Bertsolari - 99. aldizkaria

Page 41

“Entrenamenduetan-eta mahaiaren bueltan esertzen garenean, subjektibotasun hori ahalik eta gehien objektibizatzen saiatzen gara”.

1

993AN HASI ZEN FELIX IRAZUSTABARRENA EPAILE LANETAN. GEROZTIK, ASKOTAN ESERI DA EPAILEEN MAHAIAN. AZKENA, ORAINTXE, GIPUZKOAKO TXAPELKETAN ARI DA. Pasadizo gisara kontatu digu bere ibilbidearen berri ematen duen datua: 1995eko txapelketan Mikel Aizpuruarekin aritu zen epaile taldean eta urte hartan jaio zen Mikelen semea Antton. Aurtengo Gipuzkoakoan, Antton eta Felix elkarrekin ari dira epaile taldean. Patxadatik eta eskarmentutik hitz egiten du epailearen jardunaz, beti denen gustura egin ezin dela onartuta, baina beti ahalik eta justuena izatearekin tematuta. Behin saioa bukatuta gertuen dagoen tabernan lasai ederrean geratzen den epaile klasekoa da Irazustabarrena. 2005ean epai irizpideen inguruko liburuxka bat osatu zen elkartearen baitan eta hori idaztearen ardura Felixena izan zen. Urte batzuk aurretik zetorren hausnarketaren ondorioak jaso zituen argitalpen horretan.

“1993an sartu nintzen ni epaile taldean. Garai hartan taldea pixka bat berritu egin zen eta berrikuntza batzuekin hasi ginen. Adibidez, epaileak entrenatzen hor hasi ginen, eta baita txapelketatik kanpo biltzen ere. Erabaki genuen txapelketak ez zeudenean ere bagenuela lana trebatzen, eta epai irizpideak errepasatzen eta fintzen. Eta horretan hasi ginen. Talde izaera eta trebakuntza jarraitua izan zen gure taldearen oinarria”.

Urteen joanean epai irizpideak aldatzen eta moldatzen joanagatik, epaitzearen oinarrian beti dago mami bera: epaileari zer eta nola transmititu dion bertso horrek, eta hori gustatu zaion edo ez. “Trebatzeak eta irizpideen jorratzeak ekartzen duena da kontziente izatea zergatik gustatu zaizun eta zergatik ez. Eta kontziente izate horrek errazagoa egiten du gero sentsazio horiek zenbakietara pasatzea”, iritzi dio Irazustabarrenak. Finean, bertsoak pizten duen sentsazioa beti da subjektiboa, “eta epailearen lana da sentsazio subjektibo hori irizpide ahalik eta objektiboenekin neurtzea. Entrenamenduetan-eta mahaiaren bueltan esertzen garenean, subjektibotasun hori ahalik eta gehien objektibizatzen saiatzen gara, horren inguruan eztabaidatzen, denon artean. Eta, ondoren, berriro egokitzen zaio epaile bakoitzari eseri eta bere subjektibotasunetik aritzea, beretik aritzea, bakarka”.

39


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.