Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (1)

Page 95

Denak lehen bezala jarraitu zuen: Gobernuaren ezegonkortasuna ezaugarri nagusia izan zen eta 1918 eta 1921. urteen bitartean, Gobernu ahulak bata bestearen atzetik etorri ziren, dela liberalak (García Prietorekin edo Romanonesgo kondearekin), dela kontserbadoreak (Maura, Dato eta Manuel de Allendesalazar-ekin) dela koalizioko gobernuak (Joaquín Sánchez Toca eta Allendesalazar-ekin). 1921ean, Dato hiru anarkistek erail zuten eta Annualgo (Maroko) hondamendia gertatu zen. Horren eraginez, Allendesalazar-en Gobernuak gainbehera egin zuen. Orduan, Alfontso XIII.ak Mauraren esku utzi zuen berriro kontzentrazioko Gobernua eratzea, hilabete gutxi batzuk iraun zituena. 1922ko martxoan, Sánchez Guerra Gobernura itzuli zen, eta abenduan García Prietok ordeztu zuen, 1923ko iraila arte iraun zuen kabinetean. Data horretan, Miguel Primo de Rivera Kataluniako kapitain jeneralak estatu-kolpea egin zuen, eta diktadura ezarri zen. Aldi horretan, 1876ko Konstituzioa eraldatzeko proposamen batzuk egon ziren. Maurak eta Datok planteamendu horiei aurre egin zieten. Hala ere, Alderdi Liberalak, Moret buru zela, 11. artikulua aldaraztea defendatu zuen, kultu-askatasuna sartzeko. Diputatu eta senatari errepublikar eta katalanistek Parlamentarien Biltzarra eratu zuten. Datok uko egin zion Gorte konstituziogileak irekitzeari eta, beraz, Biltzarra 1917ko ekainean Bartzelonan eta Madrilen bildu zen, eta Espainiako bizitza publikoan berrikuntza sakona eskatu zuen; are gehiago, sozialisten eta erreformisten babesa bultzatu zuen. Biltzarreko kideek komunikatuak eta ebazpenak proposatu zituzten, herriaren subiranotasuna, legegintza-ahala modu esklusiboan Gorteena izatea, Senatuaren eraldaketa eta Espainiako lurralde-zatiketaren arazoa jorratzeko eraldaketak eskatuz. Bestalde, Alderdi Erreformistak, Melquíades Álvarezen zuzendaritzapean, 1918an konstituzio-eraldaketa proposatu zuen. Eraldaketa horrek oinarri zituen Gorteen botere konstituziogile esklusiboa, Estatuaren sekularizazioa, Gobernuak konstituzio-bermeak eteteko zituen ahalmenak mugatzea, Koroaren onurabideak murriztea, Senatuaren eraldaketa, eskualde-eraldaketa, eta konstituzio-eraldaketaren prozedura aldatu eta «ad hoc» deitutako aparteko Gorteei ematea. Baina eraldaketa horiek ez zuten arrakastarik izan eta Berrezarpeneko erregimen politikoa itzulbiderik ez zuen krisian murgildu zen 1917tik aurrera. 1923an erabat suntsitu zen, Primo de Rivera jeneralaren diktadurarekin, hain zuzen ere, koroak onartutako diktadura zena. Argi dago hori guztia bateraezina zela 1876ko Konstituzioan ezarritako erregimenarekin eta, horregatik, diktadura-erregimena Konstituzioa eraldatzeko proposamen berri batekin legitimatzen ahalegindu zen. Proposamen hori ondoren aztertuko dut eta, jakina denez, porrota izan zuen, berori sustatu zuen diktadurak bezala. Horren eraginez, monarkia gainbehera etorri eta 1931n II. Errepublika ezarri zen. 95

Konstituzio zuzenbidearen.indd 95

12/11/07 11:49:17


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.