Topagunea gaur

Page 1

EUSKALDUNON ELKARTEEN GIZARTE MUGIMENDUA TOPAGUNEA GAUR

Nor izan Euskal komunitateko partaide izateko ”tasun” bakarra euskaldun izatea da, inplizituki askotan euskaldunei eskatzen zaizkien gainerako ezaugarriak albo batean utzita. Hori da modu bakarra euskaldun guztiak eroso sentitzeko hizkuntza komunitatean eta euskaldunon elkarteetan. Gizarte mugimendu honek euskal komunitatea du ardatz. Izan ere, gizartearen hizkuntz eraldaketa du xede; euskararen, euskal komunitatearen zein euskal hiztunaren garabidea helburu, subordinazioa eraldatzea. Horretarako euskaldunon ahalmentzea da gakoa. Eragiletzan oinarritzen da gizarte mugimendua. Euskaldunak prozesuaren -gizarte aldaketaren- subjektu bihurtzean; albo batean utzita aldarrikapen hutsak dakarren ”objektua” izatea. Joxe Azurmendiren hitzekin esanda, komunitatearekiko positiboki posizionatzen direnak euskaldunak- izatea, nolabait, bidea egiten dutenak (abiaduraz abiadura...) erabakitzeko ahalmena berreskuratuta. Euskaldun gisa bizitzeko aukerak eskaini nahi zaizkio gura duen orori. Horretarako, dinamika eraldatzaile eta normalizatzaileak bultzatzen dira. Daudenak eta etorriko direnak euskalgintzan eta gizartegintzan ondo zentratzen asmatzen bada, uste baino eragin handiagoa lor daiteke. Orain, oro har, txikia eta zatikatua den komunitatea (euskaldunena) plazara ekartzeko ahalegina egin da, egiten da eta egingo da. Komunitate hau badela (anitza eta irekia), bizi gogoa baduela eta antolatzeko eta sortzeko gai dena ikusarazteko eta komunikatzeko gai izango gara. Euskara Elkarteetan bildutako lagunak euskal komunitatearen erdigunean kokatzen dira, nolabaiteko errepresentazio sinbolikoa egikaritzen dute, badirena erakusten dute.

Hortaz, Topagunea mugimendu bat da, hizkuntzaren aldeko herritarren eta euskaldunen sare zabal eta indartsua barnebiltzen duen federazioa. • Herrietako egunerokoan sakonen eta zabalen txertatutako mugimendua. • Herritarrengandik hurbilen dagoena. • Hizkuntzaren berreskurapen dinamiketan herritar asko inplikatzeko gaitasuna duen mugimendua. • Pertsona profesional, aditu eta aritu erreferentzialak dituena herriz herriko elkarteen gidaritzan. • Herrietan azpiegitura sendo eta ugariak dituen euskalgintzako mugimendua. • Egindako ibilbide luze eta koherenteari esker herrietan onarpen sendoa duen mugimendua.

Euskaldunon elkarteek sare zabala eraiki dute:

1


• 96 euskaldunon elkarte daude federazioan • 20.000 bazkide biltzen dituzte guztien artean • 700 pertsona boluntario ari dira elkarte horiek aktiboki zuzentzen, urte osoko dinamikan. • 42 toki hedabide daude federatuta • 220.000 hartzailerengana iristen dira toki aldizkariak. • 400 langiletik gora ari dira guztira Topagunearen baitako egituretan • 25 langile dira federazioaren lantalde propioa • Lau Kafe Antzoki eta ehunka kultur dinamikaren ardura dute euskaldunon elkarteek; guztira ehunka kultur emanaldi eta ekintza antolatzen dira urtero • 5.000 haur eta 600 begirale aritzen dira aisialdiko jardueratan • 4.800 lagun ari dira egun mintzapraktika egitasmoetan

Kopuru horien atzean egiteko modu bat dago, Euskara Elkarteen oinarri-oinarrian dauden ezaugarriak: izaera integratzailea, jarduera ekintzailea eta barne-giro erosoa. Denboraren perspektiban esan liteke honako hau: • Botere VS kontrabotere aroan, elkarteok ekarri zuten hizkuntzakomunitatearen kontzeptua bere osotasunean aintzat hartzearena. • Euskaldun osoak elkarren lehian aritu izan diren sasoietan, zubiak eraikitzearen alde jokatu izan dute. • Unean-unean eta tokian-tokian egingarri zenak gidatu du bere egunerokotasuna. • Komunitate-zentzua elikatzeko, euskaldunon hizkuntza-komunitateak tokiantokian ikusgarriago egin ditu. • Euskarazko harreman-sareak ehuntzen aritu dira, praktikan, etengabe. • Kolore guztietako euskaldunak eroso sentitzeko moduko espazioak eraiki dituzte.

Bi lan-ardatz eskaini izan dizkio gizarte mugimenduak euskaldun antolatuari: formazioa eta ekintza.

• Formazioa eta elkarrekiko igurtzia funtsezkoak izan ziren lehen euskara elkarteak martxan jartzeko. Adorez eta Atseginez mintegia nabarmendu zen egiteko horretan. • Ekintza esparruak ondo aukeratu eta kudeatu ditu, eredu imitagarriak sortuz eta esparru horietan aitzindaritza lortuz: komunikabideak, aisialdia... • Euskara elkarteen sarea antolatua eta dinamikoa izan da, mugimendua zerbaitetan nabarmendu bada bere izaera ekintzailean izan da.

Federatutako euskaldunon elkarteen Topaguneak 30 urtetan eraikitakoa du oinarri; eguneraketa eta egokitzapena, berriz, ezinbesteko tresna. Euskaldun guztiek konpartitzen duten esparrua hartzen du bere baitan eta esparru horren barruan nahiz periferian daudenei zuzentzen die bere ekimena.

2


Zer egin Hausnarketa sakona egiten dihardu Topaguneak. 30 urteko zikloaren amaierak eta XXI. mende hasierako krisiak eragin duten zurrunbiloan norabidea finkatzen ari da: Duela bi urte abiatu zuen hausnarketa sakona HUHEZI fakultateko Sorguneak ikertegiarekin eta horren emaitza izan da Oinarriparrak deritzon dokumentua. Lan-talde zabal baten ekarpena izan zen hura. Honako kideek hartu zuten parte prozesuan: Iker Martinez de Lagos, Jasone Mendizabal, Iñaki Martinez de Luna, Rosa Ramos, Imanol Larrañaga, Josu Aztiria, Gorka Barruetabeña, Imanol Miner, Elena Herrarte, Iñaki Arruti, Karmen Irizar, Sonia Pérez, Joxe Rojas, Manuel Moreno, Leihor Elorriaga, Xamar. Sorguneak ikertegitik, berriz, Jon Sarasua, Julen Arexolaleiba, Iñaki Urruzola eta Nekane Goikoetxea. Dokumentua eta hausnarketa bera lurralde eta herrietara eraman ziren, eta prozesu horren ondorioetan adostasuna finkatu zen 2011ko otsailan Bilbon egin zen Kongresuan. Adostasun hori ekimen zehatzetan jarriko da 2012ko irailean egingo den Kongresuaren 2. zatian. Prozesu honen baitan berrikusten ari da federazioaren barne antolaketa. Gogoeta-Ekintza Taldea abiatu da hausnartzen jarrai dezan Topagunearen egitekoaz eta egiteko moduez. Talde honek landu du irakurtzen ari zaren testu hau. Kide hauek osatzen dute taldea: Leihor Elorriaga, Egoitz Unamuno, Naroa Olalde, Kike Amonarriz, Isabel Isazelaia, Mikel Irizar, Alaitz Billate, Iker Martinez de Lagos, Jasone Mendizabal, Jon Urruzola, Oskar Zapata, Julen Arexolaleiba, Iñaki Urruzola eta Nekane Goikoetxea. Birfundazio moduko batean murgilduta dago gaur Topagunea. Azken 30 urteotako lorpenak elkarrengana batzeko; garai guztietako eragileak, era biderkatzailean, elkarrekin batera aritzeko ziklo berrian. Mugimendua mudatzen ari da, eraldatzen, egindakoan oinarritu eta egoerari egokitzen, egitekoari berriro indartsu ekiteko. Euskaldunon Elkarteek IZAN izan behar dute, luzaroan eta modu eraginkorrean EGIN eta ERAGIN nahi izanez gero. Zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugu, baina hizkuntzakomunitatea (berr)osatzea bada gakoa, elkarte-bizitza bera da indartu beharrekoa, hiztun komunitateari zentzua ematen lagundu. Federatutako elkarte bakoitzari dagokio gogoeta hori egitea bere eremuan: lortu duenaren garrantziaz ohartzeko, autokritika egiteko, berrantolatzeaz batera hazten jarraitzeko. Euskararen erabilera handitzea denez azken helburua, ausardiaz eta patxadaz komeni da aztertzea ea helburua betetzen ari den orain arteko dinamikarekin. Inor baztertu gabe, euskaraz bizi nahi dutenen arteko integrazioa lortzen joateko, orain arte egin ez den ZER egiten hasi behar da? Nola pasatu ”bai euskarari” paradigmatik ”euskaraz bizi” paradigmara? Euskalgintza osoari begira Topaguneak (hau da, euskaldunon elkarteek) posizionamendua behar du. Horretarako berak bakarrik eskaintzeko duena, ongi identifikatu eta gizarteratu behar du. Euskaldunon elkarteek hiztun euskaldunei eta tokian tokiko hizkuntza komunitateei eskaintzen diete bidea eta laguntza, euskaldun izateko proiektua gauzatu dezaten, euskalgintzako beste inork baino modu zuzenagoan. Lan-dinamikan gardentasun eta zuzentasuna zaindu behar dira. Topaguneak bere burua berkokatu egin behar du dinamika berriaren mesedetan. Lan-taldearen estrategiak, lehentasunak, finantziazio-bideak... berrikusteko unea da.

3


Galdera da: nola irakurri egoera eta egindakoa? Unean-uneko errealitateaz balorazio partekatua behar da, eta horretan lagungarri da atzera begirako irakurketa zintzoa. Hasteko: Nor dago konforme, asebeteta, azken hamarkadetan lortutakoarekin? Artxipielagoa daukagu, zubirik apenas! Berrirakurketan sartu behar dira edonork (pertsonek eta gizataldeek, gizartetik edota instituzioetatik) eta edonon (edozein gizarte-funtziotan) euskaldunon komunitatearen alde egin diren ahalegin guztiak. Zergatik gaude gauden moduan? Ezintasunen arrazoiak ez dira beti ‘besteak’: lege kaxkarrak, aurrekontu eskasak, agintari axolagabeak, kontzientzia-falta... Aztertu behar da nola dagoen mugimendua auzoan eta herrian, zein den bere duintasun-batasun-kopuru-grina 1 eta abarren maila. Gogoeta behar da ea orain artean zergatik egin zaien jaramon txikia euskara ez dakitenei, oro har. Agian zeharkako eragina izan du mugimenduak ‘permeable’ zirenengan. Baina, zer egin haiek hobeto uler dezaten mugimendua eta honek hobeto uler ditzan haiek? Zer egin elkarteen helburuekin identifika daitezen? Ze baliabide daude lan horri heltzeko?

Nola jardun Aitor ditzagun, hasteko, ahulguneak: Nagusiki bide luze bat egin izanaren ajeak dira gure ahulguneak: kohesio, anbizio eta ilusio falta, menpekotasunak eta beldurrak, belaunaldi arteko transmisioa... • Elkarteetan milaka pertsona izanik eta zerbitzuen bitartez beste milaka askorengana helduta ere, ez dago talde-kontzientzia argirik, ez barne kohesiorik, ez ahots bateraturik. • Herrian euskalgintzako erreferentzia nagusi bihurtzeko gaitasuna eta anbizioa falta dira. • Nazio mailan federazioa ez da dagokion neurriko erreferentzia indartsua. • Diru laguntzekiko menpekotasunak eragiten du aldarrikapen edo salaketa publikoak bideratzeko beldurra. • Zerbitzugintzaren zurrunbiloan murgilduta, ahaztu egin da sarritan elkartearen izaera bera elikatzea, bazkideak eta laguntzaileak ilusionatu beharra. • Bazkide asko daude elkarteetan baina lokartutako militantzia bat da oro har, konpromisoak hartzeari uko egiten diona. • Elkarlanerako denbora gutxi dago eta aldaketak egiteko erresistentziak sortzen dira. • Formazio eta transmisio arloan ere gabeziak daude, gainditzen joan beharrekoak. Belaunaldi aldaketa tokatzen da eta harrobirik apenas dagoen, belaunaldi transmisioa arriskuan dago. • Euskalgintzako beste eragileekin ez da, oro har, lankidetza egonkorrik sortu eta esparru komunik garatu, nahiz hau azken boladan aldatzen hasi den.

Indarguneak, berriz, luzaro ondo egindako lanaren ondorioak dira: hurbilean eskarmentua, atxikimendua eta onespena, posizionamendu egokia... 1

4

Lau kontzeptu hauek erabili ohi dira (Tilly, 2004) gizarte mugimenduak aztertzeko analisi-unitate gisa.


• Herritarren gertueneko eremuetan inork ez daukan esperientzia eta aniztasuna. • Eraiki diren zerbitzuek (hedabideak, aisialdia...) biztanleriaren zati handi-handi baten onespena daukate. • Mugimenduak egin duen ibilbide orekatuari esker, orain zubi-lanak egiteko moduan egon daiteke. • Topagunean biltzen den jendea da diseinatzen diren hizkuntza politikatan lehentasunezko xede taldea (Kultur adierazpideen sustatzaile, ekoizle, hedatzaile eta kontsumitzaile gisa xede talde nagusi; euskararen transmisioan ezinbesteko protagonista; euskararen erabileran erdiguneko eragile; euskararen aldeko atxikimendu gorena eskatzen duen borondatezko lanaren diru ekarpengile ere- erreferente, euskaratik urrun daudenak erakartzeko ilusio piztaile; euskararen berreskurapenaren derrigorrezko protagonista eta zeregin horretan gogo eta lan jartzaile nagusi; aurreko guztia modu autonomoan erabakitzeko boteregune eta presiogile) • Euskaldun norbanakoak elkartzen direnez euskaldunon elkarteetan, euskalgintzako beste eragile eta erakunde guztiekin daukate ebaketa (intersekzioa). Euskalgintzako erakunde bakarrak dira zehar-lerro bat daukatenak beste guztiekin. Dagoenetik abiatuta, sortu eta birsortu egin behar ditugu euskaldunon elkarteak, ahalik eta handiena izan dadin zeharlerrokotasun hori gertuko komunitatetik hasita. • Aurreko ezaugarriari eransten bazaizkio Topaguneak dituen sinesgarritasuna, neutraltasuna, zabalkunde geografikoa eta esperientzia... (ikus ideien lainoa), ondorioztatu daiteke federazioa gai izan daitekeela, berandu baino lehen euskalgintzaren aitzindaritza hartzeko.

LAINOA:Sare handi ba. Oinarri filosofiko konpartitua. Egiteko modu bat: duintasun.. Koherentzia diogunaren eta egiten dugunaren artean. Erreferentzia. Zabaltasuna. Herritarrekiko hurbiltasuna. Zintzotasuna. Originaltasuna. Bertakotasuna. Prestutasuna. Herrietako babes sozial eta instituzionala. Iraunkortasuna. Proiekzio positiboa. Mobilizazio gaitasuna. Autokritikarako gaitasuna. Ibilbide luzeak emandako zilegitasuna. Badauka elkarlanaren kultura bere baitan eta horrek izan behar du beste gizarte-erakundeekiko harremanen oinarri. Lan egiteko gogoa. Eragiteko aukerak. Abagune aproposa. Eskarmentua. Harremanak. Lan-taldea. Lankidetzak. Masa kritikoa.Azpiegitura zabala. Autokonfidantza handiagoa.

Non ainguratu Elkarteak sortu ziren lehenik eta Topagunea gero, haien laguntzarako federazio gisan. 2011 eta 2012ko Kongresuekin beste urrats bat ematen ari da: ikuspegi berrian Topagunea ez da existitzen euskaldunon elkarteetatik aparte, elkarteak beraiek dira Topagunea (eta ez ‘Topagunekoak’). Ikuspegi honekin, identifikazioa erabatekoa da eta elkarteak bihurtzen dira mugimendu orokorraren tokiko bilgunea. Nola uztartzen dira Elkarteak eta Topagunea? • •

5

Elkarteek gogoeta egin behar dute Topaguneari egin diezaioketen ekarpenaz. Hau da: uztartu behar dira autonomia eta osagarritasuna Topagunean bertan, nazio mailako ahotsa osatzen eta osotzen joateko. Ordua da herriz herri egindakoa nazio mailan egiteko, ezin da eraiki hizkuntza komunitate osasuntsu eta iraunkorra herriz herriko estrategia eta jardueren


• •

gehiketa hutsarekin. Euskal Herri osoko ikuspegiarekin jokatu behar da, hori tokatzen da. Topagunea elkarteak dira, federazioak mugimendua batu egiten du eta forma ematen dio. Topagunean erabakitzen denak elkarte guztiei eragin behar die. Kontua da geruza bakoitzari mugimenduak zer eta zelan eman behar dion, eta horretarako ezinbestekoa da Topagunearen aitzindaritza. Lan hori soilik Topaguneak egin dezake, baina ez Topaguneak bakarrik. Euskaldunon elkarteak busti egin behar dira Topagunean hartzen diren erabakietan.

Elkarteek federazioari nagusiki ekimena, lidergoa, presentzia eskatzen diote; herrietan egiten den lanaren baturak izan dezala oihartzuna beste herrietan eta gizartean. Eta oihartzun horrek lagun diezaiola herriz-herriko lanari. Orain arteko proiektuek eta programek eman dutena azter dezala, aurrerantzean hartu beharreko bideak erabakitzeko. Federazioko kideak batzen dituena nabarmenduko duen diskurtsoa: mugimenduaren izaera ireki eta integratzailea, neutraltasuna eta autonomia, masa kritiko kuantifikatu eta zabala, hedatzen jarraitzen duen irismen geografikoa... Alde horretatik, mugimendua hazten joateko, komeni zaigu zuhaitzaren adarrak iparraldera, eta presentziarik ez duen eskualde eta herri ertainetara ere zabaltzea, Topagunean federatuta egotea desiratuko duen jendearekin lankidetzan sakontzea, euskaldunon elkarte gehiago sortzea han eta hemen. Eta, eraginkorrena: federatuek Topagunea jardunean ikustea, barrura zein kanpora begira lanean, barruan zein kanpoan dauden beharrei azkar eta ondo erantzuten. Euskalgintzako beste agenteekin lankidetzan baina batuta eskutan berak daramala… Nafarroan egiten den lana, EAEn Hedabideen arloan egin izan dena… Horiek dira barneko masa horren kohesiorako Topaguneak eman behar dituen ereduak eta irudia. Eta, akaso, zerbitzu mota nagusia ere bai. Elkarteen eta federazioaren identifikazioa da barne trinkotasuna areagotzeko giltzarri nagusia. Eta hedabideen esparruari berariazko antolaketa emateak erraztu egingo du birrantolaketa sakona. Elkarteen eta federazioaren uztarketaz esandakoak balio du hemen: “Topagunea ez da ezer euskaldunon elkarteetatik aparte, elkarteak beraiek dira Topagunea (eta ez ‘Topagunekoak’)” Identifikazio hau mugimenduaren partaideen baitan errotzen den heinean trinkotuko da Topagunea. Bestetik, TOKIKOM enpresa sortu da Topaguneko hedabideen esparru eta interes komunak kudeatzeko. Zama hori arindu ahala, Topaguneko maila guztiak egokituko dira egiteko nagusiari hobeto ekiteko. Federazioko zerbitzu zentraletan egungo jarduera osorik birraztertuko da, baliabideen antolaketa optimizatu eta barne/kanpo eraginak areagotzeko.

Nora begiratu Federazioa indartzen ari da egindako hausnarketaren ondorioz, eta euskalgintzan diskurtsoak eta jarrerak hurbiltzen ari dira. Euskaldunon elkarteetan gogoa dago zerbait berria egiteko, ber-ilusionatzeko eta Topaguneari eskatzen zaio funtzio hori betetzea. Euskalgintzan diskurtsoen hurbiltze bat gertatzen ari da eta konbergentzia ideologikoaren puntua oso hurbil dago Topaguneak eta elkarteek oinarrian izan duten ideien logikatik.

6


Ziklo historiko bat ixten ari da Euskal Herrian eta berri bat irekitzen. Bi hitz giltzarriak suertatuko dira: diskurtsoa eta elkarlana. Diskurtsoak behar ditu eduki berritzaileak eta sarkariak (inklusiboak), adierazpen ulergarriak eta erakargarriak. Eta hedapena berariaz landu behar da, euskaraz mintzo ez direnak ere gogoan.

• Elkarbizitzarako mesedegarri den diskurtsoa birreraiki behar da, hizkuntza-ekologian oinarrituta. Denon onerako da euskal hizkuntza komunitatea bizirik eta osasuntsu egotea. Hori da munduari eskaintzen diogun ekarpen bereziena eta ‘zu gurekin nahi zaitugu, gure zara egiteko horretan’.

Euskararen lagun asko dago euskal hiztunetik haratago, euskarari modu ezberdinetan sostengua, auspoa, laguntza, bidea ematen dioten neurrian. Euskararen periferian daudenei beraientzat propio zuzendutako diskurtsoa eskaini behar zaie eta barneratzen duten heinean Topaguneak irabazia izango du aitzindaritza komunitate horren aurrean. Hizkuntza-ekologiaren bidetik ere hizkuntza-normalizazioan duten erantzukizuna zabaldu behar zaie, komunitate erdarazaletik sor daitezkeen kontrako indarrei aurre egiteko eta haiek neutralizatzeko. Dena den, erdal komunitatearen aldetik historikoki jaso du babesa euskal komunitateak eta aurrerantzean ere honek izango du haien behar handiagoa, komunitate ahulena den heinean. Euskaldunari dagokio, beraz, harremanetan jartzea, proposamenak eta aliantzak egitea, eta euskara erdal komunitatearen eskura egon dadin behar den lekuan eragitea. Oso garrantzitsua da zubi lana, komunitateen arteko lotura. Erdal komunitateak, hizkuntz normalizazioarekin atxikimendua erakutsi eta bultzatuko duten pertsona eta erakundeekiko aliantzak sendotzea. Beharrezkoa da, era berean, diskurtso honen zati batzuk erdaraz ere hedatzen hastea, eta horretarako terminologia egokia finkatzea: euskaltzale edo ‘gente amiga del euskera’ moduko deitura sarkariak erabiltzea. • Atsegin izateak ez du ezabatzen beste aldea: herri honetan eskubide eta aukera berdintasuna euskararen ezagutza orokortzetik etorriko da. Helburu horri begira, euskararen lurralde zatikatuan, eragitea dagokigu tokian tokiko hizkuntza-politikak mesedegarriago izan dakizkigun euskal komunitateko partaide guztioi, oraingooi eta datozkeenei. Solidaritatea eta elkartasuna hitz garrantzitsuak dira hizkuntzakomunitatean. Salaketa eta erantzuna ere bai. •

Topaguneari auspoa ematea euskalgintza osoaren interesekoa da. Euskaldun autozentratuen sareak lehentasuna izan behar du euskalgintzako eragile guztientzat, sare honek eragin biderkatzailea baitauka. Batetik, euskalgintza instituzional zein gizartekoaren jarduerek zentzua hartzen dute herritarrek haien politika, ekimen eta zerbitzuak nahi, behar eta baliatzen dituztela bermatzen den heinean. Hau elikatzea ezinbestekoa zaie eta EEMk horixe egiten du. Bestetik, herrietako ekinbide sektorialei ikuspegi orokorra eskainiko dien erakundetzat hartu behar dute, ahalegin sektorialen emaitzak biderkatzeko tresna gisa.

7


Gorago aipatu da euskalgintzako eragileen diskurtsoak asko ari direla hurbiltzen. Honek, eta krisiak eragindako kezka konpartituak, erraztu egiten dute elkarlana. Hainbat esparrutan ari dira mahai ezberdinak lanean. Aitortu beharko genuke euskaldunon komunitatea sortzen eta birsortzen aritu diren euskaldun guztien ahalegina dela. Beharrezkoa da, halaber, euskaldun anonimoak eta erdaldun jaio eta euskaldundu direnak goraipatzea. Elkarrenganako harremana goxatu eta konfiantza areagotzea ere ez da ahaztu ahal dugun alderdia. Finean jarrera/portaera eraldatzaileak beharko lituzke gure bideak. Euskaldunon komunitatearen geroa gizarte-erakundeen ekimenetik, instituzioetatik eta ekimen pribatutik egiten diren aurrerapausoen emaitza izango da. Bat da hizkuntza komunitatea, anitzak komunitate hori gorpuzteko dauden moduak gizartean. Bestetik, elkarlanean oinarritutako diagnostikoan sakondu beharko genuke: komunitatearen artikulazioa, hizkuntza politika ofizialen emaitzak, lehentasunen hurrenkera... Elkarlana eta jardun koordinatua da bide bakarra oraingoa baino eragiteko gaitasun handiagoz aurrera egin nahi bada. Elkarren aitortzak egon behar du erdigunean eta hortik abiatuta lankidetzarako borondatea. Nondik hasi elkarlana? Eskatu ahal diegu, hasteko, Topagunean egin den moduko biluzte-lana egin dezaten eta gainerakoen eskura jarri: urteetan egindako lanaren eta lortutako emaitzen arteko autokritika, aurrera begirako lehentasunak hautatzeko irizpideen aukeraketa... Eragite nahia Kontseilura ere zabaldu dugu, partaide baikara euskararen gizarte eragileak batzen dituen erakundean. Arestian aipatu dugun moduan, Kontseiluak ere mugimendu honetan egin dugun biluzte-lanaren parekoa egitea onuragarria litzateke bere funtzioak eta euskalgintzako eragile guztiekiko osagarritasuna argitze aldera. Topaguneak euskaldunon elkarteen mugimenduaren aitortza eta garapenerako laguntza landuko ditu Kontseiluan. EHErekin ikusten da harreman naturalena eta hurbilena. Topagunea eta biak gizarte mugimendu dira, hizkuntza komunitateko kiderik aktiboenak biltzen dituztenak. EHErekin harreman jarraitua izan eta estrategiak konpartitzea gero eta naturalago izan behar luke, bakoitzaren funtzio eta bideak errespetatuz, baina herritarrak ilusionatu eta eragile bihurtzeko helburuan batera ekinez. Elkarlan ez lehiakorra praktikan jartzeko erakunde egokia da. Eragile bakoitzak egin dezala azken urteotako ‘errelatoa’ euskaldunon komunitatearen aurrerabideari egin dion ekarpena aintzat hartuta. Irabazle/galtzaile eskemetan aritzeak inora ez daramala ikusten ari da beste zenbait eremutan. Euskalgintzan ere bai? Topaguneak eredu ona eman behar die Euskalgintzan diharduten gainerako eragileei. Praktikarekin, proposamen teorikoak edota taktikoak eginez baino gehiago. Esan barik doa, kanpoan ez diotela lidergorik aitortuko, federazio barruan badaukala erakutsi ezean. Koordinazioa beti eta elkarlana konfiantzazko harremana lortzen den guztietan. Dinamika horretan, nazio mailan eta herriz herri, Topagunearen nortasuna eta ezaugarriak irmoki azaltzearekin batera, lortuko da –denborarekin, ez egun batetik bestera- proiektuak gauzatzeko mugimenduak behar duen aitzindaritza-kokapena. Euskalgintzako eragile askotan prekarietatea, ziurgabetasuna eta diru laguntzen dependentzia ematen da eta egoera horretatik askatasunez eta duintasunez lan egitea ez da erraza. Biziraupenaren izenean eta hedapenaren izenean eragileak albokoa ez ikustera eta zapaltzera hel

8


daitezke. Bakoitzaren funtzioak, ikuspegi ideologikoak eta ekintza-ildoak osagarri bihurtu beharko dira, konpetentzia antzuak ekidinez. Ziklo berrian ez dago argi orain arteko eragileek zein zertara dedikatu behar diren. Denak ari dira norbere lekua berkokatzen, zein baino zein bizkorrago. Baina joko-zelaia aldatu egin dela dirudi. Ziklo berrian instituzioetako dinamika eta gizarteko indar biziena ez dirudi horren polarizatua izango denik, agintean daudenen artean aukerak ugalduko dira... eta horrek guztiak aldatu egingo du joko-zelaia. Aldez aurretik erabaki behar ote da nortzuekin elkartu bidean eta nortzuekin ez? Aitzitik, Topaguneak eragin behar du ahalik eta agintaririk gehienengan mugimenduarekin elkarlanean aritzea desiragarri edota ezinbesteko izan dakien. Nolanahi ere, gizarte erakundeen ahotsa erakundeen ahotsetik eta talde politikoenetik bereiztea komeni da. Argi azaldu behar da Topagunearen dinamika ezin dela lerratu hegemonia politiko konkretu baten alde. Autonomia eta osagarritasuna bidelagun hartuta, hazten jarraitu nahi du euskal herrietan, Euskal Herrian.

Eskoriatzan, 2012ko martxoaren 31n

9


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.