bakarreko egintza izanez gero, epe hori hipoteka-hartzekodunak finkatu behar du). Azkenik, atzeratze hori agerrarazi behar da, hipoteka atzeratuaren inskripzioaren bazterrean, ohar bat eginez; hala ere, ez dago zertan eskritura berririk egin, etorkizuneko hipoteka inskribatzen denean. c) Lerruna erreserbatzea: hipotekaren eskrituran bertan egindako lerrun atzeratzea da egintza hori. Praktikan, jabe hipotekaren modukoa izan daiteke; izan ere, egintza horren bidez, lerrun zehatz bat erreserbatzen da, biharetziko hipoteka baten, hots, oraindik eratuta ez dagoen hipoteka baten mesederako. §99. HIPOTEKA BETEARAZTEKO FASEA 390. Hipoteka-akzioa. Legitimazioa eta objektua Hipoteka-hartzekoduna hipoteka-kredituaren titularra da. Kreditu horrek hipoteka-hartzekodunari titulartasun aktibo bikoitza ematen dio: batetik, kreditu-eskubidearen titulartasuna; eta, bestetik, betebeharraren betetzea edo kredituaren ordainketa bermatzen duen hipoteka-eskubide errealaren titulartasuna. Sarri askotan, bi titulartasun horiek banaezinak dira; hala ere, kasu batzuetan, titulartasunok elkarren arteko autonomiaz agertzen dira edota bata bestearen gain nagusitzen da. Gisa berean, hartzekodunak titulartasun bikoitza duenez gero, bi akzio-mota desberdin ditu: akzio pertsonalak eta hipoteka-akzio erreala. Akzio pertsonalak kasuan kasuko prozedura adierazlearen edo betearazlearen bidez egikaritzen dira, eta zordunaren edo, hala denean, zordunaren fidatzaile edo abal-emaileen aurka zuzentzen dira, bai eta, betearazpen-bidean, zordunaren ondarearen aurka ere. Hipoteka-akzio erreala, premiamendu-prozeduraren bidez (epaiketan edo epaiketatik kanpo), hipotekatutako ondasunen aurka bakarrik zuzentzen da, alegia, prozedurara ekarri beharreko erregistro-ziurtagiria luzatzeko unean ondasunaren jabe denaren aurka. Hartzekodunak bere nahierara egikari ditzake bi akzio horiek, hots, pertsonala eta hipoteka-akzioa, batak bestearekiko ez baitu lehentasunik. Hipoteka-hartzekodunak, beraz, legitimazio aktiboa du. Kasuankasuan aukeratutako auzibide motaren arabera, hartzekodunak jar ditzake, batetik, kognizio uzia eta horren