Bertsolari - 98. zenbakia

Page 6

HEMEROTEKA Zergatik ez zara txapelketara aurkeztu? Euskal Herriko txapelketa bukatuta, saioak hartzeari utzi nion. Urtebete erabat isilik pasatu dut, bertsoetatik aparte, oso gogaituta nengoelako. Bertsoa besterik ez nuen egiten, baina bertso saioa nuen eguna iristen zenean, estutu egiten nintzen. Ez nuen egun hori iristea nahi, ez nuen saioetara joan nahi, eta behin hara iristean okerrago zen. Nire begiz ikusten nuen bertsotara joan nintzen toki hartara ez nintzakeela sekula joango nire bizitzan ez banintz bertsolaria. Are gehiago, hara joateko enkargua egin zidatenek bertze edozein diziplinatan ibiliko banintz, ulertuko zuten hura ez zela nire lekua. Bertsolaritza entsalada bat denez, dena nahasten denez, niri askoz gehiagotan gertatu zait deseroso sentitzea eroso sentitzea baino.

8

Esan daiteke lekuz kanpo sentitu zarela bertsolaritzaren zirkuitu nagusian.

Baina zerbait aldatu da, berriz gerturatu zarelako bertso mundura.

Bertsolaritzaren zirkuitu egonkortu horretan. Azken hiruzpalau urtean saio gehiago egin ditut Lanku bidez eta gutxiago gaztetxetan, tabernetan eta bestelako kutur esparru horietan. Hainbeste aldiz egin dut bertsotan deseroso sentitu naizen tokietan, nire maila emango ez dudala dakidan tokietan –eta, gainera, gero ez dut maila eman–, azkenerako bertsolari txarra sentitu naizela. Eta nire buruari galdetu diot: zertarako abestuko dut? (…)

Nire gogoa aldatu da. Gogo txar horretara zenbait baldintza errepikokarrek eraman baninduten, topatu dut modu bat aski sinplea gauzak modu xumean eta autokudeaketaren bidez egitekoa, inoren zain egon beharrik gabe. Eta erabaki dut desafioa botatzea Nafarroako txapeldunari.

Bertsoetatik aparte egon zaren urtebetean, zertan aritu zara? Kalamuzale elkarte bat sortu eta hori kudeatzen aritu naiz, lanean. Inoizko urterik lanpetuena izan dut. 250 bazkideko elkartea sortu genuen, baina dagoeneko utzi dut lan hori. Eta egia da bertso saioetara deseroso joaten hasi nintzela hortik aparte gauza mordoa nuelako egiteko. Dagoeneko bertsolaritza ez zen lehentasunekoa, lan bat nuelako eta ekonomikoki beste bide bat nuelako. Eta egia da urtebete horretan erabat deskonektatu dudala, erabat apartatu naizela bertso mundutik. Pentsa, urtebetean Jokin Uranga behin baino ez dut ikusi, Haritz Etxeberria Ministro ez dut ikusi ere egin eta Fredi Paya telebistaz. Nahikoa esan dizut horrekin.

Noiz berotu zaizu burua? Aspaldi, egoera honetan egon nintzen lehen aldian. Orduan pokerrean aritzeaz eta bertso saio batzuk egiteaz bizi nintzen. Baina une batean saio batera joatea putakeria bat bihurtu zen, pokerra ere izugarri gustatzen zitzaidalako. Astean zehar on line aritzen nintzen pokerrean, baina asteburuak ziren jendearen kontra aurrez aurre aritzeko aukera, eta normalean asteburuetan bertso saioak ere izaten nituen. Eta sasoi hartan dena utzi eta Kubara joan nintzen denboraldi batez. 2009. urtea zen eta Julio Sotok lehen txapela jantzi zuen. Akordatzen naiz finala Lesakan izan zela. Zati handi

bat amaren etxeko leihotik entzun nuen eta bukaeran gerturatu nintzen pilotalekura. Eta jada urte hartan desafio antzekoa egin genuen Juliok eta biok, Txantrean. Baina, horretatik aparte, Kuban eman nuen denboraldian bertso desafio bat diseinatu nuen Elizondoko Lur aretoan jokatzeko. Julio ere ados zegoen. Dena hitz egina zegoen eta antolatuta, baina azken unean hasi zitzaizkidan ez dakit zenbat baldintza bete behar zirela esanez. Tartean, esaterako, anbulantzia bat behar zela kanpoan badaezpada. Horrelako tontakeriak tarteko haserretu egin nintzen eta azkenean ez genuen egin. Dagoeneko ez zara pokerrean aritzen? Ez, utzi egin nuen. Irabazteari utzi nion, denboraldia neraman horrela, galera bihurtu zen eta utzi egin nuen. Aitzakia bakarra neukan pokerrean aritzeko: Soldata ematen zidan. Eta aitzakia hori desagertu zenean, ez nuen ezer irabazten eta denbora asko kentzen zidan. Hiruzpalau urtez pokerraz bizi izan nintzen, ez telebistako pelikula horietan bezala sekulakoa dirutza irabaziz, soldata xume batekin baizik. Baina hori bukatu zenean, utzi egin nuen. Bertsoak ere utzi dituzu behin baino gehiagotan, eta betiko gainera. Bai, bertsoak hirutan utzi ditut betiko, eta beti bueltatu egin naiz. Eta, zer? Niretzat

gauzak sekulakoak dira, izugarriak, irauten duten bitartean. Eta une batean onak izateari uzten diote. Hirutan bertsoak utzi eta hirutan bueltatu naiz. Gauza oso larria egiten ari naizela irudituko balitzaidake, akaso ez nukeen egingo. Baina ez zait hainbesterako iruditzen, ezta? (…) T http://www.argia.eus/argiaastekaria/2458/sorterrikogalderak Mikel Artolaren bertsoak ARGIAn

“Sorterriko galderak” Olatuak aparretan naufragoen mesedetan zeren egarri ote gabiltza botilako mezuetan? Iraganari begira etena ala segida goian, behean ala ertzean euskalduna non bizi da? Buruan eskuez hazka azkenean harramazka nor da galtzaile, nor irabazle bukatu al da gatazka? Hitz hutsak telebistetan zaurituak albistetan noren ahotik, noren lepotik aritzen gara hizketan?

Bizirik gaude halare eskola-ume herabe altxa eskua, nork izan nahi du bere buruaren jabe? Ganbelako behi antzua iraganaren zantzua ukuiluetan aurkitu ote liteke honen zentzua? Aitonaren gazta ona irratietako sona zein da moderno zein zaharkitu Kalakan ala Madonna Orduz ordu, unez une jolasean hiru ume kantuak bihur ote lezake konplikatu zena xume? Ahots hutsarekin deman euskaldun zaharron teman altabozak noiz jarri zituzten historiaren tabernan? Aire zaharrak iparretik ekaitz berriak hegotik zorabiorik gabe irtengo al gara zurrunbilotik? Zenbat gara bat, zazpi, hiru? hizkuntza bat da testigu gureaz asko hitz egiten da besteenaz zer dakigu? Guztiok gara nomada Senegal, Peru, Sahara nola ekarri behar ditugu gu hurbiltzen ez bagara? Argizaiola opari zergatik ez eman hari euskañolaren zubia eraiki zuen arkitektoari? Konplexuekin akabo maitasunari lau trago sufritzen jada aspertu gara goza al daiteke gehiago?•

9


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.