b) Kode Zibilaren ordeztailetasun orokorraren esparrua KZren 4.3 art.an adierazitako mugak zabalegiak dira. Bada, artikulu horrek ez du adierazten Kode Zibilaren ordeztailetasuna Zuzenbide bereziei dagokienez bakarrik, beste edozein legeri dagokionez baino. Horren harira, Kode Zibila eratzen duten irizpideen eta zibilak ez diren legeen arteko egokitzearen oinarrizko arazoa azaltzen da, baina legeok ez dute zerikusirik harreman pribatuen esparruarekin. Gauzak horrela, oinarrian, Kode Zibila ez da ordeztaile izango Zuzenbide publikoaren arauei dagokienez; arauok antolamendu juridikoaren azpimultzo autonomoak dira, eta Zuzenbide zibilak duen lerrun berbera dute. Gauza bera gertatzen da Administrazio zuzenbidearekin, bai eta Zerga zuzenbidearekin ere. Hala eta guztiz ere, administrazio arauren batek erakunde zibilak kontuan hartu edo Zuzenbide zibilak sortutako teknika juridikoak erabiltzen baditu, Zuzenbide zibila ordeztaile izango da. Horrela gertatzen da, adibidez, herri-administrazioen kontratuetan. Kode Zibilaren ordeztailetasuna argiago azaltzen zaigu Zuzenbide pribatuaren esparruan, horretan Zuzenbide erkidearen eginkizuna betetzen baitu Kodeak. Izan ere, Merkataritzako zuzenbiderako halaxe ezartzen dute Merkataritzarako Kodearen 2 eta 50. art.ek, artikulu horiek «Zuzenbide erkide»ra jotzen baitute, Merkataritzako zuzenbidearen hutsuneak betetzeko ordeztaile gisa. Edozein modutara ere, Zuzenbide erkidearen eginkizuna Kode Zibilak berak eta, hedaduraz, Zuzenbide zibil orokorrak betetzen duen, ala, bestela ere, autonomia-erkidegoen zuzenbide zibilek ere merkataritzako legeria osatuko duten Zuzenbide erkide gisa, autonomia-erkidegoen zuzenbidearen menpe dauden subjektuen arazoak konpondu behar direnean (AGren 1968ko ekainaren 28ko epaia), horixe eztabaidatzen da. Lan arloan ere, esan ohi da Kode Zibilaren ordeztailetasuna ezartzen dela Lan Zuzenbideari dagokionez. c) Atariko tituluaren ordeztailetasuna Kode Zibilaren atariko tituluaren indar esparrua zehaztea gauza desberdina da, eta lehen adierazi dugun 1.836/94 Dekretuaren zioen azalpenean aztertzen da bereziki. Izatez, KAk emandako 37/1987 epaiaren arabera, zioen azalpenaren arauak antolamendu juridiko osoan aplika daitezke, ez baitira Zuzenbide zibilaren zati esangura hertsian, baizik eta arau juridikoei, euren iturriei, aplikazio eta indarraldiari buruzko agindu orokorrak dituzte —tradizioz bakarrik Kode Zibilaren zati dira—. Beraz, atariko tituluaren arauak antolamendu juridikoaren esparru guztietan aplikatu ahal izango dira, horren kontrako agindurik ez badago.
BIBLIOGRAFIA ATIENZA: Sobre la analogía en el Derecho. Ensayo de análisis de un razonamiento jurídico, Madril, 1986; BETTI: Interpretación de la ley y de los actos jurídicos, Madril, 1975; CANARIS: Función, estructura y falsación de las teorías jurídicas, Madril, 1995; CASTRO: «Naturaleza de las reglas para la interpretación de las leyes», ADC, 1977, 809 or. eta ondorengoak; DÍEZ-PICAZO: «La interpretación de la ley», ADC, 1980, 711 eta ondorengo orrialdeak; DÍEZ-PICAZO: Experiencias jurídicas y teoría del Derecho, Bartzelona, 1973; LALAGUNA: Comentario a las reformas del Código civil, I. liburukia, Madril, 1977, sub 4.3 art.; LASAGABASTER: Los principios de supletoriedad y prevalencia del derecho estatal respecto al derecho autonómico, Madril, 1991; LARENZ: Metodología de la ciencia del derecho, itzul. esp., Bartzelona, 1966; MARTÍNEZ DE AGUIRRE: «El criterio de la realidad social en la interpretación de las normas jurídicas», ADC, 1985, 212 eta ondorengo orrialdeak; MONTÉS PENADÉS: Comentarios a las reformas del Código civil, I. liburukia, Madril, 1977, sub 4.2 art.; ROCA I TRÍAS: Comentarios al Código civil y Compilaciones forales, 2. argitaraldiaren I. liburukia, Madril, 1992, sub 4. art.; SALVADOR CODERCH: La Compilación y su historia, Bartzelona, 1983; SALVADOR CODERCH: Cometarios al Código civil y Compilaciones forales, 2. argitaraldia, I. liburukia, Madril, 1992, sub 3.2 art.; TARELLO: L´interpretazione della legge, Milan, 1980; TORRALBA: Comentarios al Código civil y Compilaciones forales, 2. argitaraldia, I. liburukia, Madril, 1992, sub 3.2 art.; VILLAR PALASÍ: La interpretación y los apotegmas jurídicológicos a la luz del nuevo Título Preliminar del Código civil desde una perspectiva teórica, Madril, 1975. Orokorrean, Zuzenbide zibilaren zati orokorrari, Zuzenbidearen Teoriari eta Metodologia juridikoari buruzko lan orokorrek aztertzen dituzte gai honetako idazpuruetan jorratu diren arazoak.
Hamaikagarren gaia ARAUEN ERAGINGARRITASUNA