
1 minute read
7. EUSKADIKO NATURA-INGURUNEAK
Natura-inguruneko elementuak elkarreraginean aritzen dira, eta berezko paisaiak edo natura-inguruneak sortzen dituzte. Euskadin, euskal natura-ingurune kantauriarra eta euskal natura-ingurune mediterraneoa bereizten dira, kantauriar isurialdearen eta isurialde mediterraneoaren arteko banalerroak bereizten dituena.


7.1 Euskal natura-ingurune kantauriarra
Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak hartzen ditu, kantauriar isurialdearen eta isurialde mediterraneoaren arteko banalerroaren iparraldean.
• Erliebea malkartsua da, Euskal mendietako mendi-eremu handiak baitaude. Eremu lauak lur-zerrenda estuak dira, eta kostaldeko zenbait sektoretan eta mendi-sistemetako haran edo sakonuneetan daude.
• Eremu horretako klima hezea da. Bi mota daude:
– Klima ozeanikoa. Prezipitazio ugariak eta erregularrak, eta batez besteko tenperatura moderatua.
Mendiko klima, 1 000 metrotik gorako eremuetan, isurialdeen banalerroan. Hor prezipitazioak urteko 1 000 mm-tik gorakoak dira eta batez besteko tenperatura baxua da.
• Urei dagokienez, kantauriar isurialdeko ibaiak sartzen dira hor, hala nola Nerbioi, Deba eta Bidasoa. Ezaugarri hauek dituzte: ibilbide laburra, malda handia eta emari handia dituzte, arroak txikiak dira, eta eurierregimena ozeanikoa da.
• Eremu horretako berezko landaredia baso hostoerorkorrek (haritzak, pagoak eta gaztainondoak), otalurrak eta belardiek osatzen dute.
• Hauek dira lurzoru nagusiak: kareharrizko lur arrea kareharrizko harkaiztegian, eta lur arre hezea harkaiztegi silizioetan.
7.2 Euskal natura-ingurune mediterraneoa
Kantauriar isurialdearen eta isurialde mediterraneoaren arteko banalerroaren hegoaldeko Arabako lurraldea hartzen du.
• Erliebean, eremu lauak eta menditsuak txandakatzen dira: Kantauriar isurialdearen eta isurialde mediterraneoaren arteko banalerroaren hegoaldea, Arabako Lautada, hegoaldeko mendilerroak eta Ebroren sakonuneko lur lauak (Arabako Errioxa)
• Bi klima mota nagusi bereizten dira.
– Trantsizioko klima ozeanikoa, Arabako Lautadan. Prezipitazioak moderatuak dira, eta urteko batez besteko tenperatura, freskoa.
– Klima mediterraneo kontinentala, Ebroren sakonuneko lurretan. Prezipitazioak urriak dira eta, udan, lehorte handia izaten da. Tenperaturei dagokienez, kontraste termiko handiak daude negutik udara.
• Urei dagokienez, isurialde mediterraneoko ibaiak nabarmentzen dira, hala nola Ebro eta Zadorra. Isurialde atlantikokoak baino luzeagoak dira eta malda txikiagoa dute, eta emari txikiagoa eta irregularragoa; arroak handiagoak dira, eta euri-erregimena klima mediterraneo kontinentalari dagokiona da.
• Trantsizioko klima ozeanikoko eremuetako berezko landaredia baso mistoa da (pagoak, haritzak, erkametzak, pinu gorriak eta arteak), eta klima mediterraneo kontinentaleko eremukoa, berriz, artea eta sastraka mediterraneoa (makia, garriga eta estepa).
• Lurzoru nagusia kareharrizko lur arrea da.