Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 26

Banaketa hori lehenago aipatutako Konstituzioaren 16. artikuluarekin osatu zen. Horren arabera, «aurreko artikuluetan aztertzen ez diren gaietan, herrialde autonomoek eskumena izango dute esklusiboki legeak egiteko eta zuzenean betearazteko, Gorteek onetsi eta bakoitzari dagozkion estatutuek xedatzen dutenarekin bat etorriz». Bistan denez, Zuzenbide zibilaren eredua goitik behera aldatu zen. Hurrengo gaian ikusiko dugunez, Zuzenbide zibilaren batasunera heltzeko, ezinezkoa zen 1888ko Oinarri Legean azaldutako ideala, zuzenbide berezia zuten herrialdeak horren aurka baitzeuden. Horregatik, irizpide eskualdezale eta, beraz, deserdiratuen arabera antolatzen denean estatua, foru arazo deitutakoa konpondu beharra dago. Eta konponbidea eskualdezale eredua da. Horretan, autonomia lortzen zuten herrialdeetatik edozeinek (bere estatutua indarrean jarri eta gero) esklusiboki estatuari eratxikitzen ez zaizkion alor zibilei buruzko legeak eman zitzakeen. Proposamen horrek sistema deserdiratu eta anitzera garamatza. Lehenago aipatutako 15. artikuluan agindutako aukeraren arabera, egoera hau sortu zen: a) Kataluniako Autonomia Estatutua 1932an onetsi zen. Estatutu horretako 11. artikuluak hauxe ezarri zuen: «alor zibilean legeak egitea Generalitati esklusiboki dagokio», Konstituzioaren 15.1 artikuluan xedatutakoa salbu. Kodea idaztea eta 1930eko eranskin proiektua indarrean jartzea atzera bota zituen Kataluniako parlamentuak eta, orduan, lege bereziak eztabaidatu eta onesteari ekin zion. Ondoko legeak onetsi zituen: adin nagusitasun eta adin gaikuntzari buruzkoa (1934); lugintza kontratuei buruzkoa (1934); emakume eta ezkontideen gaitasun juridikoari buruzkoa (1934), eta testamenturik gabeko oinordetzari buruzkoa (1936). Legeria hori 1938ko apirilaren 5eko eta irailaren 8ko legeek indargabetu zuten. b) Euskal estatutuan (1936), «orokorrean legegintza zibila, baita gaur egun Foru zuzenbideak araututako alorretan ere, idatzia nahiz ohiturazkoa izanik, eta Erregistro Zibila» Euskal Herriaren eskumenekoa zela ezarri zuen 4,b) 1. artikuluak, Konstituzioaren 15.1 artikuluak ezarritako mugaketak kontuan hartuz. Estatutua 1936ko urrian indarrean jarri zenez, artikulu horretan jasotako legeriaren garapena ez zen gauzatu, gertaera politikoak zirela eta. 13. Kode Zibilaren proiektuak XIX. mendean zehar eta konstituzio agerpenen ondorioz, Kode Zibilaren proiektu ezberdinak egin ziren. Proiektu horiek behar bezala aztertzeko, hiru ataletan bananduko ditugu, eurei buruzko azterlana errazteko asmotan bakarrik. Izan ere, XIX. mendean zehar eta konstituzio proposamenen ondorioz, Kode Zibilaren proiektu ezberdinak aurkezten dira. Horien azterketa sistematikoa egiteko, hiru ataletan bananduko ditugu proiektuak.

A) Ekimen ofizialekoak

Gorteen edo Gobernuaren ekimenekoak dira, gehienetan, Grazia eta Justizia Ministroaren bitartez. a) Lehenengoa 1821ekoa da. Gorteek agindu zuten 1812ko Konstituzioaren 258. artikulua indarrean jartzeko. Proiektu hori idazteko, parlamentu batzorde bat sortu zen, baina ez zen inoiz proiektua amaitu, tradizioz Kode Zibiletan agertzen dena baino askoz eduki zabalagoa zuelako. Dena den, Codearen, Europan (Prusian eta Austrian) indarrean dauden kodeen, eta Partidetara eta Bilduma Berriberrira bildutako Gaztelako


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.