
1 minute read
Udaberria iruditan
by BINKE
ARGAZKIAK: MAR HEVIAS @CLICKETACLICK






Pazkomokotsa
Pazko eguna, kalendario Gregorianoko jairik handienetakoa da. Urterik urte, egun aldakorra da ilargiaren arabera. Aiko. Martiko ekinokzioaren jarraian datorren ilargi betea kontutan hartuta, hurrengo domeka izango da beti Pazko eguna. Egun horretatik aste bete atzerago, Erramu eguna da eta atzeragoko berrogei egunak, Garizuma, Hauts-egunerarte eta bezperan, martitzen-aratuste. Jai hau aukeratu eban Eleizeak Pazkoazkoaz betetze-agindurako. Pazko eguneko ohitura polit bat hauxe zan. Aitabitxi-amabitxiak euren besoetakoei egiten eutsien oparia, mokotsa, morrokotea edo arrautzopila izaten zan. Pazkoa bezperako labesuan, artoak eta ogi mota ezbardinekaz batera, hiru puntako pamitxa bat egiten zan, erdian arrautza jaiobarri bat sartu eta beste errari guztiekaz batera labe-ahotik hur sartu zein erre. Mokotsari sorots egiten jakon eta bere tertzioan labetik atera labe-pareagaz. Umetan pozik hartzen genduan Pazkomokots oparia eta lehenengo erdiko arrautza jaten genduan eta gero ogia. Oparia ez zan handia baina berak emoten euskun poza bai. Konformitatea zer dan e! Gaur ez dago lehengorik. Baina lehen zein orain, norbera izatea da bidea eta ez opari lar eukitea.
Galdakaon euskarak bizi duen egoerak eta kale erabilerak azken urteotan jasandako beherakadak kezka sortu du Bagabiz euskara elkarteko eta Galdakaoko euskalgintzako kideon artean. Soziolinguistika Klusterrak 2021eko udazkenean egin zuen hizkuntzen erabileraren kale neurketan, herritarren %14,5ek baino ez dute euskaraz egiten Galdakaon. Espazio irekietan solasean ari ziren hiztunen jarduna behatuz jaso ziren datuok eta hainbat ezaugarri hartu ziren kontuan: hiztunen adina eta sexua, eta elkarrizketa non eta noren artean eman zen. Orotara 3.591 elkarrizketa eta 10.792 solaskide behatu ziren.
Hala ikusi zen, adibidez, emakumezkoen erabilera gizonezkoena baino apur bat altuagoa dela eta erdigunean auzuneetan baino gehiago erabiltzen dela euskara. Beste emaitza aipagarrienetako bat izan zen haurrek egiten dutela gehien euskaraz Galdakaon (%20,8).
Antzeko azterketa batzuek eman dituzten datuekin konparatuta, Galdakaoko datuek erakusten dute euskararen erabilera Euskal Autonomia Erkideko batez bestekotik apur bat behera kokatzen dela (%15,7), baina alderatzen diren bestelako eremuen gainetik: Euskal Herrian %12,6, Bizkaian %9,4 eta Bilbo Handian %3,6.
Gauzak horrela, egoera hori irauli eta euskararen sustapenean jarduteko beharra azaleratu, baita bidea irudikatzeko ere, prozesu bat abiatzea erabaki da. Prozesu horren lehenengo urratsa maiatzaren 13an, goizeko 11:00etan, Gandasegi Eskolan egingo da. Galdakaoko talde guztiak eta norbanakoak gonbidatuta zaudete oso garrantzitsua baita euskaraz aritzen zaretenok zein euskararekiko sentsibilitatea duzuenok elkarren berri izatea eta denon artean hausnarketa egitea. Topaketa horren helburu nagusiak hauek izango dira:
• Elkarren berri izatea
• Etorkizuneko lehentasunak zehaztea
• Estrategiak irudikatzea
• Iritziak jasotzea
Bi orduko topaketa izango da eta gidaritzan Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topagunearen presidentea, izango dugu bidelagun.