ze erremedio Pikondoa
(ficus carica)
ZUHAITZAREN DESKRIBAPENA: hosto erorkorreko zuhaitz ezaguna da. Oso adarkatua da eta, normalean, ez oso handia. Enborreko azala leuna eta grisa du. Esne itxurako zuku zuria jariatzen dute azaleko zauriek. Hosto handiek azpialdean iletxoak dituzte eta biribilean bukatzen dira bost gingil palmatu handirekin. Kristalak garbitzeko erabili izan dira hostoak. Fruitua, pikua, urtean bitan heltzen da, normalean, baina ez beti. Lehenengoak udaberriaren amaieran heltzen dira, apirila eta maiatza artean (uztapikuak) eta bigarrenak uda amaieran, abuztua eta iraila artean (pikuak). Pikondoa edozein lurzorutan bizi daiteke eta, gehienetan, kultibatu egiten da. Baratzeetan eta soroetan oso ugaria da, hala ere, gune basatiagoetan ere arrunta da. Nahiago izaten ditu harkaitzezko zoruak eta sarritan ikusten da horma zaharren babesean hazten ere. ERABILERA: pikuak gordinik edo lehortuta jaten dira. Konfitura, marmelada, mazedonia, edariak edo pastelak egiteko erabiltzen dira. Bitamina, mineral eta antioxidatzaile asko dituzte eta aberatsak dira gluzidoetan. Birikak garbitzen laguntzen dute arnasketa arazoak, bronkitisa, katarroa, mukiak‌ ditugunean eta hostoak eta fruituak erabil daitezke horretarako. Familian erreumadunak dituztenentzat ere gomendatzen da pikuak jatea, baita kirol asko egiten dutenentzat eta artikulazioak asko lantzen dituztenentzat ere. Zuntz edo fibra asko dute, beraz, libratzen ere laguntzen dute eta baita digestioa egiten, bihotzerrea leuntzen eta errefluxua hobetzen ere. Pikondoaren esnea zauriak eta garitxoak sendatzeko ere erabiltzen da.
MILA ARISTI Kanpotar batek esan zidan behin pikua zuhaitzetik moztean ateratzen zaion esne zuri hori erabiltzen zuela garitxoak kentzeko. Gure semeak mordoxka zituen eskuan eta hark esanda bezala hamabi egunetan jarraian garitxoaren punta esne zuri horrekin busti eta utzi egiten nion. Lehen egunetan ez zen ezer sumatzen baina azken egunetarako ikusten zen garitxoa erretzen zihoala. Ez dakit edozein garitxorentzat balioko duen baina gure semeari, behintzat, denak joan zitzaizkion. Pikondo mota honek ematen duen fruitua ez da jatekoa, lehorra da eta ez dakit edozein piku motak balioko duen garitxoak kentzeko.