu baten ziztada. Xuanzongen medikuek berek artatu zuten kapitaina, eta bizirik ateratzea lortu bazuten ere, pozoiak, hain zen indartsua, arrasto nabarmenak utzi zituen

21


betiko haren gorputzean. Sendatzen hilabete batzuk eman ondoren, azkenean kapitainak uko egin behar izan zion soldadutzari, mugitzeko zituen zailtasunak zirela eta. Egindako balentria eskertu nahirik, enperadoreak jauregi handi bat eskaini zion saritzat kapitainari, eta bi kutxa jarri zizkion aurrean, haien artean bat aukera zezan.

22


Enperadoreak biak zabaldu zituen: urrezko txanponek gainezka egiteraino betetzen zuten lehenengo kutxa; bestean, jade harrian landutako dragoi baten irudi bat zegoen. Dragoi hura inork inoiz egindako irudirik ederrena zen, eta enperadoreak kutxatik ateratzeko agindu zien mirabeei, Long-Haok behar bezala miretsi ahal izan zezan. Berehala, kapitain gaztea liluratuta gelditu zen dragoiaren begi beltzekin, bere begirada haietatik aldendu ezinik. Dragoiak bere azpian zeukan euskarrian, testu bat zegoen idatzita oholtxo batean, honela zioena: ÂŤEz du axola zenbateraino den handia kanpoko edertasuna. Soilik begi samur batzuek erakuts diezazukete barneko edertasuna. Eta orduan, dragoiaren mila izarrek argi egingo dute zure begietanÂť. Dragoia izugarri ederra zen, eta bazuen zerbait berezia. Baina beste kutxak hainbesterainoko aberastasunak gordetzen zituen, haiek zuzen erabili eta banatuz gero kapitainaren herria ez baitzen inoiz gehiago pobrezian biziko. Beraz, kutxetako batek kapitainaren herriaren zoriona gordetzen zuen, eta besteak, kapitainaren beraren zoriona. Baina Long-Haok ezin zuen jasan

23


dragoia berriro ez ikustearen ideia, eta uko egin zion urrez beteriko kutxari. Herrira itzuli eta bere jauregian bizitzen jarri zelarik, kapitainak bera eta bere familia bakarrik sar zitekeen gela batean gorde zuen irudia, iltzez eta giltzez itxita. Kapitainak orduak ematen zituen egunero dragoiaren gelan, apurka-apurka bihotza lapurtzen ari zitzaion irudi eder hari begira. Urteekin gizon uzkurra eta fidagaitza bihurtu zen kapitaina, eta gelan sartzea debekatu zien bere familiakoei ere, egun batean dragoia lapurtu nahiko zioten beldur. Gau batean, kapitainaren semeetako batek, dragoia ikusi zuen lehen egunetik hura burutik kendu ezinik bizi baitzen, aitari lotan zegoela giltza lepotik kendu, eta gelan sartu zen, irudia bakarka miretsi nahiz. Zori txarrak nahi izan zuen Long-Hao ikaraz esnatzea eta giltza falta zuela ohartzea. Bere altxor preziatua lapurtuko zioten beldur, ezpata hartu eta dragoia zegoen gelara jo zuen kapitainak. Iritsi zenean, atea irekita ikusi zuen, eta norbait irudiaren aurrean zutik. Bere onetik aterata eta hitzik esan gabe, ezpata altxatu eta alderik alde sartu zion lapurrari. Hau kapitainaren oinetan erori zen, hilzorian.Âť

24


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.