TRIBUTUEN SUBJEKTUAK
117
ondoren, irizpide orokor bi eskaintzen dizkigu: zergapetu daitekeen batasun ekonomikoa eratzea edo, bestela, ondare banandua osatzea. Lehenengo irizpidea, hots, batasun ekonomikoarena, ez da oso egokia, kontzeptu hori ez delako juridikoa. Eragingarriagoa izan daiteke, ostera, ondare bananduaren irizpidea; ondare banandu horrek helburu bakarra duen egitura baterakoia du eta, ondorioz, antolamendu juridikoak borondate kolektiboa eratzeko zenbait bide aintzatetsi dizkio ondare horri.
Ondare bananduak tributuei begira dakartzan ondorioen alorrean, ondorio horiek edozein subjektu pasibori begira sor daitezkeenak dira; horrela, erakundeak berak gauzatzen du zerga-egitatea eta, beraz, erakundeak tributu-prestazioak bete behar ditu. Beste modu batera esateko, harreman juridiko-tributario bakarra dago erakunde eta Administrazioaren artean. Bukatzeko, zeharkako zergetan, TLOren 35.4. artikuluko erakundeak orokorrean subjektu pasibo gisa ezarri direla adieraz dezakegu, baina ondorio hori ezin dakieke aplikatu zuzeneko zergei, horietan kargaren pertsonalizazioa bilatzen baita. PFEZn, adibidez, erakundeak lortutako errentak horren kideei egozten zaizkie, erakundean duten partaidetzaren arabera. Modu horretara, erakundea bazter uzten du tributu-legeak eta horren kideek zuzenean ordaindu behar duten zerga, erakundea egongo ez balitz bezala. Konponbide horrek tributu-zama pertsonalizatu du eta pertsona fisiko bakoitzaren ekonomi-ahalbideari egokitzen dio. Dena den, konponbide hori alda daiteke, tributu-teknikan zein aldian aldiko arrazoietan oinarrituta. Horrela erabakiz gero, garbi dago TLOren 35.4. artikuluaren erakundeak benetako subjektu pasiboak izan daitezkeela, zerga-egitatearen gauzatzaile eta tributu-prestazioen betebeharpeko moduan.
ยง28. HERRI ERAKUNDEAK, TRIBUTUAREN SUBJEKTU PASIBOAK Esan bezala, urteetan barrena, Herri Erakundeak tributuen subjektu pasiboak izan daitezkeen ala ez eztabaidatu izan da, diru-sarrerak egiteko betebeharra ere eurei egotziz. Alor horretan arazo bi nahastu dira: batetik, Herri Erakundeek eurek ezarritako tributuen subjektu pasiboak izan ote daitezkeen; eta, bestetik, Herri Erakunde bat beste Erakunde batek ezarritako tributuaren subjektu pasiboa izan daitekeen. Lehenengoari dagokionez, ez da zentzuzkoa Herri Erakundeak bere tributuak ordaintzea. Tributuaren helburua da ekonomi-ahalbidea erakusten dutenek gastu publikoetan parte hartzea. Dena dela, kontuan izan behar dugu Herri Erakundeak ekonomi-ahalbidea agertzen duela, gastu publiko hori gau-