Copyright © 2017 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2017 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2017 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo, Eva Aranzadi Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Izenburua: Maxi operazioa Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Zenbakia: 2 www.txanoyoscar.com julioypatri@txanoyoscar.com Xarpa Books Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago.
Hemen aurkezten dugun lan honek —«Txano eta Oscar anaien abenturak - Maxi operazioa»— Patricia Pérez eta Julio Santos ditu egile, eta Creative Commons lizentziapean argitaratu da (lizentzia mota: Aitorpena-Ez komertziala-Lan Eratorririk gabea 4.0 Nazioartekoa). Lizentziaren baldintzak kontsultatzeko, URL helbide honetara jo dezakezu: http://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/4.0/deed.es_ES
Maxi operazioa Ilustrazioak Testua Patricia Pérez Julio Santos
Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.
Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!
Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko.
Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.
Sara-Li
Flash
Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.
Barbara
Alex
Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!
Twin Cityko parke batean, giza irudi ilun bat zelatan zegoen sastraka artean ezkutatuta. Handik metro gutxira, neska talde bat jolasean ari zen alai eta pozik, haiekin zegoen txakurra alde batetik bestera korrika zebilen bitartean. Bat-batean, hezur formako bixkotx gozo bat agertu zen lurrean, animaliaren aurrean, eta sasi artera mugitzen hasi. Txakurra arrapaladan abiatu zen bixkotxaren atzetik, baina hura harrapatzekotan zegoela, esku sendo batzuek harrapatu zuten bera.
Neskak ohartzerako, txakurra urrun zegoen handik. Hurrengo egunetan zori bera izan zuten beste maskota askok. Desagertze horietan zegoen Txano eta Oscarren koadrilaren kuartel nagusia izango zena eraikitzeko gakoa, baina berek ere ez zekiten oraindik.
Praktika-saioak
Meteoritoa aurkitu ondoko bi asteetan zoro moduan ibili ostean —Sara-Liren gelan landareak kentzen eman genuen goiz osoa barne—, azken egun haiek normaltasuna berreskuratzeko aukera eman ziguten. Eguneko denbora gehiena gure ahalmen telepatikoekin jolasten emateari normaltasuna esan badakioke, behintzat. Imajinatzen duzu egun batean, bat-batean, zure anaiarekin eta zure maskotekin pentsamenduaren bidez komunikatzeko gai izatea? Izugarria, ezta? Bada, egoera horretan geunden anaia eta biok. Goiz hartan denboratxo bat generaman gure trebetasunak praktikatzen, eta Oscarren txanda iritsi zen berriro: ondo-ondo kontzentratu eta pentsamendu bat bidali zidan. Segituan, irudi bat hasi zen agertzen nire buruan.
9
—Zer? Neska bat aintzira baten ertzean dantzan, txoritxoak eta musikatxoa lagun? —esan nuen nik, anaiari harriduraz begira—. Abduzitu egin zaituzte ala? Aizu, estralurtar zikin hori, atera segituan Oscarren gorputzetik! —Egon, egon… oraindik ez dut bukatu-eta. Bat-batean, musikatxoa aldatu eta, uretatik, munstro bat atera zen, Ness aintzirakoa bezalakoa. Munstroak, ur-ertzera etorrita, bere lepo luzea luzatu
10
eta krausk irentsi zuen neska! Amaitzeko, korrokada handi bat bota zuen, haize ustel eta guzti. —Ados! Munstro bat neska bat haginka jaten eta korrok egiten. Hori hobeto egokitzen da zure burmuin gaixo horrekin —esan nuen, Oscarrek bere antzezpenaz barre egiten zuen bitartean. —Onartu beharra daukazu primeran atera zaidala —esan zuen Oscarrek, interesgarri plantak eginez. —Tira, ez da gaizki egon —onartu nuen nik—. Baina orain nire txanda da. Erne, badoa eta! Kontzentratu eta nire ideia proiektatzen hasi nintzaion. Gustatu zitzaidan Oscarren eszena, baina nik beste bertsio bat prestatu nahi nuen. Belarraren eta aintziraren irudi baketsuak bere hartan segitzen zuen, baina Nessiek orain ez zuen lehengo itxura beldurgarri hori, eta arazoak zituela ematen zuen. Bat-batean, hainbat metro altxatu uraren gainetik eta bere inguruan jiraka hasi zen, kontrolik gabe. Jirabira batzuen ondoren, lasaitzen hasi zen pixkanaka, aurpegia itxuragabetuta eta mihia kanpoan zuela. Munstro gaixoaren tormentuak ez ziren horretan amaitu, ordea. Halako batean, handitzen eta handitzen hasi zen, barrutik zerbaitek puztuta bezala, eta begiak beren zuloetatik atera beharrean zituela.
11
Orduan, hankak eta burua bakarrik nabarmentzen zitzaizkion bola erraldoi bihurtua jada, mila puskatan lehertu eta konfeti moduan erori zen, mantso-mantso, ur gainera. Eta eztandaren erdian, horra non azaltzen den, libre berriro, lehengo neska bera ur gainean flotatzen, barrutik linterna batek argituta bezala, gorputza distiraka. —Hori bai ona! Argizko neska batek barrutik desintegratu munstroa eta konfeti bihurtzen du. Gustatzen zait! —esan zuen Oscarrek. Ikusten duzu zertan ematen genuen denbora! Hainbat egunetan praktikatzen jardun ondoren, ia edozer gauza proiekta genezakeen batak bestearen burmuinean. Okerrena zen ezkutuan aritu behar genuela, ez baikenuen nahi gurasoek ezer jakin zezaten gure ahalmen bereziari buruz. Hasieran, hitzak edo zenbakiak baino ez genituen bidaltzen; geroago, irudiak bidaltzen ikasi genuen; eta orain, dena batera bidaltzeko gauza gara jada. Hotsak transmititzen ere saiatu ginen, gure gustuko filmen musikak buruz kantatuz, eta, aizu, ondo funtzionatu zigun horrek ere! Maxi eta Flashekin gauza bera lortzea ez zen hain erraza gertatu, ordea.
12
Agindu sinpleak zirenean —«Etorri!», «Eseri!» eta holakoak—, ondo funtzionatzen zuen. Baina gauza zailxeagoak transmititzen saiatzen ginenean, ezer ez ulertu ez duen baten aurpegiaz begiratzen ziguten. Hala ere, laster ohartu ginenez, hitza eta hari zegokion irudia biak batera bidaliz gero, berehala harrapatzen eta baliatzen zuten ideia. Trikimailu hori erabilita, arazorik gabe aditzen genuen elkar, eta egunetik egunera hobetuz joan zen gure arteko komunikazioa.
13
Dena dela, gelan lasai jolasean hainbeste egun ematea ez zen batera normala gure aldetik, eta ama, zeinak batzuetan pentsamendua irakurtzeko berezko ahalmena zuela baitzirudien, harritzen hasita zegoen. Badakizu‌ amei ezin zaie ezer ezkutatu luzaroan, eta zerbait susmatzen hasia zela nabaritzen nion nik begiradan. Ordu arte anaia eta biok ados azaldu ginen gure sekretua isilpean gordetzeko beharraz, baina ordurako hain ondo menderatzen genuen gure ahalmen berezi hura, gurasoei azaltzeko unerik egokiena noiz izan zitekeen pentsatzen hasiak baikinen jada. Oscarrek zioen goizegi zela oraindik horretarako, baina nik ez neukan hain garbi kontua. Gure amaren botereak ezagututa, ez zuen denbora asko beharko gure sekretua aurkitu baino lehen, eta, beti ere, hobe izango zen guk geure ahotik azaltzea dena, berak bere aldetik deskubritzea baino. Hori bai, biok ala biok geunden Rauli eta Soniari dena kontatzeko irrikaz. Raul eta Sonia gure lagunik onenak ziren eta udan denbora asko ematen genuen elkarrekin. Aurten, baina, eskolak bukatu bezain laster, Sonia aitona-amonen etxera joana zen aste pare baterako, eta Raul oporretan zen familiarekin.
14
Laurok ikastetxe berean aritzen ginen eta txikitatik ezagutzen genuen elkar. Urte horietan guztietan, ordu asko eman genituen elkarrekin jolasean. Oso desberdinak ginen batzuk besteengandik, baina, horregatik agian, ezin hobeto moldatzen ginen. Sonia alaba bakarra zen. Haren gurasoak bananduta zeuden eta bera amarekin bizi zen. Oso buru azkarra zuen, eta oroimen bikaina. Eta hori inongo harri berderen beharrik gabe. Noizbait entzundako zerbaiti buruz galdetuta, arraroa izango zen hartaz oroitzapenik ez izatea. Filmen izenak asmatzera jolasten genuenean, adibidez, berak irabazten zuen ia beti. Sonia oso trebea zen ordenagailuekin. Beno, teknologiarekin zerikusia zuen guztiarekin zen oso trebea. Abilezia hori familiatik zetorkion, segur aski: haren amak gure izeba Laurarekin egiten zuen lan bideo-jokoak garatzeko enpresa batean, eta oso ona omen zen bere alorrean. Oscarrek eta Laurak amodio-gorroto harreman berezia zuten elkarrekin. Edozer huskeriagatik haserretzen ziren, baina zerbaitetan biak batera lanean jartzen zirenean, emaitza harrigarriak lortzen zituzten ia beti.
15
Nik uste anaia berarekin gustatuta zegoela, pixka bat behintzat, baina horretaz galdetzen zenionean, poker-aurpegia jarri eta tximistaren abiaduran aldatzen zuen gaia. Raulek ez zeukan Soniak bezain memoria ona, eta ez zen, ezta ere, teknologiaren friki bat, Oscar bezala, baina buru bat ateratzen zigun hiruroi. Dena dela, zera zen onena: bere adinerako super altua eta super indartsua izanik ere, inoiz ez nuela ikusi
16
inortaz abusatzen. Magiazale amorratua ere bazen, mago amateur handi bat. Gainera, oso ona zen kirol proba guztietan, eta ikastetxean, taldeak antolatzeko orduan, beren lagunarterako aukeratu nahi izaten zuten beti denek. Haiekin egoteko irrikaz nengoen! Hainbeste gauza genituen kontatzeko, ez baikenekien nondik hasiko ginen ere!
17
Berriro elkarrekin
Sonia eta Raul oporretatik itzuli bezain laster, parkean elkartzeko hitzordua jarri genuen. Gure etxetik kale gutxira bizi ziren, eta, parkera joateko, gure etxe azpitik pasatu behar zutenez, bertan zain geratzen ginen gu, jolasean, eurak bila azaltzen zitzaizkigun arte. Gero elkarrekin egiten genuen bidearen gainerakoa. Baina hura ez zen egun normal bat, eta lagunak iritsi baino ordu erdi bat lehenago ere gu haien zain geunden jada, atariko eskaileretan eserita. Urduri samar, egia esan. Maxi gure arrebarekin geratu zen, baina Flash, gure katagorria, gurekin zen. Animaliatxo gaixoa bil-bil eginda zihoan Oscarrek okasiorako jantzia zuen kirol-jertsearen poltsikoan. Han ezkutatuta geratzeko eskatu genion, aurkezpenak egiteko ordua iritsi arte.
18
Pausoz pauso egin nahi genituen gauzak, eta Flash aurkeztea izango zen lehena. Bilatuko genuen aurrerago telepatiarena azaltzeko modua.
19
Antonov irakaslea eta Sara-Li kenduta, Sonia eta Raul izango ziren lehenak kontu horren berri jakiten, eta bizitza osoko lagunak genituen arren, ez genekien oso ondo nola erreakzionatuko zuten. —Nola azal diezaiekegu gertatutakoa? —galdetu nuen nik, eskailera-mailetan erdi etzanda jarrita. —Ea zer iruditzen horrela: «Kaixo…! Eztanda egin zigun meteorito berde batek telepata bihurtu gaitu» —esan zuen Oscarrek, laguntza gutxikoa izango zitzaidalako nire susmoak berretsiz. —Ez izan astoa! Horrela ezta pentsatu ere. —Bada, orduan, esango didazu nola! —protestatu zuen anaiak— Bertsotan kontatzea nahi ala? —Ez dakit, baina badaezpada, zuk ez ezer kontatu oraingoz. Oihuka eta espantuka hasiko lirateke, eta horiek entzunda amak leihotik burua aterako balu, akabo gure sekretua! —Bale, bale! Zure kontu orduan. Baina hobe duzu zerbaitetan pentsatzen hasi —esan zuen Oscarrek, esku batekin bizikletari helduz eta bestearekin lagunei diosal egiten ziela. Ni ere salto batean jaiki eta atzetik joan nintzaion, urduri, baina lagunekin ukabilak elkar jo eta Soniaren bizikleta berriaz iruzkin pare bat egin ondoren, nerbioak ahaztu eta uda osoa elkarrekin eman izan bagenu bezala abiatu ginen laurok parkerantz.
20
Parkean beti jartzen ginen tokira iritsi ginen, skatepark ondoko eserlekura. Bizikletatik jaitsi gabe, ingurura begiratu nuen. Zera etorri zitzaidan burura une hartan: hantxe geundela gu, gure lagunak eta gure eserlekua, eta meteorito berde bat sudurren aurrean lehertu zitzaigulako huskeriarengatik izan ez balitz, berdin jarraituko zuela denak. —Aaa! —egin zuen Raulek, nagiak ateraz—. Asko eskertzen diet gurasoei eskola bukatu bezain laster hartzea oporrak. Horrela, orain, uda osoa dugu aurretik elkarrekin egoteko —gehitu zuen gero, eserlekuaren bizkarrean esertzearekin batera. —Zer moduz zuen oporrak? —galdetu nuen nik, Raulen ondoan eseri bitartean. —Egon garen kanpina oso dotorea zen —erantzun zuen Raulek—. Sekulako igerilekua zegoen: bi txirrista handi zeuzkan, eta irlatxo bat eta guzti erdian. —Arraioa! Niri izugarri gustatzen zaizkit irlatxoak dituzten igerilekuak —esan zuen Oskarrek—. Baldin eta gainera igotzea librea bada, bestela ez. —Gure horretara igotzea libre zen —erantzun zuen Raulek—. Nik hantxe ematen nuen egun osoa, lehengusuekin jolasten. Arazo bakarra da bigarren astean familia bat etorri zela gure ondora, haur txiki batekin, eta haurrak nirekin egon nahi izaten zuela
21
denbora guztian. Hasieran dibertigarria izan zen, baina gero matraka ematen hasi zitzaidan eta puf…! —jarraitu zuen Raulek, nazka aurpegia jarrita—. Azkenean, gaitz kutsakor baten kontrako tratamendua hartzen ari nintzela asmatu behar izan nuen, eta dena ikaratuta joan zen haurra gurasoei kontatzera. Eskerrak niregana gehiago hurbiltzea debekatu zioten… A zer alamena! —Ni, berriz, etxera bueltatzeko irrikaz nengoen…! —esan zuen Soniak, bizikleta gainean eserita, artean—. Nola aspertu naizen aitona-amonen etxean! Nik uste, herri horretan, uda iristean denean, nire adineko haur guztiek ospa egiten dutela bertatik, eta ni baino askoz txikiagoak edo askoz handiagoak direnak bakarrik geratzen direla bertan —kexatu zen—. Eta nik debekatuta nuenez handiekin ibiltzea, berrogei piezako buru-hausgarriak egiten pasatu dut denbora, ondoko etxeko haurrekin batera. Oso dibertigarria! Oscarrek bizikleta utzi eta nire ondoan eseri zen. —Amonak kartetan erakutsi dit, behintzat —jarraitu zuen Soniak, gogorik gabe—. Arratsaldeetan, lagunak etortzen zitzaizkion partida jokatzera, eta baten batek huts egiten zuenean, nik ordezkatzen nuen. Hasieran, oso amonatxo goxoak iruditu zitzaizkidan denak, baina ikusiko bazenute nola jolasten zuten…
22
Ufff! Ez zegoen haiei irabazteko modurik. Ezta telepatiaz komunikatuko balira ere! —esan zuen Soniak, hatzak lokietan jarri eta kontzentratzen ari zelako itxurak eginez. «Hara! Gaur ez nau bakean utziko hitz ditxosozko horrek», pentsatu nuen nik. —Tira! Eta zuek, zer moduz? Oraindik ez duzue ezer esan —esan zuen Raulek—. Zer da kontatu nahi zeniguten hori…? Laguntza eske begiratu nion Oscarri, baina anaiak sorbaldak altxatu eta irribarretxo bat egin zidan, «hasi nahi duzunean» esan nahiz bezala. Arnasa sakon hartu, eta lagunengana makurturik, honela ekin nion: —Bada, lehenik eta behin…, zera… —zezeldu nuen—, koadrilako kide berria aurkeztu nahi dizuegu —eta Oscar aldera seinalatu nuen, Flash noiz agertuko zain. Baina Flash ez zen agertu, eta horren ordez, anaiaren jertsea mugitzen hasi zen, berezko bizitza balu bezala. Soniak eta Raulek atzeraka egin zuten, harrituta. Oscarrek, antzerkirako bere dohainak erakutsiz, beldurtu itxurak egiteko aprobetxatu zuen unea. —Ai, ai, ai! Lagundu! Alien bat daukat barruan! —esan zuen oihuka, poltsikoa batera eta bestera mugitzen zitzaion bitartean—. Lagunduuu!
23
Flash ere primeran betetzen ari zen bere papera. Ziur ados jarria zela Oscarrekin. Elkarrentzako modukoak dira biak, inondik ere. Gure lagunak, ondo ezagutzen baitzuten anaia, poliki hurbildu ziren harengana, harik eta anaiak nahikoa hurbildu zitzaizkiola iritzi zion arte. Une horretan, Oscarrek oihu zorrotz bat egin, gorputza eserlekuan erortzen utzi, eta norbait
24
erraiak ateratzen ariko balitzaizkio bezala hasi zen mugitzen. Poltsikoa eskuez inguratu eta beste alarau pare bat bota ondoren, Flash jauzian atera zen haren eskuen artetik. Eman zuten salto handiaren ondorioz, Sonia eta Raul ipurdiz gora erortzekotan egon ziren. —Baina zu burutik zaude ala? —oihu egin zuen Soniak, arnasa berreskuratu bitartean—. A zer ikara eman didazun! Oscar eserlekuan agondu zen, barrez hesteak bota beharrean. Ikuskizun ederra antolatu zuten, bai, bien artean! Eta niri ezer esan gabe! Telepatiaren kontu horrek, Oscarren eskuetan, biziki arriskutsua zirudien… Raul ere oneratu zelarik, jakin-minez inguratu zitzaizkion lagun biak katagorriari. Oscarrek bere esku zabalduaren gainean hartuta zeraman, harro-harro, katagorria, eta Raul eta Soniaregana hurbildu zuen, hobeto ikus zezaten. —Hona hemen Flash! —esan zuen—. Gure eta zuen lagun berria.
25
26