Hamaseigarren gaia
LAN-HARREMAN BEREZIAK Laburpena: 1. Ohar orokorrak.—2. Goi-zuzendaritzako langileak.—3. Merkataritzako ordezkariak.—4. Etxeko zerbitzupeko langileak.—5. Kirolari profesionalak.—6. Jendaurreko ikuskizunetako artistak.—7. Portuko zamaketariak.—8. Bestelako lan-harreman batzuk.
1. OHAR OROKORRAK LEren 2. art.ak lan-harreman berezi batzuk zerrendatu ditu. Hain zuzen ere, lan-harreman berezi horietara biltzen dira ondoko subjektuak: goi-zuzendaritzako langileak, etxeko zerbitzuetako langileak, espetxeetan dauden zigortuak, kirolari profesionalak, jendaurreko ikuskizunetako artistak, merkataritzako ordezkariak, lantoki berezietan lan egiten duten minusbaliatuak eta portuko zamaketariak. Alabaina, artikulu horrek ez du zerrenda itxirik jaso, hau da, lan-harreman berezi gehiago izan daitezke, legeak beste lan-harreman batzuei ere izaera hori aitortuz gero. Indarrean dagoen LEk ez ditu aipatu establezimendu militarretan zerbitzuak ematen dituen pertsonal zibilaren harremanak, nahiz eta LEren jatorrizko idazketak lan-harreman berezitzat jo hori (7. azk. xed.) eta, gerogarrenean, manu hori garatzeko 2205/1980 ED aldarrikatu. Lan-harreman bereziak barneratzen dituzten arauek Konstituzioak aitortu oinarrizko eskubideak errespetatu behar dituzte (LEren 2.2 art.).
2. GOI-ZUZENDARITZAKO LANGILEAK Aplikatu beharreko arautegia. Abuztuaren 1eko 1382/1985 ED. EDren 3. art.ak ezarri du lan-harreman berezi horiek arautu behar dituztela banakako kontratuek, eta, horiek arautu gabeko kontuetan, merkataritza-arautegiak eta arautegi zibilak. Dena den, banakako kontratuek errespetatu behar dute EDk edo LEk aginduzko izaerarekin ezarritakoa, bai eta gainerako lan-arau orokorrek ezarritakoa ere, EDk edo banakako kontratuek esanbidez horietara jo dutenean. Bestalde, goi-zuzendaritzako langileei ezin zaie aplikatu hitzarmen kolektiborik. Lege-kontzeptua. EDk goi-zuzendaritzako langile gisa hartu ditu enpresako titulartasun juridikoari lotutako ahalmenak betearazten dituzten