Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 388

karguaren onarpena), eta fundazioaren estatutuak (8. art.). Era berean, goian aipatu estatutuek, gutxienez, ondokoak jaso beharko dituzte: —fundazioaren izena, besteetatik bereizia izan behar dena; —fundazioaren helburuen identifikazioa; —fundazioaren egoitza. Hori eta patronatuarena egoitza bera izango dira, eta fundazioak bere jarduera nagusiak gauzatzeko duen tokian egongo da kokatuta (4. art.); —fundazioak bere jarduera nagusiak zein lurralde eremutan gauzatuko dituen; horrek balio izango du autonomia-erkidegoei gai horren inguruko eskuespena eratxikitzeko irizpide gisa (9/1992 LOren 2. art.aren f letra); —baliabideak fundazioen helburuetara aplikatzeko oinarrizko erregelak; —onuradunak nortzuk diren zehazteko oinarrizko erregelak; —fundazioaren kideak nortzuk izango diren, horien izendapena, ordezpena eta kargutik kentzea; gobernu eta ordezkapen organoari (patronatuari) emandako eskumenak, eta horrek akordioak hartzeko duen modua. Horrez gain, fundatzaileak nahi duen beste edozer adieraz dezake estatutuetan. Horretan garrantzia izan dezake fundazioa azkentzeko borondatezko arrazoiak sartzeko aukerak (baldintza suntsigarriak edo azken epe-muga), bai eta fundazioa azkentzean zein izango den fundazio ondarearen destinoa adierazteak ere (FLren 29. art.aren e letra eta 31.2 art.). D) Fundazioa eratzeko bidea eta nortasuna eratxikitzea Nortasun juridikoa duten fundazioak eratzeko, denboran zehar luza daitezkeen ondoz ondoko egintzak gauzatu beharko dira. Fundazioek nortasun juridikoa eskuratuko dute, Fundazioen Erregistroan inskribatzen direnean. Inskripzioa egiteari ezezkoa eman ahal izango zaio noiz eta fundazioak eratzeko legeak ezartzen dituen betekizunen bat ez denean betetzen bakarrik (FLren 3.1 art. eta lege autonomikoen arau baterakoak). Fundazioa eratzeko borondatea mortis causa egintzen batean barneratuta badago, testamentua betearaziko dutenek administratuko dituzte ondasunak, fundazioaren eraketa formalizatu eta Erregistroan inskribatu arte. Hala ere, fundazioa eratu ondoren, uler daiteke jabetza kausatzailea hil zenetik atzeraeraginez eskualdatu izan dela (horixe agintzen du beren beregi Kataluniako FPLren 7.1 art.ak). Eskritura publikoa egilesten denetik Fundazio Erregistroan inskribatzen den arte, izendatutako patronatuburuek gauzatu beharko dituzte fundazioa inskribatzeko burutu behar diren egintzak, bai eta fundazio ondarea artatzeko nahitaezko egintzak ere. Egintza horiek fundazioak bereganatuko ditu berak egin izango balitu bezala, fundazioa inskribatzen denean. Izan ere, ez bada fundazioa inskribatzen, patronatuburuek erantzukizun subsidiarioa izango dute fundazio ondareari dagokionez, eta euren artean erantzukizun solidarioa izango dute, hartu izan dituzten betebeharren gainean (11. art.). E) Administrazioaren esku-hartzea fundazioaren eraketan Fundazioetan esku-hartze publikoa gauzatzen da, interes orokorreko helburuak dituztelako. Hori dela eta, fundazioak Administrazioaren babesgopean daude. Gorago adierazi dugunez, Administrazioak fundazioen eraketan esku hartzen du


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.