Maizter arrotza

Page 1


MAIZTER ARROTZA

Poesia, 24


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).

BILBOKO UDALAK ETA BLAS DE OTERO FUNDAZIOAK ANTOLATZEN DUTEN BLAS DE OTERO - BILBO URIA V. POESIA SARIA IRABAZI DU LIBURU HONEK.

1. argitalpena: 2013ko azaroan

Azalaren diseinua: Iturri Azaleko irudia: Juan Luis Landa Maketazioa: Erein © Luis Garde © EREIN. Donostia 2013 ISBN: 978-84-9746-767-4 L. G.: SS-1604/2013 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.com www.erein.com Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45. 20800 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: edizioak@itxaropena.net www.itxaropena.net


Luis Garde

MAIZTER ARROTZA


GEOMETRIA ALDAKORRA

Erauntsipean, salbu delakoan, kale-kantoitik begiratzen duen naufragoaren gisan, haize zakarren erdian, zeure burua nekez gobernatzen zenuela behatu zaitut; pilotu eskarmentudunen baretasunaz, zure euritako koloreanitza, irekiz eta itxiz, haize-oihal erara erabiltzen ari zinenean. Geometria aldakorraren haizeen kontra lehian, oihalezko eta alanbrezko lore bailitzan zenerabilen euritakoa ekaitzaren boladekin zu zeu bat eginez. Kanaberaren manerak ekaizpean, zureak. Oroit zara horretaz mintzatzen ginen garaiaz? Gero, kalean behera urrunduz ikusi zaitudanean, ekaitzak berak euritakoaren azpian babesturiko hegazti zauritua zirudien, artean euritako zaharkitua baina koloreanitza, artean aldakorra baina erabilgarria, artean mindua baina bizirik. –7–


ETXEAN MAIZTER Fremd bin ich eingezogen, Fremd zieh’ ich wieder aus. Arrotz heldu nintzen, arrotz abiatzen naiz. WILHELM MÜLLER, Winterreise


KONTAKTU-GILTZAK

Etxe honek gure gela guztiak betetzen ditu, gure oroitzapenak kolonizatuta dauzka. Etxe honek gehiegizko argia barreiatzen dit eguneroko bazterretan. Sasi-aztiaren imintzioekin, etxe honek ustezko eguzkiak pizten dizkit ametsetan. Esnatzean ilunantza eskatzen diot, goibelaldietan soilik luzatzen ahal baitizkizut besoak. Nire esanahien itzalak ezkutaturik daramatzat eskuen ubide idorretan, gure ohe ondoko liburu urdinduen lerroen artean. Gure iragana trastelekuan hautsak janda datza, gure etorkizuna gonbidatuen gelan dago lo, gure aitaren etxea ez baita izugarria, baina itsugarria suertatzen ari zaigu. Hauxe duzu haize zakarrei zure ibilera moldatzen saiatuz ikustean esaten ausartzen ez nintzena, laztana; dagoena honako hau da; onuragarri litzatekeela etxeak gela guztiak hartuko ez balitu, mesedegarri, zenbait gela etxeko teilatuaren babesetik at ateratzea, noizbait aire zabalean alderrai ibil gaitezen. – 11 –


Hori da aspaldian kolkoan gordeta neukana, horixe esanda geratzen dena orain, kontaktu-giltzak eskuan erakusten ditugularik goiz hodeitsu honetan.

– 12 –


LEPOKOA

Aitaren eleak: nire lepokoaren aleak neguko eguzkipean dardarka. Egun argiegi hauek. Betiereko zuritasun hau. Presente dauzkadan arren aitaren hitzak nork diktatu zizkidan ez dakit: begira itzazu, nire eztarrian iltzaturik beirazko hortz hauek.

– 13 –


HAUTSI ZEN ARRAINONTZIA

Itsasoaren dohaina galdu omen zuten gure bi arraintxo gorriek. Inor gabeko etxean, argiak hustutako egongelan, gure bi arraintxo gorriak laino bustian geldirik. Inork ez daki noiz hautsi zen arrainontzia, nori eskuen artetik labaindu zitzaion, nola bi arraintxo gorriak babes bila sartu ziren altzairuzko poto ilunean. Desorduen erlojuak bi arrain grisen begietan absentziaren denbora oraindik zelatatzen du. Bi arraintxo belztuek espetxe dute ura metalezko poto itsuan argia sartzen ez denetik.

– 14 –


Gure bi arraintxo beltzak altzairuzko potoaren laino ixilean geldirik, deus gabeko egongelan, inor gabeko etxean. Itsasoaren dohaina ahaztu omen zuten etxeko bi arraintxo gardenek.

– 15 –


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.