5 minute read

Uxue de la Quintana Aramendi

Next Article
Laburrak

Laburrak

Uxue Floreagako ikasle ohia da. Gaur egun Kalifornian dago, Ingeniaritza Biomedikoa ikasten. Galdera batzuk egin dizkiogu GA aldizkariaren 86. alerako.

Advertisement

Zein dira zure ume garaiko oroitzapenak?

Zoriontsuak orokorrean. Oso ume alaia nintzen eta txikitatik behar izan dut oso gutxi ondo pasatzeko. Gehien gogoratzen ditudan uneak barre egitearekin edota tontakeriak egitearekin lotuta daude. Etxeko giroa beti izan da oso ona; familia xelebrea baina dibertigarria garela esango nuke eta hiru anai-arreba izateak aspertzeko aukera gutxi eman zidan. Lagunartea ere beti izan dut oso maite eta denbora gehiena lagunekin pasatzen nuen kalean edo Alai Batzan.

Nola baloratzen duzu zure ume denborako Alai Batza?

Umetan Alai Batza nire eguneroko bizitzaren zati handi bat izan zen. Larunbat arratsaldero elkartzen ginen lagunak bertan eta urtean zehar egiten ziren ekintza guztietara joaten ginen. Kantaldi-jaialdia, karnabalak, AB gaua… beti izaten genuen zerbait egiteko, pentsatzeko, prestatzeko eta horrek bizipen polit asko utzi dizkit. Zorte handia izan nuen baita tokatu zitzaidan ADS taldearekin. Gauza pila bat ikasi nituen ostiraletako bileratan, bai nire buruari buruz eta baita inguruan nituenei buruz ere. Lasai eta eroso edozer gairi buruz hitz egin eta iritzia eman nezakeen leku bat zen niretzat eta entzuna eta ulertua sentitu izan nintzen beti. Urteak pasata konturatu naiz horrek izan duen garrantziaz. Horren harira, izugarri miresten dut begiraleen lana eta pena handia ematen dit etxetik kanpo bizitzeagatik jasotakoa bueltan emateko aukera ez izateak. Gaur egun pertsona bezala naizena eta kuadrilla bezala garena, hein handi batean, Alai Batzari zor diogula esango nuke.

Floreagan, ikasle garaian, zer izan duzu gustukoena?

Hamahiru urtez alboan izan nituen gelakideak. Aldrebes xamarrak ginen eta irakasleei buruko minen bat edo beste eman ohi genien baina gela jatorra eta zintzoa ginela uste dut. Nabarmena zen elkarrekin genuen harreman ona eta bertako giroak eskolara joateko trabak arintze zizkidan goizetan. Bizitako guztiak elkartzen gaitu eta gaur egun oraindik ere nire bigarren familia direla esango nuke.

DBH ondoren, zein izan da zure ibilbidea ikasketen arloan?

Zientzietako batxilergoa hasi nuen Azkoitia BHIn, ondorenean zer egingo nuen arrasto handirik gabe. Bi urteetan zehar arlo desberdin askotan imajinatu nuen nire burua eta azkenean ingeniaritza eta osasun mundua biak oso gogoko ditudala ikusita, ingeniaritza biomedikoa ikastea erabaki nuen. Hain gazte hartu behar izateko erabaki zaila dela uste dut karrera aukeratzea eta esango nuke orokorrean ez dela asmatzen. Baina egin beharreko apustu bat da azkenean eta era batera edo bestera zure bidea egiten joaten zara denborarekin. Lehenengo maila Mondragon Unibertsitatean hasi nuen eta niretzako leku egokiena ez zen arren, lagun oso onak egin nituen bertan. Bigarrengo mailan Madrileko Carlos III unibertsitatera aldatu nintzen berdina ikasten jarraitzeko asmoz. Orain izugarri gustura nago eta edozeini gomendatuko nioke hartutako erabakia. Asko ikasi dut azken urteetan eta jende zoragarri asko ezagutu. Gainera, Madrileko unibertsitateak eman dit aurtengo ikasturtea Kaliforniako unibertsitatean egiteko aukera eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Esan bezala, orain arteko nire ibilbidea ez da batere lineala izan eta izango delakoaren itxurarik ere ez dauka baina hori da gehien motibatzen nauena. Batek daki datorren urtean non izango naizen!

Kalifornian ari zara lanean, Ingeniaritza Biomedikoaren alorrean. Zein dira zuen hezkuntza sistemaren ezaugarriak, edo “estiloa”?

Estatu Batuetako hezkuntza sistema oso desberdina da. Talde lan eta proiektuetara bideratuago dagoela esango nuke azterketak gainditzera baino. Horrek lan karga arintzen du pixka bat eta ikasgaiak gehiago gozatzeko aukera eman dit. Bestalde, unibertsitate bertako irakasleekin kolaboratzeko aukera ugari eskaintzen dira eta hori ikasle bezala asko baloratzen dut; ikasitakoaren benetako balioa ikusten baituzu eta lan munduan esperientzia irabazi.

Zer aurrerapen espero ditzakegun epe ertainera zure arloan?

Ez dakit errealista den epe ertainean horrelako zerbait pasako dela pentsatzea, denbora eta diru asko behar baita, baina amets egitea debalde denez, minbiziaren sendabidea aurkitzea izango litzateke nire ustez osasun munduan eman daiteken arrakasta handienetakoa eta gero eta gertuago gaudelakoan nago.

Nola aurreikusten dituzu ikasketen burutzea eta lan munduan sartzea?

Gertu somatzen dut eta beldur pixka bat ematen dit egia esan. Estatu Batuetan konturatu naiz etxean dugun egoera eskasaz. Hemen ingeniaritza ikasteak, edota unibertsitatera joateak orokorrean, etorkizun duin bat bermatzen dizu eta Europatik etorritako ikasleak bereziki estimatzen gaituzte; langile onak eta ondo prestatutakoak garela esaten digute sarri. Espainian berriz, ezer ez da nahikoa eta talentu pila bat alperrik galtzen da. Nire helburua ikasketak ahalik eta ondoen prestatuta amaitzea da eta hortik aurrera bizitzak eramango nau eraman behar nauen tokira.

Nola bizi izan duzue Covid19aren gaia, edota bronkiolitisaren inguruko kezka?

Batxilergoko bigarren mailan harrapatu ninduen ni eztanda handiak. Guztiok bezala, aste pare bateko kontua izango zela pentsatu nuen eta epe motzean dena normaltasunera itzuliko zela. Dena dela, hasieratik gehien bat Selektibitaterako prestakuntzak kezkatzen ninduen, klaseak galtzeak eta online egin beharrak ez zidan batere graziarik egiten. Irakasleei dezente kostatu zitzaien egoera berrira ohitzea eta baita guri ere. Gauza luzerako zihoala ikusi nuenean, gogorra egin zitzaidan batez ere ikasbidaiara joan gabe gelditzea; garai hartan ikasten jarraitzeko gure motibazioa baitzen eta denbora asko generaman prestatzen. Konfi namenduan ez nintzen gehiegi aspertu eta ondo eraman nuen etxean pasa beharreko denbora. Selektibitatea erronkatzat hartu nuen, unibertsitatera sartzeko nota altua eskatzen baitzidaten, eta horrek asko lagundu zidan. Konfi namendu ondoren hasi zitzaidan gaixotasunari buruzko kezka erreala, lehenengo positiboak gerturatu zirenean. Zorionez, familian ez zaigu gehiegi sufritzerik tokatu alde horretatik eta ezin gara kexatu. Orokorrean ordea, gazte bezala, oso garai txarrean harrapatu gintuela uste dut eta gauza asko galdu ditugu horren erruz. Hala ere, bizitza eta egunerokoa gehiago aprobetxatzen erakutsi dit Covid19ak eta gauza txikiak gehiago gozatzen ere bai.

Ume eta nerabeen Hezkuntzan, eskolan, zeri ematen diozu garrantzi handiena?

Eskolan eta familian erakutsitako baloreak oso barnean daramatzat betidanik. Leialtasuna, zintzotasuna, errespetua eta enpatia niretzat ezinbestekoak dira eta edozein alorretan antzeman izan dut haien garrantzia. Pertsona zintzoa izateak asko balio du eta ez da beti erraz aurkitzen. Taldean lan egiten jakitea ere erabat beharrezkoa iruditzen zait. Nire lan esparruan behintzat egunerokoa da elkarlana eta izugarri azkarra izan arren, besteekiko tratua eta harremana zaindu ezean zaila da inora iristea. Hauek izan beharko lirateke nire ustez umeen hezkuntzaren oinarriak.

Nola ikusten da Azkoitia hain urrutitik?

Txikia, egia esan, baina etxetik kanpo bizi naizenetik hare gehiago maite dut herria. Kanpoan egotera ohitu naizen arren, ez dut galdu herrimina eta gustora bueltatzen naiz beti. Etxera itzuli, nire ohean lo egin, familia ikusi, amamaren etxean bazkaldu, mendi bueltaren bat egin eta betiko lagunekin poteatzeak baino zoriontsuago egiten nauenik ez dago, aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.

Zer eskatuko diozu Olentzerori edota Errege Magoei?

Osasuna ingurukoentzat eta eguraldi ona! Gabonetan etxean pasako dudan denboraz gozatzeko.

TESTA

Edaria: Koka-kola Janaria: Tortila patata Liburu bat: Bihotz Bakartien Kluba Mutil izen bat: Marko Neska izen bat: Olibia Kirola: Atletismoa Pelikula: Green Book Bidaia bat: Hawaii Mendi bat: Erlo Hondartza bat: Zarauzkoa Nazio bat: Euskal Herria Herri edo hiri bat: Donostia Musikari bat: Gorka Urbizu Urtaro bat: Udara Zaletasunak: Lagunekin eta familiarekin egotea, argazkilaritza eta bidaiatzea Pertsonaia historiko bat: Marie Curie

This article is from: