TXIMISTA 2020

Page 23

IRAURGI BERRITZEN Iraurgi ikastetxeak, bere sorreratik du harremana Iraurgi Berritzenekin (hasiera batean Iraurgi Lantzen). Azken ikasturteetan, maila desberdinetatik ari gara izaten bertako eragile desberdinekin harremana: Zientzia eta Teknologia mintegia, Ekintzailetza, Elkarrekin Eraikitzen proiektua, Orientazioa, Zuzendaritza…. Baina zer da zehazki Iraurgi Berritzen eta zein eratako lankidetza dute Iraurgirekin? Hau argitzeko, bertako bultzatzaile diren Jon Zubizarreta eta Iosu Sorazuri (Iraurgi Berritzen-eko teknikariak) galderatxo batzuk luzatu nahi izan dizkiegu: 1. Iraurgi Berritzen ezagutzen ez duenarentzat, zer dela esango zenukete? Zein da zehazki zuen lana? Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko udalek eskualdeko garapen eta berrikuntza sustatzeko duten erakundea da. Egunerokotasunean, eragile ezberdinekin lan egiten du. Besteak beste, enpresa, ikastetxe, merkatari elkarte, turismo nahiz Jon Zubizarreta eta Iosu Sorazu enplegu eragileekin, etab. Hauekin gertutik lan egin eta beharren araberako lan lerro eta proiektuak garatzeaz arduratzen da. Era berean, norbanakoei ere zenbait zerbitzu eskaintzeaz arduratzen da erakundea. Besteak beste, enplegu eta orientazio zerbitzua, enpresa ekimenak abian jartzeko laguntza zerbitzua edota Loiolako turismo bulegoa azpimarratu daitezke. 2. Zein harreman duzue Iraurgi ikastetxearekin? Nolakoa da harreman hau? Iraurgi ikastetxearekin egunerokotasunean dugu harremana eta oso gertukoa dela esan daiteke. Oro har, DBH eta Batxiler maila duten ikastetxeekin dugu harreman gehien, ikastetxe hauetako zuzendariekin lankidetza gune bat egituratua baitugu duela 8 urtetik eta Iraurgi ikastetxeak modu aktiboan hartzen du bertan parte. Gune honetan, eskualdeko ikastetxeek amankomunean dituzten beharrak identifikatu eta elkarrekin ekintza ezberdinak abian jartzen saiatzen gara. Era berean, gune honek, eskualdeko ikastetxe eta eragile ezberdinen (enpresa, udal, merkatari elkarte…) arteko harremana asko lantzea ahalbidetu du azken urteetan. 3. Azken hilabeteak eta datozenak ekonomikoki zailak izango direla dirudi, zein da zuen ikuspegia Iraurgi Berritzenetik gure bailararekiko? Enplegu arloan, langabezian lehen ondorioak ikusten hasi garen arren, garaiz da oraindik krisi egoera honek eskualdean izango duen iraupena eta eragina neurtzeko. Gaur gaurkoz ziurgabetasuna handia da. Gainera, bizi dugun egoera ekonomiko honek bere oinarrian osasun arrazoiak ditu eta honen bilakaerak nabarmen eragingo du ekonomian. 4. Ikasturte honetan elkar lanean egitekoak genituen hainbat proiektu bertan behera geratu dira, datorren ikasturtean jarraipena izateko moduan izango garela uste al duzue? Osasun krisiak ikasturte honetarako genuen plangintza hankaz gora jarri du, eta osasun neurriak medio, zenbait ekintza bertan behera utzi beharrean izan gara. Datorren ikasturte hasieran, ikastetxeekin dugun lankidetza gunean egoera aztertu eta honen arabera egin beharreko aldaketak erabakiko dira. 5. Iraurgi ikastetxearekin lanean hasi zinetenetik ze aldaketa somatu dituzue? Azken urteetan, oro har, ikastetxeetan aldaketa eta berrikuntza ugari ikusi ahal izan dugu. Zentzu horretan, Iraurgi ikastetxeak ere ahalegin handia egin du egun gizarteak dituen erronka ezberdinei ahalik eta egokien erantzun ahal izateko. Irakaskuntza metodologietan esaterako, aldaketa nabarmenak ikusi ditugu azken ikasturteetan. Besteak beste, proiektuen bidez lan egiteak edo IKT-en erabilerak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu irakaskuntzara eta Iraurgira. 6. Zer gehiago eskatuko zenieke ikastetxeei edo tokatzen zaien erakundeei, zuen proposamen edo erronkei hobeto erantzun ahal izateko? Erronka ugari izango ditu gizarteak datozen urteetan… Adibidez, Agenda 2030-ek garapen jasangarrirako 17 helburu proposatzen ditu. Bizpahiru aipatzearren, aldaketa klimatikoa eta ingurugiroaren zaintza, genero parekidetasuna, edota bazterkeria soziala desagerraraztea aipa ditzakegu. Erronka hauei gizarte moduan aurre egingo badiegu ezinbestekoa izango da eragile ezberdinen arteko elkarlana indartu eta bakoitza bere esparruan pixkanaka eragiten hastea. Beste ezer gehitzeko…. Ezer gutxi gehitzeko, Iraurgi ikastetxea eta bere lan taldeari eskerrak eman eskualdean ditugun lankidetza gune ezberdinetan hain modu aktibo eta eraikitzailean parte hartzeagatik.

23


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.