Zer da Libertimendua? Nagusiki Nafarroa Beherean egiten den inauteria da. Libertimenduak musika, dantza, antzerkia eta bertsolaritza nahasten dituen artedrama da. Bi bando nagusi bereizten dira: zirtzilak eta dantzariak. Batzuen aburuz onaren eta txarraren arteko borroka sinbolizatzen dute. Dantzariek ez dute hitzik, eta eder ageri dira haien jantziekin. Zirtzilak mintzo dira, bai, eta mihi zorrotza dute gainera; kontrara, zarpailak dira. Plazan tartekatu egiten dira: dantzak-antzerkia-bertsolariak. Dantzariek zenbait pieza egiten dituzte. Aurten Oberena dantza taldeko kideak arduratuko dira dantzak emateaz, baina aurrera begira auzoko edozeinek parte hartzea litzateke helburua, baita dantza propioak sortzea ere. Zirtzilak, auzoko gazteak izanen dira eta auzoan gertatutako aferei errepasoa emanen diote. Kritika zorrotza eginen dute, baina ez besteen lepotik soilik; autokritika egitea inportantea da, nor bere burutik hasteak zilegi egiten baitu plazan edozer kritikatzea. Bertsolariek epaile lana egiten dute: zirtzilek plazan kontatutakoaren gainean aritzen dira bertsotan. Bi bertsolarik parte hartzen dute. Libre aritzen dira, nahi duten bezala; beti ere zirtzilek plazaratutako gaien gainean. Motxuelo pertsonaia ere agertuko da, auzoak izan zuen lehendabiziko izena pertsonai horrek eman baitzion. Pertsonai hau anbiguoa izanen da: itxuraz, gaiztoa edo misteriotsua, eta bi bandoen artean ibiliko da. Bukaeran dantzarien eta zirtzilen arteko guda irudikatzen da, eta dantzariek zirtzilak uxatzea lortzen dute azkenean, izurria kanporatuz eta udaberriari bide emanez Zergatik libertimendua Arrosadian? Arrosadiko inauterietan euskarari lekua ematea izan da Haizegoa Euskara Taldearen helburua, eta horretarako, libertimendua tresna interesgarria da, ikusgarria ez ezik, hitza ere erabiltzen duelako: euskara. Bi helburu nagusi ditu Arrosadiko libertimenduak: inauteri propio bat sortzea, euskaratik eta euskaraz; eta auzoko hizkuntza ohituretan eragitea, euskararen erabilera bultzatuz. Bestelako helburuak ere badaude: belaunaldi arteko harremanak jorratzea, auzoa biziaraztea eta inauteriez gozatzea. Beraz, parte hartzaileak euskaldunak dira, helburuetako bat euskara karrikara ateratzea baita, hizkuntza ohituretan eraginez. Inauterietako eguna. Arrosadian, Inauteriak otsailaren 17an ospatuko dira, eta egun horretan, goizean, libertimendua plazaratuko da. Goizeko 11etan Bardenas tabernan elkartuta, bertan eginen da lehenengo geldialdia, tabernakoek jan-edana eskeiniko dutelatik. Ondoren, kalejiran Hegoalde Ikastolara abiatuko da, bigarren geldialdia eginez. Gero, Gaiarre, Gelbentzu eta Manuel de Falla kaleetatik Lagun Zaharrak elkarteraino hurbilduko da kalejira, azkeneko geldialdia egiteko. Horren ondoren, eta karrikak esnatuta, eguerdian Manuel de Falla plazan, plazako lanak eginen dituzte musikari, dantzari, bertsolari eta zirtzilek. Euria izatekotan, Hegoalde Ikastolako pilotalekuan eginen dira plaza lanak Gainerakoan, auzoko Koordinadora Kulturalak antolatutako egitarauarekin jarraipena emanen zaio Inauteriei: bazkari herrikoia izanen da, eta arratsaldean kalejira eta musika.