5 minute read

HITZAURREA

HEMEN GAUDE

Hizkuntza aizkora bat da. Edo, metafora moderno-hedonistagoa erabilita, lur orotako bizikleta elektriko bat. Txirringa horren gainean, malda zorrotzak aisa igoko ditugu eta aldapa malkartsuak jaitsiko, hiri arteko bide luzeak korrituko ditugu eta etxe-bueltan ibiliko gara, bidegorrian paseatuko eta mendibideetan sartuko gara.

Advertisement

Gugan bizi den bizikleta horren bitartez, hizkuntzaren bitartez, horiek guztiak eta gehiago fintasun handiz egingo ditugu, baldin eta ongi olioztatuta eta doituta badugu. Hori horrela ez bada, ordea, lur orotako bizikleta elektrikoa zama eta traba izan daiteke denerako eta, hortaz, tramankulu bihurtu, bide-bazterrean herdoiltzen utziko dugun traste tristea.

Euskaldunok ederki dakigu jakin, gure kasuan, nahitaezkoa zaigula bizikleta horietatik bina, gutxienez, izatea. Izan ere, sinestarazi nahi izan diguten lege natural baten gisan, gure bizikletak, euskarak, beti behar du ondoan ezinbestez ongi olioztatuta eta doituta egongo den beste handiago bat. Beharrezkotasun —inposatze— horretatik datoz euskararen gaitz guztiak, eta beharrezkotasun horrek garamatza, biziko bagara, lur orotako bizikleta elektrikoaren funtzionamenduari eta ahalari bertatik erreparatzera.

Hizkuntza nor bere buruarekin hausnarrean aritzeko tresna da, bizikleta estatikoan bezala, inora joan gabe. Hizkuntzaren bidez lagunartean ibiltzen gara, gertukoen ondora bilduta eta motorra itzalita, oharkabean ia. Lizardiren hizkuntza, era berean, noranahiko behar dugu, goiko bideetan barrena jakite-hegoek igoa. Gainera, hiriak eta herrialdeak lotzen ditu hizkuntzak, elkarrekiko hartu-eman unibertsalean. Lur orotako bizikleta elektrikoko txirrindulari ona denetan arituko da trebe eta eroso, hots, egoera bakoitzak eskatzen duen hizketa molde egokia erabiltzeko gai izango da, erregistro arruntbizitik jaso-zainduenera, ahozkoan zein idatzizkoan. Txirrindulari horiek dira hizkuntza baten hiztun osoak, eta hiztun horien kopurua —ehunekoa— eta estatusa dira edozein hizkuntzaren osasunaren neurgailurik zehatzena.

Estatusa aipatu dugula, uste dut komeni dela argitzea zertaz ari garen. Estatusa ez da soilik hiztun horiek zer maila sozio-ekonomiko daukaten, zer ikasketa egin duten, zer auzotan bizi diren. Hizkuntzari buruz ari garenez, hiztun oso horien estatusa —gizarte-balioa— zenbatekoa den jakiteko hauxe izan behar dugu kontuan: hizkuntza —gutxitua— eremu publikoan erabili nahi dutenean, horretarako modurik ba ote duten, batetik, eta erabiltzeak zer ondorio dakarren, bestetik. Hau da, euskaldun oso bat Telekomunikazioetako Goi Ingeniaria izan daiteke, euskaltzain urgazle, Mirakontxan bizi eta Real Club de Teniseko bazkide, eta haren balioa euskaldun agertzen den bakoitzean hutsaren hurrengoa izan: taberna-jatetxeetan mespretxuz erantzuten diote karta euskaraz eskatzen duenean, traumatologoak hizkuntza hegemonikoa erabiltzera derrigortzen du, alabaren entrenatzaileak ez dio ulertzen eta bizilaguna haserretzen zaio auzokideen arteko bileran euskaraz hitz egiten hasi delako. Alegia, ezinezkoa da hizkuntza baten osasuna ona izatea, beharrezkoa ez bada bere lurraldean, aukerakoa bada, markatua bada.

Azken batean, hizkuntza ordezkapena helburu, aspaldikoa dugu euskaraz aritzeko debekua han eta hemen, esparru jasoan, lehendabizi. Oiartzunen, esaterako, 1704an agindu zuten herriko haurrek euskaraz ez egiteko, ez eskolan eta ez eskolatik kanpo ere; aginduarekin batera, baliabideak ere ezarri zituzten: zigorrak, batetik, eta ikarak dakarren salatari bihurtzea, bestetik. Jakina da hizkuntza bat goi mailako funtzioetatik baztertzeak akulturazioa dakarkiela hiztun horiei luza gabe, beren buruaren gutxiespena, arroztea eta, azkenik, asimilazioa. Etxeparek berak ikusi zuen —ikusi eta egin— euskaraz inprimatzeko beharra XVI. mendean, eta horrela, eginahal batean mendez mende, bi estatu espantsionario-glotofagikoren hankapean, euskara batua sortu eta hitzartu genuen 60ko hamarkadan. Koldo Zuazo hizkuntzalariak iraultza deitu dio estandarizazio-prozesu horri. Egungo egoeraz, berriz, hau dio: Orain ohartu gara familia eta lagunartea ezinbesteko ardatzak direla. Orain ohartu gara, hizkuntzaren transmisioa, belaunaldi batzuen eta besteen arteko hizkuntza lotura sendotzea eta estutzea, nahitaezkoa dugula.

Mikel Zalbidek, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuburu ohiak, ildo beretik jo du: Gazte euskaldunen euskara maila, oro har, ez da ona; ez ditu asebetetzen beren behar komunikatiboak. Gazte euskaldun gehienek adierazkortasun arazoak dituzte. Euskarazko gaitasun pasiboetan trebeagoak dira. Aurrera egin da erregistro jaso-formal-espositiboetan eta atzera, berriz, mintzajardunaren esparru informal, barrenkoi-intimuetan.

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak kezka bera adierazi zuen 2008an: Erregistro bakarra besterik ez darabilte gazte askok eta gabezia horretatik datozke, besteak beste, euskararen kalitate eskasa eta egoera eta esparru ez formaletan erdaraz aritzea.

Iñaki Gaminde hizkuntzalariak ere honela dio: Eskolako gelatik kanpo bizitzeko behar ditugun eredu linguistiko indartsuak eman behar ditugu. Ezin eska diezaiokegu ikasle bati gelatik kanpo euskara erabil dezan, gela barruko ereduak baino ez badakizki.

Beste horrenbeste J. I. Etxezarreta Alberdik: Eta eginkizun ditugun gauza horien artean, tokian tokiko aldaerak, aldaera jasoak, erabilera eremu ez-formalean euskararen erabilera indartzeari begira baliatu beharreko erregistroak eta abarrak hezkuntza munduan bideratu ahal izateko marko bat eraikitzea dago. Izan ere, eskola zein ikastoletan askotariko erregistroak baliatzeko moduko erabileraeremuak daude, beraz, horiek kontuan, erabilera formaletan ez ezik, erabilera ez-formaletarako ere erregistro desberdinak sustatzeko, baliatzeko aukerak egon litezke.

Juan Rekalde irakasleak: Hizkuntza irakaskuntzaren helburua da komunikatzeko gaitasunak garatzea, ahozkoa zein idatzizkoa. Baina ikasleek idatzi eta irakurten daben guztia hizkuntza estandar eredukoa bada, zelan gainditu hizkuntza idatziaren formaltasun estua ahozko komunikazinoa aberasteko orduan? Eta batua-euskalki diglosian, herriko hizkereari, euskalkiari, bere lekua emon ezik, zelan garatu ahozko jarduna?

Xabier Amurizak ere eskola eta ahozkotasuna hizpide: Ahozko berbakereari eskolan leku antolatua eta sistematikoa eskeintzetik ondorio emonkorrak eta atseginak datoz maila guztietan, hizkuntzearen maila afektiboan, batez be.

Izan ere, hizkuntzaren ezagutzak ez dakar, bere horretan soilik, ez motibaziorik, ez adierazkortasunik. Ez, euskarari buruz ari bagara. Edozein hizkuntza normalizatutan, aldiz, gauzak ez dira hala, nahiz eta mundu globalizatu honetan ez-gutxitua izatea ere ez den biziraupen-berme. Hizkuntza normalizatua neutroa da, ez-markatua, normala, ez omen da inposatua hala izan arren. Hizkuntza normalizatuak lurralde bat du dagozkion komunikazio-funtzioak garatzeko eta beharrezkoa da lurralde horretan. Inork ezin du aukerakotzat hartu eta denek ikasten dute, denek ikasi nahi dute, denek dute ikasteko motibazioa eta —paradoxikoki— inori ez zaio inposatzen. Motibazio horrek —ezagutu nahiak— elikatzen du ezagutza, eta ezagutzak erabilera, eta erabilerak areagotzen du motibazioa, eta horrela, zurrunbilo kiribil batean, hiztunak zirkuitua zenbat eta gehiago ibili, orduan eta motibatuagoa, trebeagoa, malguagoa, osoagoa eta sortzaileagoa izango da. Esan bezala, hizkuntzaren osasuna determinatzen dute haren gizarte-baldintzek; euskararen premiez jardutea soziolinguistikaz jardutea da. Hiztun motibatu, trebe, malgu, oso eta sortzaileak behar ditugu, bistan da.

Asisko Urmenetak: Hizkuntza batek indar metaforikoa galtzen badu, bereak egin du. Alegia, hizkuntza bateko hiztunak beren hizkuntza imajinatu eta berregiteko gauza ez direnean, hizkuntza horrek ez du gatzik, ez piperrik. Ez du adierazkortasun handirik. Ez du libertitzeko balio. Ez du bizitzeko balio.

Jon Sarasuak ere kezka bera: Alderdi kuantitatiboei oso begira egon gara: A eredua, D eredua, euskaltegiak, orrialde kopuruak, emisio orduak… Ni une honetan gehiago kezkatzen naute elementu kualitatiboek, zer gaitasun komunikatibo duen jendeak, hizkuntzaren sormen balioa non geratzen ari zaigun, zenbateraino ari garen kultura itzuli bat egiten, %95ean itzulpena, kopia den euskal kultura batek zenbateraino motiba dezakeen.

Koldo Zuazoren hitzetan: Sortze etengabean egon behar du hizkuntzak bizirik iraungo badu, eta ez da nahikoa telebista eta Euskaltzaindia izatea sortzaile; gutariko bakoitzak izan behar du uneoro asmatzaile (…). Norbere buruarekiko ziurtasuna eta sortzeko gaitasuna dira, azken baten, hizkuntza jakitearen ezaugarria, eta ezaugarri horri “sena” deitu ohi zaio euskaraz. Sena da, beraz, hizkuntzak aurrera egiteko ezinbesteko baldintza.

Esan indarra behar dugu, horrexek zorrozten baitu aizkora eta olioztatzen eta doitzen bizikleta. Lan honek hizkuntzaren ahalmen zabala ekarri nahi du gogora eta nabarmendu larreko hizkuntzaren garrantzia, estandarra aberasten duen herri-hizkeraren iturria emari handikoa baitugu Oiartzunen oraindik ere.

Hitzaurre hau idazten bukatzen harrapatu nau Irulegiko aurkikuntzaren berriak, zoritxarreko etxe hartako babesle omen zen eskuaren zorioneko patuak. Eta han bizi zirenengan pentsatu dut, beren azken egunaren zentzuan, nola etxea erraustu izanak mezu bat utzi digun: hemen gaude, beti egon izan gara, nahiz eta, batzuetan, ez gaudela ematen duen.

Josu Delgado Rozas Hizkuntza-Normalizaziorako Zinegotzia