Eskubide errealak2

Page 140

hedadura objektiboari buruzko kasu zehatz batzuk ez dira, berez, hedadura objektiboaren inguruko kasuak. Hori gertatzen da, besteak beste, HLren 110.2 art.an jasotako kasuetan (ondasun higiezin hipotekatuak direlaeta horien jabeari eman edo zor zaizkion kalte-ordainak) eta HLren 111.3 art.ra bildutakoetan (betebehar bermatuaren betetzea eskatzean, ordaindu gabe baina muga-eguneratuta dauden errentak). Horrelako kasuetan, ÂŤhedadura objektiboÂť adierazmoldepean ulertzen da, batetik, lehen hipotekak ondasun higiezinaren gain betetzen zuen berme eginkizuna, orain (res extinta, pignus perit) jabeari zor edo ematen zaion kalte-ordainak beteko duela (HLren 110.2 art.aren kasuan); edo, bestetik, ondasun hipotekatua diru bihurtu eta gero, hipoteka-hartzekodunak, bere kreditua kobratzeko eskubidea ez eze, errentak eskuratzeko eskubidea ere baduela (HLren 111.3 art.aren kasuan). Kasu horietan, hipotekak ematen duen lehenespen bera izango du hartzekodunak, legezko xedapen batek kontrakorik agintzen ez badu, behinik behin. Hipotekaren hedadura objektiboari buruzko arauketa finka kontzeptuaren inguruan mamitzen da eta, zehatzago esateko, nekazaritzako finkaren inguruan. Finka mota hori erakunde konplexua da eta ez du izaera estatikorik, dinamikoa baino. Horrek esan nahi du finkak etengabeko aldaketak, aldarazpenak edo transformazioak izan ditzakeela, bai gizakiaren borondatez, bai naturaren eraginez. Bukatzeko, esan beharra dago hipotekaren hedadura objektiboa hipoteka betearazteko fasean agertzen dela, batik bat; izan ere, hipoteka betearazteko unean zehazten da hipoteka zein ondasunetara hedatzen den (Auzitegi Gorenak 1986ko maiatzaren 14an emandako epaia). Horren ondorioz, lehenengo eta behin, gerta daiteke hipoteka hedatzea hori betearazteko unean dauden ondasunetara, ondasun horiek hipoteka eratzean egon ez arren; bigarrenez, gerta daiteke hipoteka ez hedatzea hipoteka eratzean zeuden, baina hori betearaztean ez dauden ondasunetara; eta, hirugarrenez, gerta daiteke hipoteka ez hedatzea hipoteka bitartean dauden ondasunetara, hau da, hipotekaren eraketatik betearazpenaren unea arteko epean dauden ondasunetara, nahiz eta hipoteka eratzeko unean eta hori betearazteko unean ondasun horiek egon ez.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.