udal aldizkaria
Herriaren egoera orokorra landu da auzoetan
2018ko URRIA • 201. ZENBAKIA
ABARAXKA
Bizikidetza arazoak izan dira auzo guztietan aipatuenak 2019 aurrekontuak, auzoetako egoera eta herriaren egoera orokorra izan dira hizpide aurtengo auzo batzarretan. Udala pozik dago parte-hartzaileek egin dituzten balorazioekin baina kezka punttu bat du parte-hartzaileen kopurua bere horretan mantentzen delako azken urteetan. Bizikidetza arazoak, aipatuenak Bizikidetza arazoak eta arauak ez errespetatzea izan da auzoetan gehien aipatu den kezka: abiadura handia; txakur-kakak; txakurrak solte; zikinkeria lurrera botatzea... Udalak norberak bere jarreren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, oso gutxi eginda hobetu baitaiteke bizikidetza. Auzoetan, batzarretatik abiatutako lanak Auzoetan egin diren lan nagusiak partekatu eta baloratzeko tartea ere izan da. Gauzatu diren egitasmo gehienak auzo batzarretako eskaeretatik abiatu eta hauetan kontrastatu dira. Haur parkeak txukundu, auzo lokala egokitu, Altzibar-Iturriotz espaloia txukundu, Cadarso auzotik atera (Altzibar); Larzabal etxadiko aparkalekua txukundu eta kirolgunea jarri, Ganboxa txukundu, taxi geltokia berreskuratu (Arragua); Bidegaina berrantolatu, Manuel Lekuona etorbidea berritu, Legarreako obra, Ibargaingo pasabidea argiztatu (Elizalde); herribideak konpondu, Arbelaitz bidea
bidegorriarekin lotu, hoditeria saneatu (Ergoien); aparkalekuko pasabidea argiztatu, Bizardiako horma egin (Gurutze); Tronpeo berrantolatu, Altzibar-Iturriotz espaloia argiztatu, Xorrolaren geltokia tokiz aldatu (Iturriotz); sarrera berritu eta bidea zabaldu, erreka errekaltzatu, larrialdi irteera konpondu (Karrika); espaloiak konpondu, Intxixu aurrean semaforoa jarri eta Txipito konpondu (Ugaldetxo). Epe motzean egingo diren proiektuen berri ere eman da: Cadarso bota (Altzibar), Ormazabaleneako aparkaleku berria (Elizalde), bidegorria luzatu (Karrika) eta Kalexa plaza bidegorriarekin lotu (Ugaldetxo). Herri mailako ekimenak Herri mailako ikuspegia auzoetara eramatea izan da Udalaren lehentasuna. Mendiburu 14 eta Arizmendi-eneako proiektuen berri eman da eta poligonoak berritzeko eta enpresak erakartzeko politika industriala azaldu (Lintzirin, Ihurrita...). Egitasmo berriak ere izan dira hizpide: Lurbizi, merkataritza ttikia suspertzeko egitasmoa, etxebizitza politika (ASAP programa eta Etxebizitza Bulegoa) eta Larre Plana. Orain, 2019ko aurrekontu proposamena auzoetan aurkeztuta, oposizioarekin eta udal teknikariekin lantzen ari da behin betiko proposamena.
Eskola Agenda 21, joan-etorrian Arraguako frontoian lanean Eskola Agenda 21n baitan iaz ikasleek zarataren inguruan Udalari egindako proposamenen erantzunak entzutera etorri dira udaletxera. Aurten, klima aldaketaren gaia landuko dute.
Arraguako pilotalekua -Ganboxa kalean- margotzeko eta hezetasunak tratatzeko lanak hasi dira. 15.000 € bideratuko ditu Udalak auzotarrek eskatutako lan hauetara.
HAUR TXIKIAK EZ DAUDE PARTEKATZEKO PRESTATUAK Montessori hezkuntza edo Montessori pedagogia haurraren askatasunean, autonomian eta auto-garapenean oinarrituta dagoen hezkuntza metodo bat da. Maria Montessorik (Italia, 1870-1952) sortu zuen. Metodo honen helburuetako batek dio irakasleak baliabideak eman behar dizkiela haurrei ikaskuntza prozesua garatu dezaten, baina ezin dutela prozesu honetan eskua sartu, umearen garapenaren gidari soil direlako. Emaitza, haurra bere garapenaren protagonista bihurtuko dela eta aldi berean inguruan egokitzea lortuko duela. Montessori metodoak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren erdigunetzat umea hartzen du. Irakasteko modu honek ez du haurren arteko konpetentzia sustatzen, gainera, haur bakoitzari bere beharren eta garapenaren araberako ekintzak planteatzen zaizkie, horregatik, umea izango da bere ikaskuntzaren protagonista. Heather Shumaker idazle estatubatuarra da eta Montessori pedagogia oso ongi ezagutzen du. Heziketarekin edo hezkuntzarekin lotuta hainbat liburu argitaratu ditu. Ondoko zatia Está bien no compartir liburutik atera dugu. Haur batek, beste batek jostailu bat eskatzen dionean, ez uztea edo jostailu horrekin geratzeak ez du esan nahi haur hori berekoia denik, baizik eta une horretan lanpetuta dagoela jostailuarekin. Zure haurraren jolasteko eskubidea babes ezazu eta erakutsi iezaiozu oraindik ez dut bukatu esaten. Bere jolasa mozteak eta une berean beste haur bat saritzeak ez die bietako inori mesederik egingo. Txandaren zain egotea eskupekoa atzeratzearen ikasketa handi bat da. Haur txikiak ez daude partekatzeko prestatuak, bai aldiz txandak itxaroteko. Txandaren zain egoteak haurrak ahalduntzen ditu eta, era berean gizalegea, kontzientzia eta berezko zintzotasuna erakusten dizkie. Heather Shumaker Está bien no compartir
Formakuntzara bideratu dituzte 5.000 € gazteek
AISA ikastaroa egiten hasi dira 10 etorriberri
Rafael Pikabeako kirolgunea konpontzeko lanak, hasita
Gazteekin bildu da Udala 2019ko aurrekontu proposamena azaldu, herriaren egoera orokorraren errepasoa egin eta herriko gazteen kezkak direnak jaso eta partekatzeko. Datorren urtean, Gazte Politikako 5.000 € lan-mundurako formakuntza saioak, oinarrizko sukaldaritza tailerrak eta bestelako mintegiak egitera bideratzea erabaki dute gazteek. Aisialdiaren antolakuntzak euren esku egon behar duela uste dute herriko gazteek eta Udalak lan-mundu eta emanzipatzeko formakuntzalaguntza eman.
Oiartzunera etorriberri diren 10 lagun euskarara eta euskal kulturara lehenengo hurbilpena egiten hasi dira, eskualdeko Udalek martxan jartzen duten AISA ikastaroari esker. AISA ikastaroan hasteko interesa etorriberri gehiagok erakutsi badute ere, ordutegia dela eta, talde bakarra osatzea lortu da. Jatorri anitzetako lagunak elkartu dira: Argentina, Brasil, Espainia, Nikaragua, Polonia... Oihana Jauregi, Intxixu AEK-ko kidea, da euren irakaslea. Astean bi egunetan, bina orduko saioak egingo dituzte Fermiñenen.
Rafael Pikabea eremuko kirolgunea konpontzeko lanak hasi dira. Madalensoro pilotalekuaren eta kirolgunearen arteko plaza konpondu, gradak eta pistako hesiak berritu, kirolgunearen ingurua konpondu eta, bizilagunek hala eskatuta, iturria jarriko da eremu horretan. Elizaldeko auzo batzarrean azaldu zuen Gobernu Taldeak lan hauek hilabete honetan bertan hasiko zirela. Bi hilabeteko aurreikuspena dute lanek eta 287.000 € inbertituko ditu Udalak. Lan hauekin, Madalensoro eremuko kirol-gunearen biziberritze integrala bukatutzat joko du Udalak.