136
FINANTZA ETA TRIBUTU ZUZENBIDEA. ZATI OROKORRA
legeak ez du zuzenean ezartzen kuotaren zenbatekoa; haatik, modu abstraktuan arautzen ditu osagaiak, kuota hori lortzeko. Osagai horiek bi dira: oinarria eta karga-tasa. ยง36. ZERGA-OINARRIA TLOren 50.1. artikuluak dioenez, zerga-oinarria da zerga-egitatea neurtzeko edo balioesteko ateratzen den diruzko magnitudea, edo beste izaerako magnitudea. Definizioa nahi izanez gero, esan dezakegu zerga-egitatearen adierazpena dela zerga-oinarria, zenbakietan eginiko adierazpena, hain zuzen. Bestela esanda, legeak definitzen duen magnitudea da zerga-oinarria, eta horren bidez zerga-egitatearen neurketa adierazten da. Dakigunez, zerga-egitatea ekonomi-ahalbidearen agerpena izan ohi da; zerga-oinarriaren eta horren zenbaketaren bidez, neurtu egin daiteke zerga-egitate zehatz batean dagoen benetako ekonomi-ahalbidea. Legeak kasuan kasuko magnitudea ezartzen du, zerga-oinarria definitzeko. Magnitude hori diru-zenbatekoa izan daiteke, edota neurtzeko beste unitate batzuk erabil daitezke. Lehenengoaren adierazgarri, PFEZren kasua dugu; horretan, subjektu pasiboaren errenta edo sarrera garbien zergaldiko batuketa da oinarria. Bigarrenaren adibide gisa, zerga bereziak ditugu, hala nola, Garagardoaren gaineko Zerga. Kasu horretan, oinarria da garagardo bolumena, litroetan adierazita.
Zerga-oinarriaren zehaztapenak zuzeneko lotura izan behar du neurtu nahi den zerga-egitatearekin. Osterantzean, zerga-oinarriaren bidez, zerga-egitatearen definizioa aldarazten ari gara. Hori dela eta, zerga askotan, oinarriaren definizioa alferrekoa da, zerga-egitatetik zuzenean ondorioztatzen delako oinarri hori. Horixe gertatzen da dirutan adierazten diren zerga-oinarriekin: PFEZ, SZ, ODZ, BEZ eta abarrekin; beste kasuetan, ostera, loturaren bat egoten da, baina ez hain zuzenekoa. Zerga berezietan, berbarako, zerga-egitatea da ekoizkin batzuk salmentarako fabrikatzea (normalean kontsumo hori kargatu nahi da, besteak beste, alkohol, garagardo, hidrokarburo edo tabakoarena). Zerga-oinarria, bestalde, bolumen edo magnitude fisikoen bidez adierazi ohi da (ulerbidez, Alkoholaren gaineko Zergaren oinarria da alkohol hutsaren kopurua, 20ยบ graduko tenperaturan).
Askotan, zerga-oinarriaren definizio laburra eman ondoren, legeak horren osagaiak zehazten ditu banan-banan eta zehatz-mehatz. Sozietateen gaineko Zergan (SZ), adibidez, zerga-oinarria definitu ostean (zergaldian lortutako mozkin edo errentak), definizio horretara biltzen diren kontzeptuak zerrenda-