
1 minute read
Atzeratutako ikerketa sozioekonomikoa
Orain dela zortzi urte auzo udala eratu zenetik, inguratzen gaituen errealitatearen ezagutza zehatzik gabe egin dugu lan. Gabezia hori gainditzeko ikerketa sozioekonomikoa abiatu du Itziarko Auzo
Udalak azken legealdian. Helburu nagusia dugun egoeraren diagnostiko ahalik eta osoena egitea da, garapen sozial eta ekonomikoan eragiten duten arlo nagusiak eta horietan esku-hartze agenteak aztertuz. Lurralde-eremuaren eta bertako biztanleen bilakaera, egungo egoera eta etorkizunekoa ditu oinarri ikerketak, familien gaur egungo egitura, osasun egoera, egoera ekonomikoa, bizitza sozial eta kulturala, zerbitzu, etxebizitza eta azpiegiturei buruzko beharrak eta perspektiba sozio-profesionalak kontutan hartuz. Horretarako, Itziarko Auzo
Advertisement
Udalaren eremua eta Deba udalerri osoa ere hartuko dira kontuan.
Garrantzi handikoak eta oso erabilgarriak izango dira inkesta honen emaitzak, garapen integral eta iraunkorra bideratzeko orientabideak emango baitituzte. Inkestarekin batera, ezaugarri, baliabide eta potentzialitateei buruzko gogoeta estrategikoa ere egingo da. Ikerketaren egitura mamituta dago dagoeneko, prozesua aurrera eramateko kontratatutako Siadeco Ikerketa Elkartearen laguntza teknikoarekin. Baina pandemiak eragindako egoera dela eta atzeratuz joan da herritarrek osatu beharreko inkesta, horretarako une egokiaren esperoan. Izan ere, emaitza baliagarriak jasotzeko ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea eta inplikazioa. Gauzak horrela, datorren legealdiaren hasieran burutuko da ikerketa sozioekonomikoa, auzo udalak horretan jarriko duelarik bere lehentasuna.