2 minute read

Klimaren eragina eta arriskuak

Klimak eragina du natura-inguruneko beste elementu batzuetan eta giza jardueretan, eta hondamendiak gertatzeko arriskua dakar berekin.

1. KLIMAREN ERAGINA

1.1 Natura-ingurunean

• Erliebean. Klimaren elementuek egitura geologikoei eragiten diete eta erliebearen formak eratzen dituzte, materialen higaduraren, garraioaren eta sedimentazioaren bidez.

• Uretan. Prezipitazioek eta lehortasunak eragina dute ibaien emarietan eta emari horiek urtean izaten dituzten gorabeheretan ere. Tenperaturek, berriz, zerikusia dute uraren lurrunketarekin.

• Landaredian. Klimak eragina du eratzen diren landaredia-formazioetan —zuhaitzak, zuhaixkak, belarrak—, lurraren landare-estalduran —jarraitua edo sakabanatua— eta landarediak espazioan duen banaketan.

• Lurzoruan. Klima da lurzoruaren eraketan eragiten duten faktore nagusietako bat, tenperaturak eta prezipitazioek arroka ama edo lurzoruaren substratu minerala aldatu eta eraldatzen baitute.

Halaber, klimak eragina du lurzoruaren zenbait ezaugarritan, hala nola lodieran eta azidotasunean.

1.2 Giza jardueretan

• Klimak eragina du populaketan eta habitatean. Aukeran, jendea ez da klima txarreko eremuetan bizi (mendialdeak, muturreko lehorreko eremuak...). Habitatari dagokionez, plubiositate handiko eremuetan, etxe tradizionalen estalkia inklinatua izaten da, eta prezipitazio urri eta irregularreko eremuetan, berriz, laua izaten da.

• Eragin nabarmena du nekazaritzan, labore bakoitzak klima-baldintza jakin batzuk behar baititu. Espainiako lurraldearen zati handi batean, baldintza horiek ez dira oso egokiak: tenperaturei dagokienez, muturrekoak izaten dira zenbaitetan (izotzaldiak edo bero-boladak), eta prezipitazioak, berriz, urriak eta irregularrak dira, eta, sarritan, modu kaltegarrietan erortzen dira (ekaitzak, txingorra...).

Nolanahi ere, badaude tenperatura leuneko eremuak, eta, hor, errentagarritasun handiko nekazaritza-ekoizpenak lortu daitezke.

• Energia-iturri berriztagarriak eta garbiak ematen dizkigu. Haizeari eta intsolazio handiari esker, elektrizitatea ekoitz daiteke zentral eolikoetan eta eguzkizentraletan. Eta Iberiar penintsulako prezipitazio ugariek ibai emaritsu eta erregularrak elikatzen dituzte, hidroelekrizitatea ekoizteko baliatzen direnak.

• Eragina du hirugarren sektoreko zenbait jardueratan. Izotzaldiak, prezipitazio bortitzak eta lainoa kaltegarriak dira garraiorako. Baina zenbait turismo mota kliman oinarritzen dira: eguzki- eta hondartza-turismoa, eta elur-turismoa.

Ariketak

KD, HKK, STEM, KAKK

31 Interneten, lortu klimak natura-ingurunean eta giza jardueretan duen eraginari buruzko irudiak. Gero, idatzi azalpen-oin bat irudi bakoitzerako.

Klima hezeak eragina du landaredian (basoa eta larrediak), etxeetan (bi isuriko teilatuak) eta lehen sektoreko ekonomia-jardueretan (abeltzaintza eta baso-ustiapena).

2. ARRISKU KLIMATIKOAK ETA HAIEN PREBENTZIOA

a) Arrisku klimatiko ohikoenak uholdeak eta lehorteak dira.

• Uholdeak urek normalean hartzen ez dituzten eremuak okupatzea da. Denbora laburrean eroritako prezipitazio bizien ondorioz gertatzen dira, edo elurra bizkor urtzearen ondorioz. Mediterraneo eta Kantauri itsasoen fatxadetan gertatzen dira, batez ere, mendiak kostaldetik gertu daudelako (horrek prezipitazio orografikoak errazten ditu), eta ibai-arroak txikiak eta malda handikoak direlako. Neurri txikiagoan eragiten dute Iberiar penintsulako SWeko lurraldeetan, eta SWeko ekaitzen ondorioz gertatu ohi dira. Uholdeek kalteak eragiten dituzte gizakien eta animalien bizitzan; lurzorua higatzen dute; kalteak eragiten dituzte uztetan, etxebizitzetan eta azpiegituretan (zubiak, errepideak, trenbideak), eta etenak hornikuntza hidroelektrikoan.

Espainiak sistema automatiko bat du uholdeei buruz ohartarazteko. Administrazio publikoek, berriz, uholde-arriskuen ebaluazio- eta kudeaketa-planak egin behar dituzte. Besteak beste, honelako neurriak aplikatzen dituzte: ibilguen leheneratze hidrologiko-forestala, lurraldearen antolamendua, uraldiak iragartzea, babes zibila, eta uholde-eremuen kartografia.

• Lehorteak behin-behineko defizit plubiometriko luzeak dira, lurralde bateko batez besteko prezipitazioekiko. Espainian, latitudearen ondorioz gertatzen dira, erraztu egiten baitute antizikloiak denbora luzez egotea, Penintsulako hegoaldean eta hego-ekialdean, Balearretan eta Kanarietan, batik bat.

Natura-ingurunean, lehorteak gertatzean, ibaien emaria jaisten da, emari ekologikoaren azpitik, eta aintziren eta akuiferoen mailak behera egiten du; elementu kutsatzaileen kontzentrazioak gora egiten du uretan; basoak narriatzen dira, eta sute-arriskuak gora egiten du; eta lurzoruaren higadura areagotzen da. Giza jarduerei dagokienez, lehorteen ondorioz, uztak galtzen dira, uraren hornidurarik eza eta murrizketak izaten dira, eta ekoizpen hidroelektrikoak behera egiten du. Arazo horri aurre egiteko, lehorteen aurkako plan bereziak sortu dira. Planetan proposatutako neurrietako bat uraren eskuragarritasuna areagotzea da, eta, horretarako, ura aurreztea, araztutako ura berrerabiltzea eta ura gatzgabetzea.

b) Beste arrisku klimatiko batzuk dira txingorra, tximista ugariko ekaitzak, hotz-boladak, elur-ekaitzak, bero-boladak eta haize-ekaitzak.

haize-ekaitzak

Lehorteak aire artikoa Galernak

Ariketak STEM, KD, HKK, KPSII, HK, EK

32 Azaldu maparen legendan ageri diren arrisku klimatikoen kausak.

33 Bildu Espainian gertatutako hondamendi klimatikoei buruzko albisteak eta irudiak. Bakoitzean, adierazi data, lekua, kausak eta ondorioak.

34 Ikertu ea zer-nolako eragina duen klima-aldaketak arrisku klimatikoetan.

35 Kontsultatu Aemeten webgunea (aemet.es) eta azaldu nola ematen duten alerta meteorologikoen berri.

This article is from: