MUNDAKA FESTIVAL jaialdia dela eta MUNDAKAKO EH-Bilduk honako hau adierazi nahi du: 1.- PARTE HARTZEA MUNDAKA FESTIVAL (MF) izenekoa ekimen pribatua dela jakinda, baina herrian eta herritarrongan izango zuen eta azkenik izan duen eragina ikusita, Udal Gobernuak ez du horren inguruan hausnarketarako edo parte hartzerako biderik zabaldu, ez mundakarrentzat zuzenean ez eta udalean bertan ere. Aitzitik, MF ekimenaren antolakuntzak lehenengo eskaera sartu zuenetik, martxoan hain zuzen, Udal Gobernuak isilpean eraman du tramitazio guztia. Ekimenaren inguruan ez du inolako berririk eman, ez batzordeetan eta ez Osoko Bilkuretan (beharbada batzokian bai). Udalean horren inguruan berba egiteko lehenengo bilera ekainaren 24rako deitu zen. Kasu honetan Alkateak MFren antolakuntzak egindako eskaerak bete besterik ez du egin , hori bai eta ohikoa denez guzti guztia dekretu bidez, hau da batzordeetan eta osoko bilkuran gaia aztertu barik. 2.- GESTIO ADMINISTRATIBOA Eremu publikoa okupatzeko, trafikoa eteteko eta Jaialdia egiteko baimena onartzen zuen dekretua uztailaren 30ean eman zuen Alkate jaunak, ordura arteko akatsak zuzentzeko dokumentazioa 28, 29 eta 30ean aurkeztu zuelako antolakuntzak. Hain zuzen ere, kontzertuak egiteko muntaia guztia eginda zegoenean eta jada soinu frogak egiten ari zirela. Beraz, Udal Gobernuak enpresa pribatu batek eremu publiko zabala eta legez babestua okupatzea, trafiko etetze handiak eta arrisku handiko jarduerak burutzen utzi zuen. Eta zenbait kasutan horiek aurrera ateratzen ere lagundu zuen Udalak, kontratatutako langileekin eta horretarako baimenik izan gabe. Udal Gobernuaren arduragabekeria ikaragarria izan da, eta azkenean hari eragingo ziokeen gertaerarik izan ez bada ere, hau da, harentzat “dena ondo� joan izanak ez dio erantzukizunik kentzen. Batez ere ikusi dugunean arauak betearazten oso zorrotzak izaten badakiela askotan erakutsi digulako. Hori bai, atzean lagun handirik ez dutenekin eta egunero kalean bizitza atera behar dutenekin. 3.- ONURAK ETA KALTEAK / AHALEGINA ETA NEKEA Argi dago horrelako ekimen batek kanpoko jendea erakartzen duela eta, beraz, eragin ekonomikoa ere izan beharko lukeela, batik bat denda, taberna, hotel eta antzekoetan. Beste gauza bat da azkenean herrira hurbildu den jende kopurua plus bat suposatu duenentz udako edozein asteburuarekin alderatuta. Egia esan, herrian ez da etortzekoa omen zen jendetza ikusi. Horren horren inguruko balorazio zehatza eragileek egin beharko dute, ostera. Bestalde, ekimena aurrera ateratzeak Mundakako herriari eta mundakarrei ahalegin oso handia egitea eta neke asko pairatzea ekarri die. Esfortzu eta neke objetiboak eta zenbatzeko edo kuantifikatzeko modukoak. Batzuk aipatzearren, trafiko eteteak kamioiak pasatu ahal izateko, eremu publikoaren okupazioa leku zabaletan eta denbora luzean, udalak langileak kontratatzea eta materiala uztea, zaratak, herrian berez oso eskasak diren aparkalekuak kentzea eta autobus geltokia lekuz aldatzea.