EBETE (Gurasoekin euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa) Egitasmoa Udalaren eskutik heldu zitzaigun. Udaletxean “euskara biziberritze plan nagusiaren” urriko bileran Iñaki Eizmendik bere proiektua azaldu zigun. Nahiz eta eremu desberdinetan landu daitekeen egitasmoa izan gure eskolan gurasoen arloa garatzea erabaki genuen. Gure plangintza nahiko osatua daukagu baina eremu honetan ikusten genuen hutsunea eta zonaldeko Hizkuntza Normalkuntza teknikaria den Josune Alberdirekin hitz egin ondoren pentsatu genuen mintegian lantzen ari ginenaren osagarria izan zitekeela.
2014ko urriaren 5ean - Gurasoengan eragin. Gurasoei ikasturtean zehar eta modu sistematikoan helarazteko informazio bateratua izatea. - Gurasoak eragile. Gurasoen inplikazioa lortzea seme-alaben hizkuntza ohiturei begira.
Gurasoengan eragin: - Irakasleekin ikastaro bat egingo da. / IRALE (2015-16) IRALEKO ikastaroa 10 saiokoa izango da. Gutxienez 9 irakaslek hartu behar dute parte. Ikastaro horretan gurasoei eman nahi zaizkien mezuak landuko dira, gurasoen kezkak eta kezka horien erantzunak adostuko dira, eta mezuak nola eman eta mezuekin batera gurasoei zein tresna eskaini ere landuko da. - Ikastaroaren ondoren, plangintza bat osatuta geratuko da eta plangintza aurrera eramateko euskarriak ere prest izango dira (esku-orriak, argazkiekin osatutako bideoak…). - Plangintza horretan ikasleen adina kontuan izango da (Haur Hezkuntzan, 2-3 urtekoak, 4-5 urtekoak…), gurasoen ezaugarriak kontuan hartuko dira (euskaldunak, erdaldunak, pixka bat dakitenak…) eta urte garaia ere kontuan hartuko da (ikasturte hasiera den, Gabonak, banakako bilerak…). - Ikastaroa 2015-2016 ikasturte hasieran egingo da, eta Eusko Jaurlzaritzako Hezkuntza Saileko Irale programaren bidez bideratuko da. Lehenengo bat edo bi saio irailaren erdialdeko formazio saioetan burutuko dira gurasoen bileretan azalpenak eman ahal izateko.