1 minute read

1.2. Euskararen bateratzea: Euskara batua

lapurtera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaleko behe-nafarrera eta zuberera (Zuazo, 2014: 19-20). Hori izan zen (zehaztapenak zehaztapen) XX. mendean iraun zuen sailkapena, eta gaur egun ere maiz erabiltzen dena.

Berriagoa, 1998. urtean Koldo Zuazok ezagutarazi zuen sailkapena6 dugu. Bost euskalkitan banatu zuen euskara (2019an kaleratu zuen sailkapenaren azken berrikuspena): mendebaleko euskara, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra. Berritasun gisa, tarteko hizkerak bereizten ditu; hau da, bi euskalkiren ezaugarriak hartzen dituzten hizkerak. Geroago ikusiko dugun moduan, tarteko hizkera da, hain zuzen ere, Oiartzungo hizkera.

Advertisement

1.2. Euskararen bateratzea: Euskara batua

Euskalkien berezitasuna eta aniztasuna, hizkuntzalari eta ikertzaileentzat erakargarria eta goraipatzeko modukoa izan zitekeen arren, oztopo handia zen hizkuntzaren iraupenerako. Esan bezala, euskara dialektoka garatu izanak erakusten digu garai horietan euskaldunen arteko banaketa7 egon zela. Ferdinand de Saussure (1916: 288) hizkuntzalari suitzarraren hitzetan, hizkuntzen barrenean bi indar daude: bata bateratzailea da, esan nahi genuke, hizkuntzaren batasunari eta berdintasunari eusten diona; eta bestea banatzailea, arrazoi politiko, sozioekonomiko edo kulturalak tarteko, hizkuntza zatitzen eta dialektoak sortzen dituena. Hortaz, Erdi Arotik aurrera, Euskal Herriko egoera sozialagatik hizkuntzaren indar banatzaileei bidea erraztu zitzaien, eta zaildu, aldiz, indar bateratzaileei (cf. Garabide, 2010: 18).

Egoera horretan, XVII. mendeaz geroztik, euskaldun zenbaitek euskaraz idazteko beharra sentitu zutenean, eredu bateraturik edo estandarrik ez zegoenez, banaketa horren adierazle ditugun eta literatura-euskalki gisa ezagutzen diren tokian tokiko eredu batuak sortu zituzten (garai ezberdinetan): Lapurdi kostako lapurtera klasikoa, zuberera literarioa, Beterriko gipuzkera literarioa, Markinako bizkaitarra, Añibarroren bizkaiera “batua” eta XIX. mendeko nafar-lapurtarra (cf. Zuazo, 2015; Urgell, 2018: 543-657). Halere, XVIII. mendera arte, bereziki ahozko bi euskalkik izan dute tradizio literario orokorra: Zuazoren terminologia erabiliz, nafar-lapurtarrak eta erdialdeko euskalkiak. Hori erabakigarria izan zen, gerora, euskara estandarraren oinarriak jartzerakoan (cf. Mitxelena, 1968: 203-219).

Kontuak kontu, euskararen banaketarekiko eta euskara bateratu baten beharrarekiko ardura ia euskaraz idazten hasi ziren une berean piztu zitzaien idazleei8. Kezka horrek mendeetan zehar jarraitu zuen. XX. mendearen erdialdean, hainbat euskaltzalek adierazi zutenez, gizartea garatzen ari zen abailan euskarak bere lekua lortu nahi bazuen, ezinbestekoa izango zen oinarrizko eta gutxieneko batasuna lortzea.

6 Zuazoren euskalkien sailkapena da gaur egun erabili ohi dena eta lan honetan aintzat hartu duguna. (ikus mapa). 7 Banaketa politiko eta administratiboaz ari gara hein handi batean, baina ez horretaz bakarrik, baita kulturalaz ere; gaur egun ere, euskal lurraldeak bi estatu eta hiru administraziotan banatzen dira, baina indar bateratzaileei esker, euskararen batasunak aurrera egin du. 8 Leizarraga (1571), esaterako, horren adibide argia da.