1 minute read

3.2. Kalea

Gure helburua ez da eredu horiek sakonki aztertzea, euskarak (eta oiartzuerak, kasu honetan) ingurunera egokitzeko duen gaitasuna erakustea baizik. Hona hemen gazte oiartzuar batzuen Whatsapp elkarrizketa:

H115: Nik hartuk nuke, 12trdi/1 aldea H2: Adosss H3: Hernanin ro oiartzunen?? H4: Nirebai! Nik jarkout kotxia juteko. H5: Inciso, korrika dendan noz. Norbaitek nahibau zoze saan H6: Nik re kotxia eramangout. Ena geatuko lenago, biño jendia jaso ber bada san! H7: Nik re jarkout, gabin ena geatuko bihar goiz jaiki ber dut ta H2: Ta zerbait hartzeko ordun nun?? H4: Berdin nau. Norbait gehio lenengo tanda hortan? Kotxia betetzetik. Liada haundiya da Hernanin aparkatu ta gero sagardotegira jutia? Osa aparkatu zerbat hartu ta gero kotxian muitzia sagardotegira H8: Karabeleko parkinan normalian tokia izaten da H4: Ba hantxe ordun H3: Nola geatuko ga? Ni plaza niju oain dirua atea ta kafe bat hartzea H4: Jasokoizuet zaudeten tokiyan H6: Nere kotxiakin azkenin ez kontatu sorryy H7: Ni 12terditako jetxiko na plaza ordun

Advertisement

3.2. Kalea

Kalea sar genezake aurreko atalean, izan ere, ahozko hizkera ez-zaindua etxean eta lagunartean ez ezik, kalean ere erabiltzen da, baita hika/hitanoa ere. Eta hemen ere, ahozko oiartzuerak hartuko luke tokia, bere fonetismo, laburtzapen, esapide, lexiko eta ezaugarri guziekin.

Bi arrazoigatik bereizi dugu kalea etxeko eta lagunarteko erabileratik. Batetik, kalean hartzaileak ez du zertan beti ezaguna izan; edo baliteke kalean oiartzuarra edo ingurukoa ez den edota euskara ikasten ari den norbait topatzea; egoera horietan (eta beti) ulermenaren mesedetan jokatu behar dugu eta, beharrezkoa bada, euskara batutik gertuagoko moldea erabiliko dugu. Bestetik, kalean askotariko inguruneak daude: okindegia, bilgune feminista, taberna, ile-apaindegia, herriko edo auzoko festak... Tartean, gertutasun handiagoko edo txikiagoko harremanak egon daitezke eta horren baitan moldatuko dugu gure hizketa.

Idatzizko eremuan sortzen dira zalantza gehienak, kartelak, pankartak edo festetako programak nola idatzi erabakitzeko garaian, adibidez. Kasu horietan, hizkera landua erabili nahi bada edo idatzizkoa ahozkotik bereizi nahi bada, geroxeago proposatuko dugun Oiartzungo batua balia daiteke.

Baina, azken batean, esparru honetan ere, testuinguruak aginduko du eta norberak erabakiko du nola hitz egin/idatzi, zein forma erabili eta zer-nolako forma eman hizkuntzari.

15 H-ak hiztunari egiten dio erreferentzia; bazterreko zenbakiak, ordea, hiztun bakoitzari egiten dio erreferentzia. Guzira zortzi hiztun dira.