1. Prozedura legeek: Gironako Markesaren 1853ko irailaren 30eko «Jarraibide»arekin eta geroagoko Prozedura Zibilaren 1855eko Legearekin. 2. Jabetzaren modernizazioak: desamortizazio eta jaregite legeen bitartez. Modernizazioa 1820ko urriaren 11ko Legeak hasi zuen, gero indargabetua izan zen arren. Berriz jarri zen indarrean 1836an, maiorazgoa eta ondasunen beste lotura mota batzuk behin betiko abolituz, eta ondasun horiek inter vivos eta mortis causa saltzeko edo eskualdatzeko aukera emanez aitonen semeei, batere mugarik gabe. Prozesua osatu beharra dago desamortizazio legeekin. Horien bitartez, «XVIII. mendearen amaiera arte Eliza gisako erakundeenak, Elizarenak eta udalarenak ziren berebereko zenbait landa eta hiri finka «Nazioko Ondasun» bihurtu ziren, eta geroago saldu zitzaizkion jendaurreko enkantean eskaintzarik onenari» (TOMÁS Y VALIENTE). Prozesu hori Mendizabalen 1836ko otsailaren 19ko Legearekin hasi eta Pascual Madozen 1855eko maiatzaren 1eko Legearekin amaitu zen. Testamenturik gabeko oinordetzaren sistema ere arautu egin zuen legeria horrek. 3. Ordu arte beharrezkoak ez ziren alderdi ekonomikoak era modernoan antolatzen zituzten lege bereziek: Meatzeei buruzko 1859ko uztailaren 6ko Legea; Urei buruzko 1879ko ekainaren 1eko Legea; Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legea eta abar. BIBLIOGRAFIA ALEJANDRE GARCÍA-GACTO FERNÁNDEZ: Temas de Historia del Derecho: Derecho del constitucionalismo y codificación, I, Sevilla, 1978 eta II, Sevilla, 1979; ARNAUD: Essai d´annalyse structurale du Code Civil Français. La règle du jeux dans la pais bourgeoise, Paris, 1973; CASTRO: Derecho Civil de España, Zati Orokorra, Madril, 1949 (berrargitaraldia), Madril, 1984; TARELLO: Storia della cultura giuridica moderna. I Liburukia Assolutismo e codificazione del diritto, Bologna, 1976; TOMÁS Y VALIENTE: Manual de historia del derecho español, 4. argitaraldia, 5. berrinprimatzea. Madril, 1992; WIAECKER, F.: Historia del derecho privado en la Edad Moderna, Fdez. Jardónek itzulita, Madril, 1957; SALVADOR CODERCH, P.: «El proyecto de Código Civil de 1851 y el Derecho civil catalán», in La compilación y su historia. Estudios sobre la Codificación y la interpretación de las leyes, Bartzelona, 1985, 7. or.
Hirugarren gaia ESPAINIAKO ZUZENBIDE ZIBILAREN ERAKETA HISTORIKOA (II). KODE ZIBILA Laburpena: §6. Kode Zibila.— 14. 18751888 Oinarri Legearen aurreko etapa.— 15. Oinarri-legeari buruzko eztabaida: A) Alonso Martínezek egindako oinarri-legearen proiektua; B) F. Silvelaren proiektua (1885). — 16. Sistema zibilaren antolaketa 1888ko Oinarri Legean.— 17. Kode Zibilaren egitura eta ezaugarriak: A) Kode Zibila indarrean jartzea; B) Kode Zibilaren egitura; C) Kode Zibilaren ezaugarriak. — §7. Kode Zibila eta antolamendu zibila.— 18. Kode Zibila eta lege bereziak: A) Kode Zibilaren baitara bildutako oinarriak garatzen dituzten legeak; B) Kode Zibila aldarazten duten legeak; C) Kode Zibilaren salbuespen diren legeak; D) Kode Zibilaren lege osagarriak, Kodean xedatzen ez diren atal zibilak arautzen dituztenean; E) Kode Zibilaren atalak indargabetzen dituzten legeak, indargabeturik geratzen diren atal horiek extra codicem lege bereziek arautzen dituztenean.— 19. Kode Zibilak gaur egun duen esangura.
§6. KODE ZIBILA 14. 18751888 Oinarri Legearen aurreko etapa 1880az geroztik gauzatutako kodegintzak erabili zuen aurreko gaian eredu misto deitu dugun hori, hau da, Kode Zibilak eta eranskin batzuek osaturiko eredua. Bildu ere, eranskin horietara bildu ziren ezabatu ezin ziren foru erakundeak. Hala ere, eredu hori onartu arteko bidea oso luzea izan zen.
1880ko otsailaren 1eko Dekretuak, hots, Álvarez de Bugallalen Dekretuak, dakar garai berriaren hasiera, behin betiko garaia izango zenaren hasiera. Izatez, Álvarez de Bugallal Grazia eta Justizia ministroa zen garai hartan, eta kodegintzaren arazoa