1 minute read

Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du zapatuan Galdakaok

Urreta kiroldegiak Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du zapatuan, apirilak 22, Galdakao Boleibol Taldeak antolatutako hitzorduan. Martitzenean aurkeztu zuten txapelketa Galdakao Boleibol Taldeko ordezkariek, Dani Gálvez Euskadiko Boleibol Federazioko arduradunarekin batera.

Boleibolak leku berezia izango du zapatu honetan Galdakaon, izan ere, Urreta kiroldegiak

Euskadiko Boleibol Superkopa hartuko du. Aurten 50. urteurrena ospatzen duen Galdakao Boleibol Taldeak antolatuko du hitzordua eta Udalaren eta Euskadiko Boleibol Federazioaren laguntza izango du.

Martitzenean aurkeztu zuten txapelketa Joseba Mikel Aramaio

Galdakao Boleibol Taldeko presidenteak eta Elisdan Serrano talde galdakoztarraren kirol-zuzendariak, Dani Gálvez Euskadiko Boleibol

Federazioko arduradunarekin batera.

Azaldu zutenez, txapelketa formatu honetan jokatzen den lehen aldia izango da hau. Orain arte gizonezkoen eta emakumezkoen Euskadiko Txapelketa

Absolutuak egin izan dituzte baina

2022ko edizioan «egiaztatu ahal izan genuen ezin genituela txapelketa horiek kudeatu, izena eman duten taldeen kopurua kontuan hartuta». «Zaila zen horiek egiteko kirol-pista aurkitzea, bi egun baino gehiago behar genituelako kiroldegi bat eskura izateko», adierazi zuen Gálvezek.

Horregatik, aurten Euskadiko

Superkopa eta Euskadiko Kopa gizonezkoen eta emakumezkoen maila absolutuetan antolatzeko «premia» ikusi dute, final four formatuan.

A Mailako Euskadiko ligetan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, lehenengo lau postuen artean sailkatu diren taldeek parte hartu dezakete txapelketan. Euskal taldeek ordea, emakumezkoak zein gizonezkoenak, Espainiako Boleibol Errege Federazioko Superliga edo Ligetako lehiaketetan parte hartzen badute, Superkopan izateko aukera dute, eta, beraz, euskal ligetan sailkatutako bi edo hiru taldek baino ez dute parte hartuko.

Hori da, hain zuzen ere, emakumezkoen Superkopa honen kasua, zeinetan Euskal Herriko A

Mailako 1. Mailako Ligan sailkatutako lehen hiru taldek bakarrik parte hartzen dute, Sestaok RFEVBko emakumezkoen 2. Superligan parte hartzeagatik berezko eskubidea duelako.

Horrela, hauek izango dira Urreta kiroldegian zapatuan batuko diren taldeak: Euskadiko Emakumezkoen

Superkopa Sestaok, Getxo Boleibol Taldeak, Vialki Jatorkidek eta Galdakao Boleibol Taldeak jokatuko dute eta Euskadiko Gizonezkoen Superkopa berriz, Galdakao Boleibol Taldeak, Navarvoleyk, Udapa Jatorkidek eta Sestaok.

Aramaiok Galdakao Boleibol Taldearentzat txapelketa hau antolatzea «oso berezia» dela aitortu zuen. «Gure 50. urteurrenean horrelako hitzordua antolatzea oso polita da», adierazi zuen.

Euskadiko Boleibol Federazioak bere aldetik, egindako lana eskertu nahi izan zion klub galdakoztarrari: «Taldeak igoera lortzea nahi dugu eta espero dugu, aldi berean, Euskadiko boleibolaren ordezkari den klub handi hori izaten jarraitzea».

This article is from: