4 minute read

SARRERA

Hizkuntza baten historia aztertzerakoan, argi bereizi izan dira literatur hizkuntza edo hizkuntza idatzia eta ahozko hizkuntza. Dena den, munduan badira tradizio literariorik gabeko hizkuntzak, ahoz besterik igortzen ez direnak. Eta bestalde, badira hizkuntza garatuagoak, tradizio idatzi luze eta sendokoak; nahiz horien artean baden (ahozkoan) desagertu denik ere, latin klasikoa, esaterako. Erdibidean, badira hizkuntza idatzian ibilbide motz edo berri xamarra duten hizkuntzak, besteak beste, euskara. Gurean, hizkuntza idatziaren garapena arrunt berandu gertatu da Europako inguruko hizkuntza hegemonikoen eta are gutxitu batzuen aldean (katalana, galegoa, okzitaniera); ez (bakarrik) gutxietsia zelako, horren beharrik izan ez zelako baizik. Ez genuen administrazio bateraturik eta, ondorioz, ez genuen lurralde guzirako dokumentu ofizialik idatzi beharrik. Zeregin horietarako beste hizkuntza batzuez baliatzen ginen. Literatura idazteko, ordea, idazleek beren ahozko hizkeratik gertuko moldea erabili zuten: Bizkaiko maitasun poemak, Iruñean sarituriko poesiak... Bestelako kontua izan zen euskaldun guzientzat idazten zutenean, orduan hasi baitziren hizkera bateratuak bilatzen: Leizarraga, Axular (Sarako Eskola), Larramendi...

Zorionez, 1968az geroztik, euskarak badu idatzizko eredu bateratua: euskara batua. Mugarri gisa jartzeko modukoa da euskaldunon historian. Euskara esparru formaletan ere baliagarria dela frogatu da, baina ahozko hizkeran edo euskalkietan ere izan du eragina; euskalkiak bateratzen edo berdintzen ari baitira. Horregatik, hasiera batean, euskararen bateratzea euskalkien kontrako ekimen gisa hartu zen eta oraindik bada hori pentsatzen duenik. Bestalde, bada euskara zuzen bakarra euskara batua dela pentsatzen duenik ere. Batua horren berandu sortzearen ondorioa da bi aldaera horien arteko tentsioa, gizarteak hizkuntzaren bueltan dituen ideiak aldatu izanaren eraginez sortu dena.

Advertisement

Beraz, gure hizkuntzaren iraupenaren izenean, euskara batuaren eta euskalkien arteko zubiak eraikitzeko garaia da, baita osagarriak direla ulertzeko ere. Aldaera geografikoez1 gain, aldaera funtzionalak2 ere bereizi behar dira, horretarako, erabilera-esparruak eta komunikazio-egoerak kontuan hartzea ezinbestekoa da, euskalkiaren eta euskara batuaren artean oreka bilatuz eta euskalkitik baturako bidea jorratuz. Gida honetan, funtsean, horixe egiten saiatuko gara, Koldo Zuazo Zelaietaren (1993: 61) esanarekin bat eginda:

Uste izan dugu hizkuntza jasoa eta jantzia eraikitzeko ez zela aski apain eta ez zela aski duin geure eguneroko jardunean generabilena. “Larre” usaina zerion nonbait hizkera horri eta, itxura “nobleagoa” izango bazuen, antzinako eta urruneko hitzak beharko genituen geure idazkietan tartekatu. Zenbat eta halako ugariago eta ezezagunago erabili, orduan eta jasoago izango bide zen, gainera, gure hizkera. Usteak uste, euskara zailtzea eta hiztun arruntarengandik urruntzea izan da jokabide horrek ekarri digun “onura”. Irudi batez baliatzea zilegi bazait, benetako oreka “Txirrita” eta “Axular” uztartzean datzala esango nuke nik neuk.

1 Aldaera geografikoa hedapen geografikoa eta hizkuntza osoaren baliabideen artean aldaera horrek egiten duen aukeraketa aintzat hartzen dituena da. Euskalkiak aldaera geografikoak dira. 2 Aldaera funtzionala erabilera-esparrua eta komunikazio-egoera kontuan hartzen dituena da: solaskideen ezaugarriak eta inplikazioa, euskarria (mintzatua, idatzia, elektronikoa...), komunikazioaren xedea (informatzea, eragitea...) e.a.

Testuinguru horren baitan kokatuko genuke Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida. Lan honen helburua Oiartzungo hizkera ez formalaren eta euskara “batu” gisa ezagutzen dugun horren erdiko bidea egitea da, tartean gertatzen diren komunikazio-egoera askotarikoak zehaztea. Azken muturrean, berritasun gisa, tokiko estandarra sortzea da helburua; oiartzuarrok erabiltzen dugun hizkeratik abiatuta, euskaraeredu estandarrera (arau eta gomendio multzoa) ailegatu arte, hizkuntza eredu landura, azken finean. Bereziki, idatzian sortzen diren zalantzak eta uste okerrak argitu nahi izan ditugu eta, bide batez, irizpide orokor bat proposatu, herritarrek egoera bakoitzean zer eta nola erabili jakin dezaten.

Gidarekin hasteko, Oiartzuarren Baitan3 egitasmoak bildutako materiala erabili dugu, herriko zaharren hizkera, alegia, eurak baitira herri hizkera hobekien gordetzen dutenak. Horrekin batera, Fraile ahizpek 1996an plazaratutako Oiartzungo hizkera liburua ere lagun izan dugu, abiapuntuari eusteko eta indartzeko. Bestalde, euskara batuaren arauak eta Euskaltzaindiak euskalkien erabileraren gainean eginiko adierazpenak ere kontuan izan ditugu. Eta azkenik, herriko zenbait euskalariren artean lantaldea osatu dugu, behin-behineko gidaren gainean oharrak eta zuzenketak egiteko. Gainera, gida honen erabilera bermatzeko, hezkuntza, komunikabide eta administrazioko langileen oniritzia ere jaso dugu.

Gauzak horrela, lan honek lau atal nagusi izango ditu, hasierako biak teorikoak: euskararen aldaerak (§1), Oiartzun eta bertako hizkera (§2); eta beste biak praktikoak: Oiartzungo hizkera noiz, non eta nola erabili (§3) eta Oiartzungo batua (proposamena) (§4).

Teoriaren atalean, aieka batetik, zertan ari garen jakiteko, nondik heldu garen ikusiko dugu; hau da, euskalkien datazioa egiteko eta horiek biltzeko zer-nolako ahaleginak egin diren aztertuko dugu, azalazaletik. Gero, euskararen aldaera horiek bateratzeko prozesuaren berri izango dugu, egun ezagutzen dugun euskara batura ailegatu arte. Horrekin batera, Euskaltzaindiak euskalkien erabilerari buruz eginiko adierazpenak ere ikusiko ditugu. Eta beste aiekatik, Oiartzungo euskara kokatu egingo dugu; herriak eta gizarteak jasan dituen aldaketek bertako hizkeran nolako eragina izan duten ikusiko dugu. Oiartzueraren4 ezaugarri nagusiak ere bildu ditugu, bertakoek nahiz kanpotik heldu direnek gure herriko eta inguruetako hizkeraren nondik norako nagusiak ezagut eta erabil ditzaten.

Atal praktikoan, lan honen muina topatuko dugu: Oiartzungo hizkera noiz, non eta nola erabili, hain zuzen. Horren osagarri, Oiartzungo batua proposatu dugu. Esan bezala, Oiartzungo ahozko hizkeratik abiatuta, hizkera-eredu landua sortu nahi izan dugu. Eredu hori lagunarteko girotik kanpo erabili beharrekoa da, besteak beste, hezkuntzan, komunikabideetan eta administrazioan. Irizpide zerrenda baten bidez adierazi dugu eta hori hiztegiarekin osatu dugu.

Azken atal horiek gomendioak besterik ez dira izango, izan ere, Asier Sarasuaren aholkuei segika, herri hizkerak “herrikoak” dira eta herriak adostu eta arautu behar ditu (Asier Sarasuak ahoz esana). Horregatik, elkarlanerako eta ekarpenak egiteko deia egin nahi diegu herritarrei5; ez dugu lan

3 Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko, gordetzeko eta, ahal den neurrian, herrira zabaltzeko 2006an sortu zen egitasmoa da. Herriko hamaika zaharren grabazioak baliatu ohi ditugu. Orain artean ahozko hizkuntzaren lanketan aritu gara, transkribaketak eginez, hiztegitxoa sortuz, eta batez ere, herritarrak bertako hizkeraz lotsa izan ez dezaten eta erabiltzera bultzatuz. Baina aurtengoan haratago joan eta idatzizkoaren lanketa jorratzen hasi gara, tokiko estandarra edo Oiartzungo batua sortu nahian. 4 Oiartzungo hizkerari oiartzuera deitzeko lizentzia hartuko dugu. Fraile ahizpek ere horrela darabilte. 5 Harremanetarako: oiartzuarrenbaitan@tturttur.eus

hau behin betikoa izaterik nahi. Baina oinarrian, egitasmo honek Oiartzungo euskarari, eta euskarari oro har, zer-nolako onura ekar diezaiokeen erakusten saiatuko gara.

Bukatzeko, argi utzi nahi genuke hainbat argitalpenez eta lanez baliatu garela gida hau egiteko, ez dugula deus ere asmatu, handik eta hemendik bildutako edukiak baitira hemen ageri diren guziak.