
1 minute read
Internet landa eremuan
Digitalizazioaren garaian garrantzitsua da internet konexioak etxe guztietara berdin iristea, kalean bezala landa eremuan ere. 2020 hasieran, banda zabal ultra azkarra Gipuzkoako baserrietara hedatzeko egitasmoa aurkeztu zuen Foru Aldundiak, horrela landa eremuan bizi direnen bizi baldintzak hiriguneetako bizilagunen parekoak izateko. 2023rako baserri guztietara banda zabalarekin heltzea zuen helburu. Banda zabal ultra azkarraren onuren artean, internet sarrera konexio azkarra, telebistaren definizio altua eta bideozaintza zerbitzua nabarmendu daitezke.
Udalerriaren parte izanik, erdia ordaintzea auzo udalari bazegokion ere, Gobernu Espainiarraren eta Aldundiko lizitazio ezberdinei esker finantzatuko da. Hainbat oztopo burokratiko gainditu ondoren hainbat auzotara iristen hasia da banda zabala, hala nola, Itsaspe, Arriola edo Lastur aldean. Pixkanaka leku gehiagotara iritsi behar luke. Auzo udalaren eginkizuna da azpiegitura honen exekuzioa egikaritzea. Banda zabala ezarri bitartean, baserrietako seinaleak behin behinean hobetzeko ahal diren konponbideak bilatu dira, esate baterako, Apaizetxeko teilatuan errepetidore bat jarria da Itsaspeko bizilagunen seinalea hobetu duena.
Advertisement