1 minute read

Trikuharrien itzulia

Next Article
Jaiki

Jaiki

Aspaldi agertu zuten DBHko ikasle batzuek Elosu aldeko Trikuharrien Itzulia egiteko asmoa. Eta otsailaren 26an, larunbatez, bira hori egin genuen, PR-Gi24 bidea jarraituz, DBH4ko ikasle eta irakasle talde txiki batek.

Kotxez joan ginen Elosua aldera, Santutxura. Handik Agarreburu mendiko tontor eta antenara igo ginen pistaz. Hantxe ondoan aurkitu genuen ibilaldiko lehen trikuharria: Agarreburu. Trikuharri honetan oso ondo gorde dira harlauza handiak. Orain urte gutxi dena sasiak janda zegoen, baina orain ikusteko moduan dago, eta erdiko ganbara burdinez aseguratuta dago. Handik Elosumendi edo Keixeta tontorrera bidean, Frantsesbaso trikuharria ikusi genuen. Lurra jasota dago eta indusketa lana nabaria da. Keixeta tontorretik behera, Maurketa tumuluaren eta Leipago tontorraren albotik igaro ginen. Segituan iritsi ginen Keixetako Egiya trikuharrira. Oso ondo nabarmentzen da nola eraikitzen zituzten hildakoentzako harri pila hauek eta ganbera oso ondo zainduta dago. Aldapa gogortu egin zitzaigun Hirukurutzeta tontorrera zuzenean igotzerakoan. Mokadu bat jan eta aurrera egin genuen. Hirukurutzetako trikuharria bisitatu genuen; benetan handia da, agian inguruan handiena. Gero Harribiribileta izeneko zutarria ikustera eta ukitzera hurbildu ginen. Handik Kurutzebakar tontorrera jarraitu genuen. Hantxe bertan dago izen bereko tumulua. Jarraian, Karakateko bidea utzi eta Osintxu aldera jaisten hasi ginen. Berez beste trikuharri mordoska bat ikusiz Soraluzeraino joan daiteke. Aizpuruko Zabala trikuharria eta ustezko elur-zulo bat ikusi ondoren, Azkonako Haitzak izeneko mendi tontorrera igo ginen. Handik Pol-pol iturrira segitu genuen. Keixetatik Elosuko Santutxura iritsi ginen pistaz. Aukera bikaina izan zen gure herriaren historiaurreko ondarea pixka bat hobeto ezagutzeko. Eta, nola ez?, elkarrekin une ederra igaro genuen Etxezan Mirariren albondigak dastatuz.

Advertisement

This article is from: