
2 minute read
KOOPDS EUSKADI Herramienta de auto-diagnóstico
MUNDUKO LANDAGUNEAK UNESCO ETXEAREKIN ETA KONFEKOOPEKIN BATERA BULTZATUTAKO KOOPDS EUSKADIREN HELBURUA DA KOOPERATIBEK «AUTOEBALUAZIORAKO» LEHEN URRATSA EGITEA, ONDOREN AURRERA EGITEN JARRAITZEKO.
Advertisement
Egungo egoeran, premiazkoa da Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak oso-osorik lantzea. Horixe uste dute Munduko Landaguneak, Unesco Etxeak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (KONFEKOOP). Horregatik, aspalditik ari dira lan horretan, eta urrats irmoak egiten ari dira aurrera egiteko. Kooperatibek, beren izaeragatik beragatik, funtsezko zeregina bete behar dute Nazio Batuen Agenda 2030ean. KOOPDS tresna KONFEKOOPen aplikazio espezifiko gisa sortu da, eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako (GJH) bakoitza lortzeko egindako ekarpena ebaluatzea ahalbidetuko dio kooperatiba bazkide bakoitzari. Joan den martxoaren 24an, tailer bat egin zen eta 10 kooperatibak hartu zuten parte, tresnaren sustatzaileak diren Munduko Landagunearekin, UNESCO Etxearekin eta KONFEKOOPekin batera. Nolanahi ere, tresna hori udazkenerako kooperatiba bazkide guztientzat eskuragarri egotea espero dute erakunde horiek. “Kooperatibek erraz eskuratzeko eta erabiltzeko moduko autodiagnostiko-tresna bat lortu nahi dugu. KONFEKOOPen espezifikotasunera bideratuta eta GJHen inguruko hainbat jomuga eta adierazleri lotuta dagoen galde-sorta sinple bat da”, azaldu du proiektuko teknikari arduradun Maite Corresek (KONFEKOOP). Ekimena Munduko Landagunean sortu zen, GJHen erronkaren aurrean kooperatibismoa familia-nekazaritzaren bermatzaile gisa sustatzeko mundu osoan egindako kanpaina baten barruan. «Euskadin, KONFEKOOPekin hitz egin genuen, eta ikusi genuen kooperatibek Agenda 2030ari dagoeneko egindako ekarpena aitortzeko bidean aurrera egin behar zela, kooperatibei beren ekarpenari buruzko datuak lortzen lagundu behar zitzaiela eta Agenda 2030ean aurrera egitea ahalbidetuko zieten elementuak eskaini behar zitzaizkiela”, azaldu du Munduko Landaguneko zuzendari Laura Lorenzok. Orain arte, proiektuaren hainbat fase egin dira. Fase horiek honako hauek izan dituzte ardatz: lanaren plangintza, KONFEKOOPeko kooperatibei gehien aplika dakizkiekeen jasangarritasun-adierazleen hautaketa, eta galde-sortaren lehen zirriborroa diseinatu eta kontrastatzeko lana. Galde-sorta landu ondoren, hainbat lantegi egingo dira kooperatibekin batera. Joan den martxoan, lehenengoa egin zen “tresna hau ezagutarazteko eta kooperatibekin partekatzeko, baita helburu eta xederik lehentasunezkoenak adosteko eta adierazleei lotutako galderak hitzartzeko ere». Hurrengo tailerra aurtengo udaberrian egingo da, tresna doitu eta udan testatu ahal izateko.
Kooperatiben ekarpena
Kooperatiba gehienak dagoeneko beren ekarpena egiten ari dira Euskadin garapen jasangarria lortzeko. Ildo horretan, ekarpen hori neurtu egin behar da, aitortu eta ikusarazteko; halaber, egiten dena birbideratu egin behar da, ekarpen hobea egin ahal izateko, eta jardunbide egokiak baliatu behar dira, kooperatibek elkarri laguntzeko. Tresnak bi produktu zehatz sortuko ditu era automatizatuan. Alde batetik, GJHen betetzeari lotutako alderdi positiboei eta hobetu beharreko alderdiei buruzko barne-txosten bat sortuko da kooperatibarentzat, eta semaforo batek betetze-maila adieraziko du, 3 mailatan. «Txosten horrek GJHak lortzeko egin duen ekarpena ezagutzea ahalbidetuko dio kooperatibari, baita ekarpen hori handitzeko ahalegin handiagoa eskatzen duten eremuak detektatzea ere», adierazi du Corresek. Bestalde, kooperatibaren ekarpenik handiena jaso duten GJHak azpimarratuko dituen prentsa-ohar bat (editagarria) sortuko da, garapen jasangarria sustatzeko egindako ahaleginak agerian jar daitezen.
Informazio gehiago interesa duten kooperatibentzat:

konfekoop@konfekoop.coop helbidearen bitartez edota 945 12 20 50 telefono-zenbakira deituta

