(ondorio hori ateratzen du DÍEZPICAZOk, esaterako); GORDILLOk egindako azterketa sakonak, ordea, beste ondorio batzuk azpimarratu ditu. Izan ere, usadioak zenbait eginkizun izatea eta DE CASTROren tesia ez dira guztiz aurkakoak, terminologia-arazoak baino ez dira. Gauzak horrela, azterketa zorrotzak egin ondoren, bereizi beharrekoak dira batetik, opinio iurisak bultzatzen dituen usadioak, Zuzenbidearen iturri direnak eta, bestetik, opinio iurisaren beharrik ez duten usadioak, ohiko eginerak baino ez dira horiek eta legeak aipatzen baldin baditu arauemaileak izango dira, legearen agindua zehazten dute eta. Horixe gertatzen da askotan eskubideen eduki eta egikaritzaren alorrean, bai eta kontratazioaren esparruan ere. Ohiko eginerak baino ez diren beste usadio batzuek berebiziko interesa dute, kontratuari emandako adostasunaren edukia interpretatu eta zehazten dutelako (KZren 1287. art.) eta horiek ere usadio juridikoak dira. Azkenik, gizartearen zenbait usadiok eskubide edo betebeharren norainokoa zehaztean eragina duten heinean, Zuzenbideak kontuan hartu beharko ditu; beraz, gizarte usadioak dira, baina Zuzenbidearentzat garrantzia izan dezakete. Ikuspuntu horretatik, KZren 1.3 art.aren bigarren paragrafoak ezartzen duena ez da zuzena. Izan ere, usadio guztiak Zuzenbidearentzat garrantzitsuak izan badaitezke ere, legeak jokarautzat jotzen dituenek bakarrik izango dute indar arauemailea, legeak berak aipatzen dituenean ematen dielako indar hori. Kasu horietan, usadioak legeen egitezko kasuak zehazteko erabiltzen dira. Kontratazioaren inguruan eta hitzarmenezko usadio edo negozio eginerei dagokienez, usadioak jokarauak dira eta kontratuan azaldutako borondatea interpretatzen dute. KZren 1258 eta 1287. artikuluetan agertzen dira bi eginkizunok. Lehenengoa betetzen dutenak usadio arauemaileak izango dira, bigarrena betetzen dutenak, berriz, usadio interpretatzaileak. Autore gehienek eta jurisprudentziak ez dituzte Zuzenbidearen iturritzat hartzen usadio interpretatzaileak, eta horixe bera esaten du KZren 1.3 art.aren bigarren paragrafoak. Usadio interpretatzaileei kontratugileen borondate askeak ematen die behartzeko indarra. Izan ere, kontratuari emandako adostasunaren edukia zehatzmehatz eta osoosorik azaltzen laguntzen dute usadio horiek. Horregatik, usadioak ez du kontratuan baliorik izango, borondatearen edozein zeinuk usadioak esandakoaren kontrakoa adierazten badu. DE CASTROk zioenez, usadioa osagai interpretatzaile gisa baztertzeko nahiko izango da alderdien aitorpen edo jokabideetatik ateratzea hori baztertzeko asmoa, bai esanbidez, bai isilbidez, edo alderdiek usadioa kontuan ez hartzea.
Usadio interpretatzaileek integrazio eginkizunak bete ditzakete, 1287. art.aren bigarren zatiak hauxe esaten baitu: «kontratuetan ezarri ohi diren klausulak aipatu ez direnean, horiek ordeztuz». Kasu horietan ere, kontratuak interpretatu egiten dira, hau da, alderdien aitorpenak osatu behar dira, zertarako eta adierazi ez dutena baina berez nahi dutena aitorpen horiei eransteko. Esangura horretan, interpretazio integratzaileak betetzen ditu negozio adierazpenaren hutsuneak, ez, ostera, negozioarenak berarenak. §16. ZUZENBIDEAREN PRINTZIPIO OROKORRAK 45. Ezaugarri nagusiak eta izaera KZren 1.1 artikuluak Espainiako antolamendu juridikoaren iturrien artean Zuzenbidearen printzipio orokorrak aipatzen ditu. Izan ere, artikulu beraren 4. paragrafoak hauxe dio: «Zuzenbidearen printzipio orokorrak lege edo ohiturarik egon ezean aplikatuko dira; hala eta guztiz ere, antolamendu juridikoa eratzen dute». Foru antolamenduek ere Zuzenbidearen printzipio orokorrak aipatzen dituzte.
Euskal Herriko Foru Zuzenbide zibilean, uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 1. artikuluak hauxe dio: «lege honetako aginduek, ohiturak eta bere tradizioaren arabera mamitzen duten oinarri juridiko orokorrek osatzen dute Euskal Herriko Lurraldeen ForuZuzenbide Zibila». Kataluniako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioak (uztailaren 19ko 1/1984 Legegintzazko Dekretuak) Zuzenbidearen printzipio orokorrak aipatzen ditu 1. art.aren 2. paragrafoan eta hauxe esaten du: «konpilazio hau eta gainerako arauak interpretatu