
1 minute read
Eskola kirola
from Gure Artean 86
Bueltan da normaltasuna, bueltan da eskola kirola. Aurtengo ikasturtean, aurrekoetan ez bezala, ikastetxe zein herri arteko ekintzak egiteko aukera izan dugu: mendi irteerak denok batera, bailarako beste ikastetxeetako ikasleekin antolatutako herri kirol saioak, saskibaloi edo areto futbol partiduak Floreagako elastikoarekin… Lagunartean ariketa fi sikoa eginez gozatzeko parada eduki dugu eta, era berean, kirol modalitate ezberdinak ezagutzen eta probatzen ari gara. Ikasleak osasuntsu hazteko, harremanak egiten ikasteko, kirol kulturan hezteko, euskaraz jarduteko eta bere osotasunean haurren garapenerako, ezinbestekoa da kirola egitea adin horietan, beraz, hau bermatzeko asmotan jarraituko dugu lanean hurrengo hilabeteetan ere. Orain arte, Gabonak bitarteko lehenengo zati honetan, asteburuetan eskaini ditugun kirolak hauek izan dira: mendizaletasuna, igeriketa, eskubaloia, futbola, areto futbola, saskibaloia, txirrindularitza, herri kirolak eta tenisa. Guztietan, udaletxeaz gain, kirol horietan espezializatuta dauden talde edo kirol elkarteen laguntza izan dugu: Txerloia Tenis Kluba, Peña Elorza eta Jokin Ormaetxea txirrindularitza taldeak, Herri Kiroletako federazioa, Iraurgi SB, CD Anaitasuna, TTakun eta Izarraitz areto futbol taldeak, Anaitasuna Mendi Bazkuna, Munoandi Eskubaloi Elkartea, Zubiaurre Igeriketa Elkartea eta Oteiza Pilota Elkartea. Eskerrik asko talde guztiei ikasleei kirol hauetan lehenengo pausoak emateko aukera luzatzeagatik eta eskainitako denboragatik. Jarraian jardunaldi ezberdinetako argazkiak ikusi ditzakezue:

Advertisement



Pol. Ugarte - Pab. 95 20720 AZKOITIA (Gipuzkoa)