udaleko berriak 2010eko azaroaren 25ean Udal Batzarrak Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, herritarren partehartzea eta inplikazioa sustatzeko eratu zuten Kudeatuz programaren baitan, bi egitasmo jarri zituen Zestoako Udalak martxan, herritarrek gai ezberdinen inguruan zuten iritzia jakin asmoz. Orain eman dira ezagutzera emaitzak. Alde batetik, aholkularitza-enpresa batek koordinatuta, hainbat saio egin ziren kirolaren inguruan aritzen den jendearekin. Saio horietan ondorio hauek atera dituzte, besteak beste: kirol aukera egon badagoela, baina
koordinazioa falta dela eta azpiegiturak zaharkituta daudela. Bestalde, gizarte-ikerketan aditua den beste enpresa batek galdeketa egin die 476 herritarrei. Ondorio guztiak ezin ditugu jaso hemen baina nabarmenenak hauek izan daitezke: Zestoako herritarren gogobetetze-mailaren batez bestekoa 6,73 puntutako da. Zestoak, bizileku gisa, 7, 51 puntu lortu ditu. Herritarren %52,3ak uste du herriak hobera egin duela eta %58,3ak dio bizi kalitateak ere hala egin duela. %55ak Zestoa aukeratuko luke bizitzeko. Gazteen herrian geratzeko gogoa erakutsi, nonbait, eta, beraz, esan daiteke ez dagoela herria despopulatzeko arriskurik. Arazo nagusiak hauexek dira, herritarrentzat: langabezia (%21,6), aparkalekuak (%13,7) eta etxebizitza falta (%4,4). Bide publikoen mantenu eta garbitasunari 5,76 puntu eman dizkie herritarrek, berdeguneei 5,96 puntu eta argiztapenari 6,06 puntu. Emaitzarik baxuena zirkulazioak jaso badu ere (5,66 puntu), inguruko herrietako bataz bestekoaren gainetik dago. Kultura, aisia eta gazteria atalari dagokionez, honako balorazioa egin dute herritarrek: ondoen baloratu duten lana euskara arloa izan da (7,53 puntu); gero, haur irakaskuntza (7,31 puntu); gizarte zerbitzuek eta herriko jaiek 6,78na puntu jaso dituzte; aisia eta kultura zerbitzuek 6,25 puntu; kirol arloak, berriz, 6,10 puntu jaso ditu eta gazteriak 6,06 puntu. Beste zerbitzu batzuk aipatzearren, osasun zerbitzuei 6,36 puntu eman dizkiete eta ur horniketaren zerbitzuari 7,51 puntu. Udala eta arduradunei dagokionez, Udalaren jarduerarik positiboenak kale berriak, Ekainberri eta Bainuetxeko pasabidea dira. Balorazio kaskarrena jaso dutenak, berriz, Iraetako futbol zelaia eta garbiketa. Alkateari 6,56 puntuko nota jarri diote (beste herrietako bataz bestekoaren –6,25– gainetik). Kudeatzaileek 6,10eko puntuazioa jaso dute. Beste herrietako bataz bestekoaren gainetik daude, baita ere, funtzionarioen tratua, zergak biltzeko egiten den lana‌ Kirol ohiturei dagokionean, zestoarren erdiak kirola edo ariketa fisikoa egiten du (%34,6ak kiroldegian); %52,1ek paseatu egiten du, %9,6ak gimnasia, %8,3ak footinga, %7,5ak txirrindularitza eta 7,5ak gimnasioa erabiltzen du. Instalazioei, berriz, 5, 82 puntu jarri dizkiote.
ZEZENKETAK
ETA ATEZ ATEKOA
Aipatu galdeketa beste bi gairi buruzko iritzia jakiteko ere aprobetxatu da. Batetik, zekorketei buruzko herri kontsulta egin beharko ote litzatekeen galdetzeko, hau da, zekorketak jaietatik kendu ala ez erabakitzeko. %64,6a kontsulta horren alde azaldu da; %20,3a ez dago ados kontsulta egitearekin eta %15, 1ak, berriz, ez du erantzun. Bestalde atez ateko zabor bilketa ezartzeari buruz galdetu da. Ikusi denez, herritarren iritzia oso polarizatuta dago eta kontzientziatze lana egin beharko litzatekeela uste da. %39,5a atez ateko sistema ezartzearen alde dago, %38,3a kontra eta %21,7ak ez daki zer erantzun (agian sistema ezagutze ez duelako).