1.- Sarrera Egoera ekonomiko eta soziala larria da oso. Nazioarteko finantza krisia hasi eta bost urte beranduago, egoerak ez du buelta ematen eta aldiz, gurean hilero oso kezkagarriak diren pobreziaren, prekarietatearen edo langabeziaren datuak jaso eta pairatu besterik ez dugu egiten. Azken urteotako krisi lazgarri honek beste hamarkada batzuetan pairatu izan ditugunekin alderatuta, desberdintasun handi bat du: herritarroi urte luzez eskuratzea kostatu izan zaizkigun oinarrizko eskubideak eta duintasunez bizitzeko nahian lortutako urratsak indarrez kendu nahi dizkigute. Erasoaldi bortitz hori zuzentzen ari direnak, azken hamarkadetan mundu mailan eratu diren finantza-botere ekonomikoak, Europar Batasuneko eta haren kide diren Estatu guztietako botere organoen aldamenean eseri eta Europa zaharreko demokrazia osoa bahitu dute aspaldiko lagun dituzten Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzarekin. Talde horien jokamoldea ez da berria, noski, baina oraingoan, finantza-burbuilak eragindako kapitalismoaren krisialdi handienaren aurrean, kareta guztiak kendu eta demokraziaren oinarrizko arau guztien gainetik, Europako periferiako herritarrok hartu nahi gaituzte euren diru funtsen bermerako esklabo. Horren guztiaren adibide dira Grezia, Italia, Espainia, Portugal edota Frantziako Gobernu edo estatuetan eman dituzten “Estatu kolpeak�: presidenteak inongo hauteskunde-prozedurarik gabe euren karguetatik kenduz, Konstituzioak gauetik egunera dekretu bidez eta inolako kontsultarik gabe aldatuz... azken finean, neurri neoliberal gogorrenak aplikatzera behartuz. Zertarako? Europako banku gutxi batzuen esku dagoen estatu ezberdinen zor publikoa ordaintzen jarraitzen dela bermatzeko. Eta zer egin dute Europako periferiako Estatu horietako buruzagi politikoek? Gehienek, ogi apurrak eskuratzea izango dutelakoan, neurri horiek txalotu eta herritarrak engainatuz aplikatu dituzte. Alta, hala nahi izanda ere, neurri horiek aplikatzerakoan herritarrak ezingo zituztela engainatu ulertu dutenek, inongo legitimitaterik ez duen inposaketa salatu beharrean, herritarroi bizkarra eman eta egoera onartzea beste biderik ez dugula sinestarazi nahi digute, “garai hobeak� etorriko direnaren esperantzan. Garai horiek ordea, ez dira Troikatik datozen neurriei men eginez etorriko, horrela jokatuz gero, datozen urte eta hamarkadetan aberatsak nola aberasten diren eta herritarrok nola pobretzen garen besterik ez baitugu ikusiko. Eta urteetan langileriaren borrokaren bidez lortutako eskubide laboral eta sozialak nola suntsitzen diren. Krisi honetara ekarri gaituzten politikekin tematu nahi izateak helburu bakarra dauka: sistema ekonomiko eta sozial anker hau hala edo nola iraunaraztea, krisia deiturikoa denbora luzez mantentzea, eta gutxi batzuentzat onuragarriak diren eta gehienontzat erabat kaltegarriak diren neurriei bide ematean jarraitzea. Testuinguru horretan guztian, ororen gainetik, argi dago zer den Euskal Herriak behar duena: burujabetza ekonomiko eta soziala. Eta burujabetza hori zuzenean herritarrek behar eta nahien arabera erabil dadin, ezinbestekoa izango zaigu demokrazia parte-hartzaile eta zuzeneko erakunde publikoak eraikitzea.