
1 minute read
Hondakinen kudeaketa garestia
Kezka iturri da gaur egun hondakinen arazoa. Auzo udalari dagokio herriguneko, landa eremuko eta industrialdeko hondakinen bilketa gastua, urteroko aurrekontuaren %45 inguru, 420.000 euro azken urtean. Horri gehitzen zaizkio kale garbiketaren 29.000 euro, astean behineko zerbitzuagatik. Demasako gastu horrek ez dakar ordea kalitatezko zerbitzurik.
Zailtasuna egiturazkoa ere bada, izan ere Debabarreneko Mankomunitateak ezartzen ditu hondakin bilketa jarraibideak, eta bertan ez dagokio ordezkaririk auzo udalari.
Advertisement
Funtzionamendu desegokiaren erakusle dira noiznahiko zabor pilaketak, eta haizeak industrialdetik barreiatzen dituen plastiko eta abarrak, inguruko parajeak zikinduz. Egoera aldatzeko, hondakinen kudeaketa berrikusiko duen prozesua abiatzeko eskatu du auzo udalak. Debako Udalak ere mahai gainean du gaia, eta industraldeak landu beharrekoa.
Ditugun baliabideei etekina ateratzeko, gestioak egiten ari gara Debemenen laguntzarekin, auzo udalak aurreikusia duen herriko langilearen figura ezartzeko, beste lanen artean kale garbiketa ere beregain hartuko lukeena, gainontzean brigadakide gisa aritzeko. Landa eremuan, artile bilketa eta baserriko plastikoen bilketa hobetzeko pausoak eman ditugu.