2 Plaken tektonikaren teoria orokorra Plaken tektonikaren teoria saiatzen da gure planetan gertatzen diren fenomeno, ekintza eta prozesu geologikoen azalpena ematen, bai eta horien dinamismoari buruzko azalpena ematen ere. Teoria horrek honakoa azpimarratzen du: alde batetik, mugitzen ari diren eta elkarri eragiten dioten plaka multzo batez osatuta dagoela litosfera, eta beste aldetik, plaka horien mugetan gertatzen direla jarduera sismiko, tektoniko eta magmatiko gehienak. Geologiaren teoria orokorra dela esan dezakegu. Lehen, gertaera geologikoak zein bere aldetik aztertzen ziren, gaur egun, ordea, teoria horri esker elkarrekin aztertzen dira, eta hori da, hain zuzen ere, teoria horren ezaugarri nagusia. Teoria horri esker uler dezakegu zergatik gertatzen den kontinenteen jitoa, nola eratzen diren mendikateak, zergatik dauden toki batzuetan horrenbeste lurrikara eta beste batzuetan ez diren ia ezagutzen, zergatik dauden sumendi ugari eremu batzuetan eta beste batzuetan batere ez‌ Eta gainera, fenomeno eta prozesu horien guztien artean dagoen erlazio estua ulertzeko aukera ematen digu. Era horretara, planetaren ikuspegi sistemikoa sendotzen da. Esan dugunez, plaken tektonikaren teoriaren lehenengo baieztapenaren arabera, litosfera ez da geruza jarraitu bat, plaka litosferikotan zatituta dagoen geruza baizik. Gaur egun, zortzi plaka handi daudela eta horien artean azpiplaka eta mikroplaka asko daudela onartzen da: plakak aztertuz gero, batzuk kontinentalak, beste batzuk ozeanikoak eta gehienak mistoak direla ikusten da. Litosfera ozeanikoa
Subdukzio-eskualdea
Litosfera kontinentala
Kontinenteen talka-eskualdea
Dortsal ozeanikoa
Ziurrak ez diren edo gaizki definituta dauden plaka-ertzak
Transformazio-faila
Plaken higidura erlatiboa
Animazioa: http://www.bioygeo.info/ Animaciones/Pangaea.swf
2. Bila ezazu plaka bakoitzaren izena. 3. Mapan oinarri hartuta, eman ezazu plaka mota bakoitzeko adibide bat. Plaken neurriak, kokalekua eta higidura erlatiboak aldatu egin dira azken 200 milioi urteotan, eta aldatuz joango dira etorkizunean ere. Horrela uler daiteke gaur egun erabat onartuta dagoen kontinenteen jitoaren teoria gaurkotua: kontinenteak ez dira beti gaur egun dauden lekuan egon, eta gaur egun duten kokalekua ere ez da behin betikoa, etengabe mugitzen baitira. Plaka litosferikoak (batzuen gainazalean kontinenteak daude) zurrunagoak dira eta jokaera plastikoagoa duen geruza baten gainean daude, jitoan. Mugimendu horren arrazoia zein den azaltzea ez da batere erraza, eta eztabaida ugari dago gaur egun oraindik ere horri buruz.
37