Zientzia eta teknologia ongizate-gizartean

Page 18

Laburbiltzeko, esan dezakegu behaketa naturan gertatzen dela, eta esperimentazioa, aldiz, laborategian.

Arrazoinamendu zientifikoaren abiapuntua behin-behineko hipotesia da. Gertaerak azaltzeko ideia da hipotesia, eta modu askotan gara daiteke: oso datu gutxi erabiliz, edo datu sorta zabal baten bidez; esperientzia arruntean oinarrituta edo esperimentu zehatzak eta espezializatuak eginez; era intuitiboan –oharkabean ere bai, agian: zientzia modernoaren historian badira halako adibide franko–, edo oso arau hertsiei jarraituz.

Hurrengo urratsa hipotesia aztertzea (egiaztatzea) izango da. Hipotesi batek, ontzat edo egokitzat hartzeko, bi baldintza bete behar ditu: batetik, ezaguturiko fenomenoak azaldu behar ditu, eta bestetik, gai izan behar du iragarpenak egiteko; hau da, ahalmena izan behar du aurrez esateko zer gertatuko litzatekeen balizko kasu batean. Puntu honetan, hipotesiaren analisia dela eta, hainbat iritzi bil ditzakegu zientzien epistemologian 4.

Edozelan ere, maila teorikoan metodo zientifikoaz eztabaidatzen jarraitzen badugu ere, ezin dugu ukatu zein eragin handia izan duen zientzia klasikoetan. XVII. mendean, mendebaldeko Europan, Zientzia Iraultza deitutakoa gertatu zen. Galileo –fisikan–, Harvey –fisiologian– edo Sydenham –patologian– izan ziren iraultza horren protagonistetako batzuk. Zientzia klasikoak (Grezian, Txinan edo Indian) ezagutzaren kontzepzio existentzialistan oinarrituta zeuden; hau da, errealitatearen esentzia (zentzu metafisikoan) ezagutzea zuten helburu; ondorioz, absolutua eta behin betikoa zen ezagutza horren balioa. Aldiz, Europa modernoan garatutako metodo zientifikoa datuen bidezko ezagutzan oinarritzen da, eta gertaeren arteko erlazioak azaldu baino ez du egiten. Hortaz, batetik erlatiboa –une bakoitzean ezagutzen ditugun datuen menpekoa– eta bestetik behin-behinekoa da –datu berriak ager baitaitezke– haren balioa.

Bi prozedura horien artean beste bereizketa bat egin daiteke: ezagutza zientifiko modernoaren hipotesi baliagarriak azalpenak direla esaten da; aldiz, antzinako metodo espekulatiboetan asmo existentzialistetako interpretazioak izango ziren. Askotan, azalpenak lege deitzen dira, batez ere gertaeren arteko erlazioak funtzio matematikoen bidez adierazita daudenean. Hala ere, lege asko –medikuntza arloan, adibidez– ez datoz matematikoki adierazita eta kualitatiboak besterik ez dira.

Azalpenak sistematikoak badira eta naturaren ezaugarri bati edo esparru zabal bati lotuta badaude ondoz ondoko lege multzo bat osatzen dutelarik, teoria deitzen dira. Horrela, “erlatibitatearen teoria”, “kuantuen teoria”, “argiaren uhin-teoria”, “teoria zelularra”, “eboluzioaren teoria” eta abar plazaratu dituzte zientzialariek. Egia esateko, teoria terminoa ez da beti zentzu hertsian erabiltzen, askotan teoria deitzen baitira, aurreko azalpen handiekin batera, tamaina ertaineko eta txikiko zenbanahi hipotesi.

4 Induktibismoa: gertaeretatik hasita azalpenetara heltzen da indukzioaren bidez, hau da, kasu partikularretatik arau unibertsaletara. Gaur egun baztertua dago. Neopositibismoa: indukzioa ezinezkoa dela aldarrikatzen du, eta hipotesiak egiaztatu egin behar direla defendatzen du; hau da, eskura dauden datuak edo gertaerak egiazkoak ote diren zehaztu behar direla. Karl R. Popper: ikerlari honen iritziz, zientifikoa izateko, frogagarria izan behar da hipotesia, hau da, aztertua izan behar da, eta, frogan lortutako emaitzen arabera, onartua eta baztertua izan. Neopositibismoaren “egiaztatzea”ren ordez, “errefusatzea” edo “gezurtatzea” (gazteleraz: falsabilidad edo refutabilidad; frantsesez: réfutabilité edo falsifiabilité; ingelesez: falsiabability edo refutability) terminoa proposatu zuen. Thomas S. Kuhn: honen ustez, paradigmak –jarduera zientifikoaren helburuak eta metodoak definitzen dituzten teoria zientifiko handiak– dira ezagutzaren motorrak, eta ez hipotesiak egiaztatzea edo errefusatzea.

20


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.