
1 minute read
Turismoaren eragina
Eskumen gisa auzo udalaren zeregina ez bada ere, bizi dugun errealitatean gero eta eragin zuzenagoa du turismoak. Ikusi besterik ez dago bisitari kopurua, inguruan dugun paisaia naturalak, ondare historikoak eta Donejakue Bideak erakarrita. Turismoaren sektoreak garrantzi berezia hartu du azken urteetan, lehen mailako aktibitate ekonomiko bilakatzeraino. Horren adierazle dira nekazalturismo sarea, hotela, kanpinga eta bestelako egonlekuak eta, zer esanik ez, ostalaritza aukera zabala.
Alabaina, onura eta probetxuak ez ezik, albo ondorioak ere eragiten ditu turismoaren oldeak. Paisaia naturala erakarpen nagusi den inguruetan, hauskorra bilakatzen da nekazaritza jarduerekiko oreka. Azkenaldian Elorrixako eremuan gertatzen diren gehiegizko pilaketek arazoak sortu dituzte, egiturazkoak eta elkarbizitzakoak. Zenbait neurri hartu dira Aldundia, Debako Udala, Itziarko Auzo Udala eta bertako bizilagunen arteko elkarlanean: ibilgailu handien sarrera mugatzea, oinezkoen segurtasunerako bideak seinalatzea, auzoko plazan aparkatzea debekatzea, errepidea konpontzea eta egun seinalatuetan ikuskapena gehitzea. Nolanahi ere bada oraindik zer hobetu, turismo eredu integral eta integratu baten norantzan.
Advertisement