Doktrina - Lan Zuzenbidea (2)

Page 96

570

LAN-ZUZENBIDEAREN IKASGAIAK

Gainera, GSLOren 101. art.aren eta 84/1996 EDren 51. art.aren aginduz, enpresaburuek izan behar dute lantoki bakoitzean lan-ikuskatzailetzak doitu eta eredu ofizialaren araberako matrikula-liburua. Liburu horretan jasoko dira, inskripzioak hurrenez hurren eginez, lantokiko langile guztiak, lan-prestazioak ematen hasi direnetik. Bajak ere liburu horretan jasoko dira. 5.2. Afiliazioa Afiliazioa administrazio-egintza da. «Horren bidez, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak Gizarte Segurantzako sisteman sartuko ditu, lehenengo aldiz, sistemaren esparrura biltzeko moduko jardueraren bat gauzatu duten pertsonak» (84/1996 EDren 6. art.). Afiliazioa, sistema osorako bakarra izateaz gain, afiliatutakoaren bizitza osorako ere bada, nahiz eta pertsona horrek izan ditzakeen gorabeherak alta eta bajetan islatu (GSLOren 12. art. eta 84/1996 EDren 6.1 art.). Enpresaburuak nahitaez eskatu behar du afiliazioa (GSLOren 100.1 art. eta 84/1996 EDren 24. art.). Hori gorabehera, enpresaburuak betebehar hori ez badu bete, langileak eragin dezake afiliazioa (GSLOren 100.2 art. eta 84/1996 EDren 25.2 art.). Halaber, baliteke erakunde kudeatzaile eskudunak ofizioz jardutea (GSLOren 100.2 art.), «ikuskatzailetza-zerbitzuen jardunak zein beste edozelako prozedura direla-bide egiaztatu denean betebehar horiek ez direla bete» (GSLOren 13.4 art. eta 84/1996 EDren 26. art.). Edozelan ere, langilearen zein erakunde kudeatzailearen jardunek ez dute enpresaburua askatuko horrek betebeharra ez betetzeagatik izan dezakeen erantzukizunetik. Nolanahi ere, ideiok aplika daitezen, enpresaburua izan behar da, hau da, langileak bere kontura lan egiten duenean, azken horri ezarri behar zaio erantzukizuna zuzenean (84/1996 EDren 25.1 art.), erakunde kudeatzaileak ofizioz izan dezakeen parte-hartzea gorabehera. Afiliazioa eskatu behar da langileak bere jarduera hasi aurretik (84/1996 EDren 27.2 art.). Afiliazioaren ondoreei dagokienez, behin erakunde kudeatzaileak afiliazioa aitortuta, 84/1996 EDren 34. art. hartu behar da kontuan: langilea inskribatuta geratuko da Gizarte Segurantzaren afiliazio-fitxategi orokorrean, beraren bizitza osorako baliozkoa izango den afiliazio-zenbakia eman eta agiria luzatuko zaio. Orobat, afiliazioarekin batera, langilea sisteman lehenengo aldiz izango da altan, eta, beraz, egoera horren ondoreak ere aplikatuko dira. 5.3. Altak eta bajak: altaren parekoa eta ustezko alta Alta eta bajek islatuko dituzte langileak, afiliatu zenetik, lanbide-bizitzan dituen gorabeherak. Langileak alta izan behar du lanbide-jarduera hastean (84/1996 EDren 7. art.), eta baja, berriz, lanbide-jarduera jakina uztean.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.