102
FINANTZA ETA TRIBUTU ZUZENBIDEA. ZATI OROKORRA
Dena den, subjektuari buruzko xehetasunak hurrengo gaian jorratuko ditugu sakonago.
63. Zerga-egitatearen osagai objektiboa Elementu objektiboari dagokionez, SAINZ DE BUJANDAk lau aspektu bereizten ditu: materiala, lekuzkoa, denborazkoa eta kuantitatiboa. A) Aspektu materiala Zerga-egitatearen aspektu materiala da kargatzen den egitate, egintza, negozio edo egoera bera. Horrek kalifikatzen du tributua eta, gehienetan, ekonomi-ahalbidearen agerpena dakar (esaterako, errenta, ondarea edo gastua da). Ildo horretatik, zerga-egitatea orokorra (bere barruan legeak berariaz aipatzen ez dituen kasuak hartzen dituenean) edo berezia izan daiteke (legeak ezarritako kasuak bakarrik hartzen dituenean). Ekonomi-ahalbidearekin lotuta, antolamendu juridikoaren aurkako jokabideek zerga-egitatea era dezakete? Halako jokabideek aberastasuna ekar diezaiekete pertsona batzuei. Zergatik ez da zergapetzen jokabideok erakutsitako ekonomi-ahalbide hori? Tradizioari ekinez, zerga-egitateak beti barneratu behar ditu legezko jokabideak edo egitateak; kontrara, legearen aurkako jokabideak zigortzeko delituak, faltak zein zehapenak daude. Aduanetako zergen esparruan, alabaina, hori ez da hain argia. Kasu horretan, beren beregi utzi dira zerga-egitatetik kanpo moneta faltsuaren trafikoa eta sorgorgarrien eta gai psikotropikoen trafikoa (medikuntza edo zientzia helburuetarako izan ezik). Hortaz, aduanetako zergen zerga-egitatea izan daiteke armen trafikoa, pornografiako materialen trafikoa edo babesturiko animalien larruaren trafikoa, eta halako egitateak gauzatuz gero, tributu-zorra ordaindu beharko litzateke.
B) Lekuzko aspektua Lekuzko aspektuak adierazten digu zerga-egitatea non gauzatu den. Horren ildotik, subjektu pasiboa zein Administrazioren menpe dagoen jakin dezakegu. Nazioarte mailan, legeak esan behar du zerga-egitatea non gauzatu den, horren arabera Espainiako legea noiz aplikatu behar den jakiteko (erabiltzen diren irizpideak: lurraldetasuna eta ohiko egoiliartasuna). Espainia barruan ere, zehaztu behar da autonomia-erkidego bakoitzean zein Administrazio den eskudun.