Gb119 -azaroa 2016

Page 21

ZIENTZIA

Hain gertu. Hain urrun. 2034. urtera arte Ilargia ez da Lurratik hain gertu izango Azaroaren 14ean superilargia izenarekin ezagutzen den fenomenoa ikusteko aukera izan genuen. Egun horretan azken 70 urteetan ikusgai izan den ilargirik handiena ikusi ahal izan genuen, sateliteak jarraitzen duen orbita eliptikoa dela eta gure planetatik gertuen den puntutik igaro zelako ilargi betea fasean zegoenean. Aipatu puntu hori perigeo izenarekin ezagutzen da (urrutien dagoenean apogeo puntuan litzateke) eta, une horretan, Ilargia % 14 handiagoa eta % 30 argitsuagoa ikusten da. Esan bezala, Ilargia Lurretik nahiko gertu pasa da baina astronomian kopuru guztiak erlatiboak dira. Izan ere, gertuen den perigeo puntua gure planetatik 356.512 kilometrotara aurkitzen da. Azarokoa aurten izango diren hiru superilargietatik bigarrena izan da; lehena urrian izan zen eta hurrengoa abenduan izango da. Hala ere, azarokoa interesgarriena izango da eta astronomoek azaldu dutenez, 2034. urtera arte ezin izango dugu halakorik berriz ikusi. Asko hitz egin da halako fenomeno batek pertsonengan izan ditzakeen efektuen inguruan. Izan ere, ia kultur gehienetan Ilargiak gure jokabidearen gainean eragin zuzena duela uste da. Gainera, Ilargia eta emakumearen artean harreman zuzena dago: ilargiaren zikloak eta emakumearen menstruazioak iraupen bera dute (28 egun). Ilargiaren ziklo bakoitzak gure aldartean eragiten duela uste da baina horrelako efektuak sinismenetan oinarritzen dira zientzian baino. Zientziari dagokionez, Ilargiak gure planetan duen eragin nabarienetako bat mareetan ikus daiteke. Horren adibide garbia izan dugu, adibidez, gure kostaldean oso itsasbehera handiak izan baitira eta normalean urperatuta diren eremuak ikusteko aukera izan dugu.

GAZTEBERRI #119| 2016 Azaroa

21


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.