50
FINANTZA ETA TRIBUTU ZUZENBIDEA. ZATI OROKORRA
31. Arauen lurralde-hedadura Legearen hedadura, bestalde, autu interesgarri eta konplexuagoa da. Esan bezala, lege-hedaduraren bitartez jakin daiteke Estatu bateko legeak zein egitate eta pertsona ukitzen dituen, eta hori zeharo garrantzitsua da, batik bat, egitateok guztiz edo zati batez lurraldetik kanpo gauzatzen direnean, edo beste Estatuko herritarrek burutzen dituztenean. Horren ildotik, lege baten hedadura zehazteko, jakin behar dugu zeintzuk diren tributu-arauekin lotzeko irizpideak edo zergen lotuneak. Esangura horretan, bi irizpide nagusi daude: naziotasuna eta lurraldetasuna. Lehenengoaren arabera, tributu-legea aplikatu behar zaio Espainiako naziotasuna duen edonori, horren bizilekua non dagoen edo errentak non jasotzen diren kontuan izan gabe. Lurraldetasun irizpidearen ariora, ostera, Espainiako tributu-legeak bakarrik aplikatzen zaizkie Estatuko lurraldean egoiliartasuna dutenei edo lurralde horrekin harremanen bat dutenei (berbarako, errentak lortu badituzte bertan, lurraldean kokaturik dauden ondasunen titularrak badira, edota ekonomi-harremanak badituzte Espainian). Egungo Tributu zuzenbidean, lurraldetasun-irizpidea nagusitu da, esangura bikoitz horrekin: tributua aplikatzen zaie lurralde jakin batean egoiliartasuna dutenei (hots, egoiliarrei), edota lurralde horrekin harremanen bat dutenei (ulerbidez, bertan errentak lortzen dituzten ez-egoiliarrei). Labur-zurrean, tributuek izaera pertsonala dutenean, lotunea pertsonen ohiko egoiliartasuna izango da; gainerako tributuetan, aldiz, lurraldetasuna. Estaturik gehienetan, horixe da tributu-legeek hartu duten irizpidea. Horretara, lurraldetasun irizpidea aplikatzen bada, zerga-egitatea non egin eta toki hori hartuko da kontuan (esaterako, ondasun bat eskuratzea edo zerbitzu bat ematea zerga-egitateak ditugu eta, lurraldetasun irizpidearen ariora, zerga-egitate horiek non gauzatu diren hartzen da kontuan). Tributua pertsonala denean, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, ez du axola errenta non lortzen den; haatik, halakoetan, errentaren hartzaileak duen ohiko egoiliartasuna da Estatuaren legea aplikatzean lehentasuna duen irizpidea. Kasuan kasuko lege zehatzak kontrakorik agindu ezean, Tributuen Lege Orokorrak ezarritako irizpidea aplikatzen da. ยง7. NAZIOARTEKO ZERGAPETZE BIKOITZA Lurralde aplikazio-esparruarekin oso lotuta dago nazioarteko zergapetze bikoitzaren arazoa. Zergapetze bikoitza edo anitza gertatzen da, egitate berberak tributu-betebeharrak sortzen dituenean hainbat estatutan, titulu berbera edo antzekoagatik eta zergaldi berean. Bada, lau osagaien batasuna eman be-