
1 minute read
Adinekoak ere bai
Bizitza kalitate duina izateko ezinbestekoa da zaintzan oinarritutako egunerokotasun aktiboa izatea; horretarako lagungarriak dira ariketa fisikoa, estimulazio kognitiboa eta ohitura osasungarriak. Bestalde, bakardade egoerei aurre egiteko beharrezkoa da giza harremanak sustatzea.
Adinean aurrera doazen herritarrei zuzendutako eskaintza jorratu eta parte hartze zuzena bultzatu ditu auzo udalak, ahal den neurrian. Horren adibide dira antolatutako ekintzak: memoria tailerrak, hitzaldiak eta gimnasia saioak. Ariketa fisikoa lantzeko makinak jarri ziren Goiko kalean. Hilean behin podologia zerbitzua eskaintzen da beharra duenarentzat, harrera bulegoaren bitartez. Uztail amaieran izaten den jubilatuen eguna sostengatzen du auzo udalak; ospakizuna biziberritzeko saiakera egin da azken urteetan. Era berean, txangoa prestatzen da uda garaian, intereseko lekuetan egun pasa eginaz.
Advertisement
Helburua herritar jubilatuen lan talde finko bat eratzea litzateke, auzo udalaren babesaz urtean zeharreko dinamizazio lana egingo duena. Hala ere, bereziki atondutako eskaintzaz gain, ohiko jardueren subjektu behar du izan adineko jendeak, giza komunitatearen parte aktiboa izanik.